Urtarriletik ekainera bitarteko kultur eskaintzaren berri eman du Tolosako Udalak. Askotariko diziplinetako 20 emanaldi biltzen ditu egitarauak, haur, gazte edota helduentzat. Ziklo berria urtarrilaren 10ean hasiko da eta ekainaren 7an amaitu.
Sarreren salmentan bada nobedade esanguratsu bat, epeei dagokionean: Eszena Bonuek lehentasuna izango dute. Hau da, abenduaren 9a bitarte bonua erosi dutenek soilik izango dute ikuskizun horietarako sarrerak eskuratzeko aukera. Hilaren 10ean aktibatuko da sarrerak bakarka erosteko aukera, 12:00etatik aurrera.
Leidor Aretoko sarrerak esteka honetan daude salgai; Topic aretoko ikuskizunetarako sarrerak, berriz, esteka honetan. Bi aretoetako leihatiletan ere eskuratu ahal izango dira, beren ohiko ordutegietan.
Eszena bonuaren erabilera
Zazpi ikuskizunetarako sarrera bana eskuratzeko aukera emango du Eszena Bonuak, 30 euroren truke; horietako bakoitzerako sarrerak banaka hartuta, 65 euro ordaindu beharko lirateke. Hauek dira emanaldiak: Miñan antzezlana, Sol Band talde palestinarraren kontzertua, Amak antzezlana, Haatik Dantza Konpainiaren OTS ikuskizuna, Kamikaz Kolektiboaren Renata, Musikeneko Big Band taldearen kontzertua, eta Osa-Mujikaren Lana ikuskizuna.
Behin bonua eskuratuta, ikuskizun horietako bakoitzarentzako sarrera hartu beharko da, ikuskizun eta pertsonako bana. Ez da, ordea, ordainketa egin beharko. Bonuak berak dakarren kodea sartu beharko da. Hau egitea nahitaezkoa da, sarrerarik gabe bonuak bere horretan ez baitu baliorik. Prozesu hori bonua erosi eta segidan egitea gomendatzen da, eserlekuak aukeratzerako garaian lehentasuna izateko. Leidorreko leihatilan ere hartu ahal izango dira sarrera horiek.
Zinema proiekzioetarako 2025eko bonuak ere salgai daude jada. Hiru aukera daude: 10 saio, 20 saio edo 30 saiotarako sarrerak eskaintzen dituztenak. Kasu honetan, pelikula bakoitzeko bi sarrera hartu ahal izango dira bonuarekin. Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko balioa izango dute. Bide batez, gogorarazten da 2024ko bonuak urtea amaitu baino lehen erabili beharko direla. Hau da, ez dute baliorik izango urtarrilaren 1etik aurrerako saioetarako.
Egitaraua
- Urtarrilak 10, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- 'Almacenados' antzezlana, gaztelaniaz; Txalo Produkzioak. David Desola kataluniarraren obrak lanaren eta kapitalismoaren inguruan hausnartzen du. Jatorrizko lanak 2003an Machado Anaiak Saria jaso zuen. Iker Galartza tolosarrak eta Zuhaitz Gurrutxagak interpretatuko dute. Biltegi batean topo egiten duen talde bateko kideen arteko interakzioak ditu oinarrian: harremanei, gatazka interpertsonalei eta elkarrekin lan egitean sortzen diren emozio konplexuei buruzko azterketa egiten du.
- Urtarrilak 11, larunbata, 12:00 eta 16:00; Leidor antzokia
- 'Goazen' musikala, euskaraz. Goazen gazteentzako euskarazko musika-ikuskizuna da. Ikasle-talde baten historia kontatzen du, egonaldi batean zehar gazteek dituzten erronka eta abenturetatik abiatuta. Musikalak laguntasuna, maitasuna, oztopoak gainditzeko desira eta garapen pertsonala bezalako gaiak jorratzen ditu.
- Urtarrilak 17, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- 'Oscarra Oscarrentzat' antzezlana, euskaraz; Ein produkzioak. Motel batean garatzen den komedia bat da. Oscar Manzano, Oscar sarietarako izendatutako zuzendari gazteak, gau ikaragarri bat bizi du. Elkarren artean ezin ikusia duten bi ministro eta escort misteriotsu batekin batera, zeremoniaren aurretik eta ondoren bizitakoak islatzen ditu obrak. Ametsak eta haiek betetzeko atzean utzi beharrekoen inguruko hausnarketa egiten du. Mario Hernandezek idatzi eta zuzendutako lana da, eta Mikel Laskurain, Jon Plazaola, Oihana Maritorena eta Ane Gabarain dira aktoreak.
- Urtarrilak 18, larunbata, 18:00; Leidor antzokia
- Ataria bertso jaialdia. ATARIA-k urtero antolatzen duen bertsolaritza jaialdia. Sei bertsolarik parte hartuko dute. Aurrerago emango dira ikuskizunaren inguruko xehetasun guztiak.
- Urtarrilak 31, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- Euskadiko Orkestra: 'Eduardo Mocoroa'. Arakil Fundazioak Eduardo Mocoroa musikari tolosarra omenduko du Euskadiko Orkestrarekin batera antolatutako kontzertuan. Euskal ondarearen altxor handienetako bat omentzeko kontzertu berezia izango da, Mocoroa konpositore eta musika maisuaren errepertorioa lehen aldiz moldatuko baitu orkestrak.
- Otsailak 7, ostirala, 19:00; Leidor antzokia
- Antton Telleriaren 'NiNiNi' bakarrizketa, euskaraz. Antton Telleriaren bigarren komedia ikuskizuna da, umorea eta zintzotasuna uztartzen dituen bidaia bat. Egolatriari eginiko oda bat da, Anttonek bere buruaz hitz egingo baitu etengabe, baina baita zintzotasun ariketa bat ere: Ikuskizun honetan Antton biluztu egingo da. Metaforikoki eta metaforikoki soilik, denon hobebeharrez. Bere buruarekin duen harremanaz, bere izenaz, bere bikotekideaz, komikoa izateaz eta bertsolaria ez izateaz hitz egingo du.
- Otsailak 14, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- 'Miñan' antzezlana, euskaraz; Artedrama konpainia. Ibrahima Balderen kronika emotiboa da, Guineako gazteak bere anaia txikiaren bila Europan barrena egiten duen bidaia arriskutsuaren ingurukoa. Bide horretan, basamortuari, poliziari, bahitzaileei eta muturreko miseriari egin beharko die aurre. Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek berak sortutako istorioa da, Artedramak antzerkirako egokitutakoa. Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Fernández de Larrea eta Mikel Kaye dira aktoreak.
- Martxoak 7, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- Sold Band taldearen kontzertua. 2012an Gazan sortutako taldea da. Itxaropen eta erresistentzia mezua zabaltzeko palestinar folk eta pop garaikidea uztartzen ditu. Nazioarteko jaialdietan parte hartu izan dute. 2023ko urrian izan ziren erasoen ondoren, bonbardaketa bete-betean, grabaketekin jarraitu zuten. 2024an Gazatik irten eta, urtarriletik aurrera, nazioarteko bira bat abiatu dute, Palestinako egoera ikusgarri egin eta bertako kultura hedatzeko helburuarekin.
- Martxoak 14, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- 'Ura gara-bidean'; Sagel taldearen musika eta dantza emanaldia. Tradizioa gara ala tradizioak definitzen gaitu? Sagelek bere lehen ikuskizuna aurkezten du. Ura metafora bezala erabiliz, Sakabi, Gelatxo eta Elgeta trikitilariei omenaldi bat da ikuskizuna, euren kantu eta piezak gaurko musika moldeetara ekartzen dituena. Izaro Markotegi abeslaria, Andoitz Antzizar trikitilaria eta Iñaki Letamendia perkusio-jotzaile tolosarra izango dira oholtzan.
- Martxoak 21, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- 'Amak' antzezlana, euskaraz; Ein produkzioak. Amak komedia, ikastola bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren 4 emakumeren arteko istorio desesperagarria da. Egoera larri honek, mugarik gabeko ezusteko terapia batera eramango ditu, bertan amatasunaren alde on eta txarrak ateratzen joango dira. Iraitz Lizarraga, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Intza Alkain izango dira interpreteak.
- Martxoak 28, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- OTS; Haatik Dantza Konpainia. Herri Gogoa Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoaren mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzada gisa sortzen da. Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, 200 diskotik gora argitaratzea lortu zuen. Jone San Martin nazioarteko ospea duen dantzari eta sortzaile donostiarrak sortutako koreografia garaikideek, mugimendu hark herri-kontzientzia bultzatzeko izan zuen garrantzia islatzea du helburu.
- Martxoak 29, larunbata, 11:30 eta 16:00; Leidor antzokia
- 'Ostirala iritsi da!' haur ikuskizuna, euskaraz; Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Katxiporretako pailazoen ikuskizun berria da, Txapasen kaxa magikoa liburu eta diskoan oinarrituta. Txapas eta Imanol Urbietaren abestiekin, obra honek dibertsioa eta magia miresten ditu, familiei barre, jolas eta sorpresaz betetako abenturak bizitzera gonbidatuz.
- Apirilak 4, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- 'Renata' antzezlana, euskaraz; Kamikaz Taldea. Renataren istorioa kontatzen du, behin eta berriz hil eta berpizten den emakumearen kasua. Bizitzaren eta heriotzaren ziklo batean harrapatuta, misio bizigarrri bat bete nahian dabil: sistemaren aurkako borroka bat abiatzen du, nola bizi ahaztu duen gizarte bat esnatu nahian.
- Apirilak 11, ostirala (ordua zehazteke); Topic
- Tolosako Udal Musika Banda. Emanaldi berezia eskaintzen du Udal Musika Bandak data hauen bueltan. Azken urteotan, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin edota eskualdeko zenbait abeslarirekin kolaborazio berezi batzuk egin izan dituzte, baita soinu banda klasikoenen bildumak eskaini ere. Aurtengoaren xehetasunak aurrerago jakinaraziko ditu bandak.
- Apirilak 30, asteazkena, 20:30; Leidor antzokia
- Luis Zaheraren 'Chungo' bakarrizketa saioa, gaztelaniaz. Emanaldi honetan, Luis Zaherak Zahera bera barregarri utziko du. Bere bizitza pertsonal zein profesionaleko pasadizo ugari azaleratzen ditu bakarrizketan zehar, eta guztia umorez eta farandularen mundu zorotik. Zahera aktore ibilbideagatik da ezaguna, besteak beste, Celda 211, As bestas edo El Reino filmetan, edota El hijo de Cain, Vivir sin permiso, Mareas Vivas edo Entrevias telesailetan pertsonaia ilunak interpretatzeko izan duen gaitasun eta arrakastagatik.
- Maiatzak 9, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- Musikene Big Band. Musikene goi mailako musika zentroko ikasleek osatutako musika taldea da, jazz estiloko ikasleek osatutakoa. Ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute.
- Maiatzak 16, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- 'Arizona' antzezlana, euskaraz; Txalo produkzioak. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak interpretatutako obra da. Argudio sinple batekin, AEBk Mexikorekin duen mugara doazen bi gringo, Arizonako estatuan, bere aberria balizko arrotzengandik defendatzeko eta «mugei buruz hausnartzeko», egileak hutsunezko mundu bat asmatzen du, herrialdeen eta gizakien arteko inkomunikaziozkoa, egunero aduana intelektualekin asmatzen dugun absurduaren frisoa.
- Maiatzak 23, ostirala, 20:00; Leidor antzokia
- 'Lana' dantza ikuskizuna; Osa Mujika. Lana ikuskizunak lanean aritzeko kulturaren obsesiboa aztertzen du, zergatik jarraitzen dugun astean 40 ordu baino gehiago lan egiten galdetuz. Gizartea lan-tranpa batean harrapatuta dagola islatzen du, haurtzarotik hasi, eta nekatu arte.
- Maiatzak 30, ostirala, 20:00; Topic
- Don Inorrez musika taldearen 'Aztia' diskoaren aurkezpena. 2025eko urtarrilean plazaratuko den Aztia lan berriaren aurkezpen saioa izango da. Kontzertu dramatizatua izango da lan berria, eta horretarako, Imanol Ubedak eta Karlos Arancegui tolosarrek ahots, gitarra eta perkusioak zutikako formatura eramango dituzte. Oier Guillanek dramatizatuko du antzerki bakarrizketa ahotsez, eta proiektura butoh dantza ekarriko duen aktorea batuko zaie, Ainhoa Alberdi, besteek kantatutakoa gorpuzteko asmoz.
- Ekainak 7, larunbata (ordua zehazteke); Leidor antzokia
- Dantza tailerreko taldeen jaialdia. Udaleko dantza-tailerreko ikasleek ikasturte amaierako ekitaldia egingo dute.