Ez da hasi denboraldia nahi bezala Tolosa CF Eskubaloiko emakumezkoen lehen taldearentzat. Bost jardunaldi jokatu dituzte eta horietatik partida bat galdu eta beste lauak galdu egin dituzte. «Aurtengo denboraldia nahiko gogorra izaten ari da gehienbat emaitzen aldetik», esan du Nerea Esnaola kapitainak. «Gogoz gaude lehen itzuli honetatik ikasi eta bigarrengoari ekiteko». Taldeari eta entrenamenduei dagokionez «kontentu» daudela dio Esnaolak eta espero dute bigarren itzulian emaitzetan ikustea egiten ari diren lana.
Gipuzkoako lehen mailan ari dira jokatzen eta beraien multzoan sei talde daude. Tolosarrak laugarren postuan daude. Atsedena izan dute asteburuan, eta hurrengo jardunaldian, abenduaren 14koan, atsedena izango dute ere. Beraz, hurrengo partida, bigarren itzuliko lehenengoa, abenduaren 21eko asteburuan izango dute. «Lehenengo partida irabazi genuen, baina gero bagenekien bigarren aurkaria, Txingudi, arerio zaila izango zela eta beraien aurkako partida kostako zitzaigula irabaztea», esan du Esnaolak. «Baina ondorengo bi partidak gol batengatik galdu genituen, eta horiek kolpe txarrak izan ziren guretzat. Esan bezala, bigarren itzulia hasi zain gaude».
Bi multzo daude ligan, eta multzo bakoitzeko lehiaketa bukatzerakoan, ziur aski multzo bakoitzeko lehen postuetan daudenak beraien arteko lehiaketa jokatuko dute, eta beheko postuetan bukatzen dutenek kopa moduko bat jokatuko dute. «Gure helburua multzoko lehen hiru sailkatuen artean geratzea zen, eta emaitzek ez badigute lagundu ere, oraindik ez dugu esperantza galdu. Lehen itzuliak izan duen eraginari buelta emateko gai izango garela espero dugu, eta jarreraren aldetik behintzat ez dugu zalantzarik».
Taldean ez da aldaketa handirik izan. Izan ere, klubean beraien behetik dagoen taldea kadete mailakoa da, eta senior mailara iritsi bitarte ez dute jokalari berririk izaten. Entrenatzaileak Jon Ormazabal eta Iker Galartza dira. «Aurreko denboraldia gurekin amaitu zuten eta oraingoan jarraitu egiten dute», esan du Esnaolak. «Oso kontentu gaude alde horretatik, beraien artean oso ondo osatzen direlako eta gurekin oso ondo moldatzen direlako. Hori aurten nabarmendu da entrenamenduetan». Bestalde, hiru baja dituzte lesioengatik eta espero dute jokalari bat edo bi berriro jokatzen hastea bigarren itzulian zehar.