Hasi da elurretako denboraldia Imanol Rojorentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko abenduaren 7a

Imanol Rojo eskiatzaile tolosarra, aurtengo proba batean. Argazkiak: Nordic Photo

Munduko Kopako hiru proba jokatu ditu orain arte eskiatzaile tolosarrak, bi Finlandian eta, hirugarrena, atzo, Norvegian; azken honetan lortu du orain arteko emaitza onena.

Azaroaren 29an izan zuen Rojok 2024-2025 denboraldiko Iraupen Eskiko Munduko Kopako lehen proba, Rukan (Finlandia). 10 kilometroko lasterketa jokatu zuen eskiatzaile tolosarrak eta ez zuen emaitza ona lortu, 72. postuan sailkatu baitzen, 25 minutu eta 58 segundoko denbora eginda, irabazle izan zen Iivo Niskanen finlandiarrarengandik 2 minutu eta 58 segundora.

Pasa den igandean, abenduak 1, izan zen denboraldiko bigarren proba, hau ere Rukan (Finlandia). Masa-irteerako 20 kilometroko proba izan zuen orduan Rojok eta 64. postuan helmugaratu zen, 49 minutu eta 38 segundoko denborarekin, garaile izan zen Amundsen Harald Oestberg norvegiarrarengandik 3 minutu eta 34 segundora.

Atzo jokatu zuen denboraldiko hirugarren proba, Lillehammerren (Norvegia). 10 kilometroko lasterketa izan zen, eta 54. postuan sailkatu zen Rojo, 25 minutu eta 19 segundoko denbora eginda, irabazle izan zen Martin Loewstroem Nyenget norvegiarrarengandik bi minutu eta 20 segundora.

Oraingoz, lortutako emaitzekin ez du Munduko Koparako sailkapen nagusirako punturik eskuratu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!