Kirol festa arratsaldean, Usabal kiroldegian

Ataria 2024ko abenduaren 7a

Tolosala AFKE Garaje Tolosa, Iruki TAKE eta Tolosa CF Eskubaloia taldeek etxean jokatuko dituzte jardunaldi honetako partidak; arerio gogorrak izango dituzte hirurek.

Usabal kiroldegian gutxitan ikusi daitezke maila handiko zenbait kirol partida, arratsalde berean. Bada, gaur, 16:00etatik aurrera, hiru neurketa jokatuko dira bertan. Lehenik, Areto Futboleko Hirugarren Mailako Tolosala AFKE Garaje Tolosa taldeak aurkari zuzen bati egingo dio aurre, 16:00etan hasiko den hamaikagarren jardunaldiko partidan. Portugaleteko Jarrilleros Peñota Dental taldearen aurka jokatuko dute. Tolosarrak seigarren postuan daude sailkapenean, 18 punturekin; bizkaitarrak, berriz, bosgarrenak dira, 19 punturekin.  Etxean sendo dabil talde tolosarra, eta alde handiz irabazten ari da Usabalen jokatutako partidak. Etxetik kanpo, ordea, asko ari zaio kostatzen; Usabaldik urrun jokatutako azken hiru partidak galdu ditu. Jarrillerosek azken zazpi partidatatik bakarra galdu du; hori bai, etxetik kanpo bizkaitarrak ez dira ari emaitza onak lortzen.

Ondoren, Saskibaloiko Hirugarren FEB mailako Iruki Takek Baskonia izango du aurrean, 18:00etan hasiko den bederatzigarren jardunaldiko neurketan. Take hirugarren postuan dago sailkapenean; Baskonia, berriz, hamargarrena da, baina behetik gora datorren taldea da arabarra. Takek etxean jokatutako lau partidatatik bi galdu ditu; biak ere, puntu gutxiren aldearekin, baina gaurkoa irabaztea ezinbestekoa da talde tolosarrarentzat, goiko postuetan mantendu, eta ahal bada, lehen postura gerturatzeko. Baskoniak azken lau partidatatik, etxean jokatutako biak irabazi ditu, eta etxetik kanpo jokatutako biak galdu, baina biak ere, Takeren moduan, puntu gutxiren aldearekin. Hortaz, arerio gogorra izango da.

Azkenik, Lehenengo Nazional Mailako Tolosa CF Eskubaloiak ere beheko postuetan dagoen talde bati egin beharko dio aurre: Donostiako Egia Teila Fabrika. 20:00etan hasiko da ligako hamabigarren jardunaldiko partida. Tolosarrak bolada txarrean helduko dira neurketara; azken lau partidatatik hiru galdu dituzte urdinek. Gainera, ligan gol gehien jaso dituen taldea da, nahiz eta egindakoak ere asko dituen. Sailkapenaren erdialdean daude –bederatzigarren postuan– hamaika punturekin, eta gaur irabaziz gero, goiko postuetara begira jartzeko aukera izango dute. Egia, berriz, hamalaugarren postuan dago, bost punturekin, eta gol gehien jaso dituen bigarren taldea da, tolosarren atzetik. Egindakoetan ere ligako talderik apalenetakoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!