Tolosako EAJk zortzi proposamen aurkeztu ditu udal aurrekonturako

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko abe. 5a, 18:00

Patxi Amantegi, Xarles Iturbe eta Biotxa Agirre, goizean Tolosako Udaletxean egin duten agerraldian.

2025eko aurrekontuen proiektua «aberastu asmoz» egindako proposamenak «egingarriak eta premiazkoak» direla nabarmendu du alderdi jeltzaleak; estimazio ekonomikoa 967.000 euro ingurukoa da.

Tolosako EH Bilduk osatutako udal gobernuak aurkeztutako 2025erako aurrekontu proiektua aztertu ondoren, oposizioan dagoen EAJren udal taldeak zortzi proposamen zehatz aurkeztu ditu, bere ustez, «egingarriak eta premiazkoak» direnak, «jasotako aurrekontuen zirriborroa hobetu eta aberasteko helburuarekin».

Udal talde jeltzaleko kideek proposamen horien berri eman dute goizean. Xarles Iturbe bozeramaileak azaldu duenez, aurrekontuen zirriborroan jaso ez diren hainbat helburu biltzen dituzte egindako proposamenek, hala nola, herriko hainbat eremu hobetzea, hiri-ekonomia bultzatzea, aparkalekuen aukerak hobetzeko neurri zehatzak bultzatzea, gazteen beharretara egokitzea, eta udalak hartutako zenbait konpromiso berrestea.

Zumarditxikia eta aparkalekuak

Hirigintzari lotuta, «premiazko zenbait hobekuntza» egiteke daudela adierazi du Iturbek. Batetik, Santa Klara eta Zumarditxikiaren begirada integrala. «Iaz bezala, Santa Klara osoa, Zumarditxikia barne, hartuko duen azterketa sakon bat egiteko beharra azpimarratzen jarraitzen dugu». Horri lotuta, hainbat eskari egin ditu EAJk: batetik, aparkaleku berri baten aukera aztertzea, batez ere, Alde Zaharrean pentsatuz; bestetik, Santa Klara kalearen irisgarritasun-arazoei irtenbidea ematea, oinezkoen, bizikleten, garraio publikoaren eta autoen arteko bizikidetzari lotuta; horiez gain, autobus-geltokiaren kokapenari buruzko erabakia hartzea; eta azkenik, Zumarditxikia biziberritzeko jarduketa-proiektuaren definizioa. «Ez dugu ikusten gai hori udal gobernuaren agendan dagoenik, eta lehentasunezkoa dela pentsatzen jarraitzen dugu».

Aparkalekuen arazoari irtenbide bat emateko, neurri zehatzak bultzatzea eskatu dio EAJk udal gobernuari. Horretarako, proposamen bat luzatu du: Alondegi eta Lapurdi plazetako lur azpiko aparkalekuetan hutsik daudenak herritarren eskura jartzeko plan zehatz bat diseinatzea. «Gaueko ordutegian, 19:00etatik 10:00etara, arrazoizko prezio batean aparkatzeko aukera emango lukeen lanketa bat egitea eskatzen dugu, Donostian egiten ari diren bezala, adibidez. Tolosarrei aparkatzeko aukera berriak eskaini behar dizkiegu, are gehiago autoak kaleetatik atera nahi baditugu».

Iurre auzoko plazak birgaitzea da hirigintzari lotutako hirugarren proposamena. Lan horiek «lehenbailehen» egiteko aurrekontu-partida zehatz bat sartzea proposatu diote jeltzaleek EH Bilduri. «Inguruko bizilagunek dagoeneko diru asko aurreztu dute birgaitze-lan horretatik legokiokeen zatia ordaintzeko. Esku-hartze hori premiazkoa da, eta beraz, lehentasuna ematea eskatzen diegu».

Azoka bonuak, gazteentzat

Ekonomiari lotuta, tokiko merkataritza laguntzeko, Tolosako enpresa industrialen eta saltoki txikien arteko aliantzak sortzea helburu duen proposamena luzatu du EAJk, 2025eko Gabonetako merkataritza-kanpainarako gauzatzekoa izango litzatekeena. «Enpresek beren langileei eman diezaieketen gabonsaria gure herriko denda txikietan bonuen bitartez kontsumitu ahal izateko aukera lantzea nahi dugu. Elkarlan hori ahalbidetu nahian, 2025ean zehar, ekimen hori Tolosa&Co elkartearekin batera diseinatzea izango litzateke asmoa, baita enpresek egindako ekarpena udalak berak osatu ahal izatea ere».

Hiri-ekonomiari bultzatzeko beste ekarpen bat ere egin dute jeltzaleek, lehen sektorean indarra jarriko lukeena: gazteei zuzendutako Azoka Bonuak kanpaina. «Berritzailea litzateke, 40 urte bitarteko herritarrentzat pentsatua. Belaunaldien arteko erreleboa kontsumitzaileen ikuspuntutik lantzea du helburu. Udalak, pizgarri liratekeen bonuen bidez, gazteek azokan egiten duten erosketa sarituko luke, helburu bikoitzarekin: baserritarren diru-sarrerak handitzea, eta tolosar gazteak asteroko azokara sarriago hurbiltzea sustatuz».

Gazteei zuzendutako bigarren proposamen bat ere egin diote udal gobernuari: Oriaburu eraikineko bigarren solairua birgaitu eta ikasketa-gela iraunkor bat jartzea. Batxilergoko bigarren mailatik aurrerako gazteek ikasteko leku bezala erabiltzeko aukera izatea da helburua, gaur egun udal liburutegian dutena baino egutegi eta ordutegi zabalagoan, urtean 365 egunetan eta 24 orduz. «Eraikinak eskaintzen ditu aukerak. Gaur gaurkoz, beheko solairuan, Tolosa&Coren bulegoak daude, baita erabilera anitzeko gela bat ere; lehen solairua, ekintzailetza-proiektuak bultzatzeko erabiltzen da; eta bigarren solairua, hutsik dago. Uste dugu oso leku egokia izango litzatekeela ikasgela hori hartzeko, gaur egun erabiltzen ez diren udal-instalazioak direlako».

Mendizaletasun museoa

Tolosako Udalak, EMMOA Fundazioarekin batera, Larramendi auzoko Arkaute etxean Euskal Mendizaletasunaren Museoa abian jartzeko aurreko legealdian aho batez hartutako konpromisoari eustea ere eskatu dio EAJk udal gobernuari. «Tolosa euskal mendizaletasunaren gune neuralgiko gisa kokatzeko proiektuak ez du aurrerapauso nabarmenik izan, eta hartutako konpromisoari eutsi behar zaiolakoan, aurrekontuari partida espezifiko bat eranstea proposatzen dugu», esan du Iturbek. Horretarako, bi irtenbide aurkeztu ditu: «arkitektura, ondare edota museo gaietan behar den aholkularitza espezializatua jasotzeko beharrezkoak diren zerbitzu profesionalak kontratatu ahal izatea, eta museoaren bideragarritasun ekonomikoaren proiektua doitzea, beste erakunde publiko batzuetan finantzaketa bilatuz».

Azkenik, behin udal kirol instalazioen kudeaketa-eredua aldatuta, eta azaroko osoko bilkuran egin moduan, horietan premiazko inbertsioak egitea eskatu dio EAJk udal gobernuari. «Datozen urtetako aurrekontuetan, aurtengoetatik hasita, aurreko enpresa esleipendunarekin hitzartu zen inbertsio-plana egikaritzen joatea proposatzen dugu, gaur gaurkoz ezerezean geratu dena. Plan horren barruan, batetik, Usabalen aurreikusten ziren plaka fotovoltaikoak instalatzea proposatzen dugu. Bestetik, aurreko enpresa esleipendunak Berazubiko bi tenis pisten eraberritzea gauzatu gabe eta Beotibar frontoiko alboko sarea ordezkatu gabe utzi dituenez, inbertsio horiek datorren urteko aurrekontuetan jasotzea eskatzen dugu», adierazi du Iturbek.

39 milioi euroko aurrekontua aurreikusi du udal gobernuak; jeltzaleek egindako ekarpenen estimazio ekonomikoa 967.000 euro ingurukoa da. «Aurrekontuaren %2,5 baino gutxiago da», esan du bozeramaileak. «Negoziatzeko prest gaude, baina jaso ditugun hitz politetatik konpromiso zehatzetara pasatzea eskatzen diogu udal gobernuari. Gure babesa nahi badu, neurri batera edo bestera, gure proposamenek leku bat izatea nahi dugu», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!