Beotibarren jokatzekoa zen pilota jaialdia bertan behera, hezetasunagatik

Ataria 2024ko abenduaren 6a

Zorua eta ezker horma oso labainkor zeudela eta, Esku Pilotako Enpresen Ligak hartu du erabakia; astelehenean jokatuko dituzte gaur jokatzekoak ziren partidak, eta sarrera erosita zutenek orduan erabiltzeko aukera izango dute; nahi ez dutenei dirua itzultzeko aukera egongo da.

Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida jokatzekoak ziren gaur, Tolosako Beotibar frontoian, Peña II-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena II bikoteak, baina hezetasunak eragindako arazoak direla eta, bertan behera uztea erabaki dute Esku Pilotako Enpresen Ligako arduradunek. Hiru partida zeuden aurreikusita gaurko jaialdian: lehenengoan, B Serie Txapelketakoan, Bakaikoa-Salaverri II eta Senar-Eskiroz bikoteek neurtu behar zituzten indarrak; hirugarrenean, berriz, Mata eta Erostarbe, Murua eta Aldaberen aurka aritu behar ziren.

Zorua eta ezker horma oso labainkor zeudela eta, Esku Pilotako Enpresen Ligak hartu du erabakia. EPELeko arduradunek zenbait neurri hartu dituzte egun osoan zehar, hezetasuna murriztu eta partidak jokatzea ahalbidetzeko, baina ez dira nahikoa izan. «14:00etan etorri naiz, eta zorua ez zegoen horren gaizki, baina okertzen joan da. Batez ere, aurreko koadroetan oso labainkor dago. Guzti horri, ikusleek eragiten duten berotasuna gehitu behar zaio; hezetasuna handitzea ekarriko luke horrek», azaldu du Jon Apezetxeak Aspeko ordezkariak.

Pilotan aritzeko Beotibarrek gaur zuen egoera «txarra» zela esan du Apezetxeak. Nagusiki, hezetasunak eragindako edozein lesio ekidin ahal izateko hartu dute erabakia. «Hori da lehentasun handiena duena. Kirolariengan pentsatu behar dugu, min hartzeko aukera handia zelako».

Sarrerak itzultzeko aukera

Gaurko iragarritako jaialdia hilaren 9an, astelehena, jokatuko da Beotibarren, 16:30ean hasita. Sarrera erosita zutenek orduan erabiltzeko aukera izango dute. Bertaratu ezin dutenei edo nahi ez dutenei dirua itzultzeko aukera egongo da. Horretarako, sarreraren jabeek sarrerak@entradasfronton.com helbide elektronikora mezua idatzi edo astelehenean bertan Beotibarko leihatilara gerturatu beharko dute. «Hartu beharreko erabakiak dira, nahiz eta ez izan inoren gustukoak», adierazi du Apezetxeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!