Kirol instalazioetan gauzatzeke dauden inbertsioak, udalaren esku

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko abe. 5a, 19:58

Berazubi estadioko tenis pisten lurra berritzea da oraindik gauzatzeke dauden inbertsioetako bat. ATARIA

Orain arteko emakida-kontratuaren likidazio-espedientea abiatzea onartu dute azaroko bilkuran; ez dituzte onartu enpresak likidazioan aurkeztutako azken hiru urteotako kontuak.

Tolosako udalbatzak udal kirol instalazioen kudeaketarako orain arteko emakida-kontratuaren likidazio-espedientea abiatzea onartu du azaroko osoko bilkuran. Dokumentazioa aztertzean, udalak ikusi du BPXport enpresak ez dituela bete suntsiarazpen-akordioan sinatutako betebeharrak, ezta pleguetan jasotako beste zenbait betebehar ere. Ondorioz, ezin da emakida-kontratuaren likidazioa amaitutzat eman eta, horregatik, likidazio-espedientea martxan jartzea onartu du udalbatzak. Eragindako kalte-galerengatik dagozkion kalte-ordainak ere zehaztuko dira.

Likidazioa egiteko bi akta jaso dituzte: lehena, irailaren 30ean eta, bigarrena, azaroaren 4an. Irailekoan, enpresak egin beharreko zenbait inbertsio egiteke zeudela ondorioztatu zen, baita zenbait dokumentu aurkeztu gabe zituela ere. Hilabeteko epe gehigarria eman zitzaion enpresari inbertsioetako batzuk egiteko aukera zegoela ikusita, eta lan batzuk egiten hasia zegoelako. Azaroaren hasieran, ordea, bigarren akta jasotzean, ondorioztatu dute inbertsio horiek ez direla gauzatu, eta dokumentazioa falta dela oraindik.

Bestetik, udalbatzak ez ditu onartu 2022, 2023 eta 2024. urteetako kontuak, pleguek, aurrez egindako azterketa ekonomikoak eta enpresa beraren eskaintzak jasotakoa betetzen ez dutela argudiatuta. «Ez dira Tolosako ustiapen-kontura mugatzen, enpresa osora baizik. Gainera, gastuetan berriro ere justifikatu gabeko igoerak egon dira, enpresak aurrez igorritako dokumentazioarekin alderatuta», esan du Kristina Pelaez gizarte zerbitzuetako zinegotziak.

Hori dela eta, beharrezko datuak ezagutu eta kontratua likidatzeko kanpo ikuskaritza bat egitea eskatu du udalak. 2022ko irailaren 1a eta 2024ko abuztuaren 31 bitarteko kontuak ikuskatuko dituzte, eta emakidadunaren kontura egin beharko dute. «Hark ordainduko ez balu, emakidadunak jarritako bermearen kontura egin beharko da», esan dute udaletik.

Adostutako akordioa

Ondorioz, udalak bere gain hartuko du gauzatzeke dauden inbertsioak egiteko erantzukizuna, emakidadunak jarritako bermearen kontura, besteak beste, Beotibar pilotalekuko sare motorizatua eta Berazubi estadioko tenis pisten lurra berritzea. Xarles Iturbe EAJko zinegotziak gogora ekarri du azken hori gauzatu gabe dagoela: «Hiru hilabete pasa dira kirol instalazioen kudeaketarako zerbitzu-kontratuaren etete lagunkoia onartu zenutenetik, eta tolosarrei agindu zenizkieten inbertsio garrantzitsu batzuk ez daude gauzatuta, esaterako, Berazubiko bi tenis pisten zoruak berritzea. Dirudienez, udalak oraindik ez ditu hitzartutako eta ontzat emandako inbertsioen ziurtagiriak jaso».

Andu Martinez de Rituerto alkateak erantzun dio Iturberi: «Ez zen akordio lagunkoia izan, adostasunez hartutakoa baizik. Akordio horretan, alde bakoitzak bere betebehar eta konpromisoak zituen. Guk ezin dugu BPXport enpresa hartutako konpromisoak betetzera behartu. Konpromisoak betearazteko eginbide administratiboak daude, eta horretan ari gara. Gurea bete dugu; beste parteak ez badu betetzen, ardura ez da gurea».

Halaber, hamar urtetarako inbertsio-plan batean faktore asko aldatzen direla nabarmendu du alkateak. «Hamar urte lehenago, estimazio bat besterik ezin da egin. Inbertsioetako agiriak falta zaizkigu, baina teknikariek frogatu zuten kontzeptuak eginda zeudela».

Gehiengo osoz hartu dute erabakia, udal gobernuaren aldeko botoekin; oposizioak abstentziora jo du. Iturbek aurreratu du gaiari «jarraipen estua» emango diotela: «Ez dugu etsiko hitzartutako inbertsio guztiak gauzatuta ikusi arte, ezta BPXport enpresari kontratuz zegozkion inbertsio kopuruak justifikatuta eta zurituta ikusi arte ere».

Hotel bat

Gainerako gaiei dagokionez, hirigintza alorrean, udalbatzak behin betikoz onartu du 4. Guadalupe-Donostia etorbidea esparruko 4.2 Autobiako irla azpi-esparruko Xehetasun-Azterlan proiektua. Lur eremu horretan hotel eta merkataritza erabilerarako eraikin bat egitea jasotzen du HAPOak, sotoa bat eta erdi eta bi solairu izango dituena. Ondorengo urratsa birpartzelazio-proiektua aldatzea izango da.

Bestetik, ondasuna adostasunez eskuratzeko prezioa ere onartu dute osoko bilkuran. Gipuzkoako ur kontsortzioak proiektu bat gauzatu zuen Aldaba auzoan, hoditeria eta saneamendua aldatzeko, eta iazko urtarrilean, presazkotzat aitortzea eta martxan jartzea onartu zuen udalbatzak. Uztailean, eragindako jabekideekin aktak sinatu zituen udalak, prezioak erabakitzeko. Bestalde, Matia Goxara enpresari esleitu diote etxez etxeko laguntza zerbitzurako zerbitzu-kontratua. Hiru urteko iraupena izango du, eta udalak ia 5,3 milioi euro ordainduko ditu.

Amaitzeko, Tolosako Udalak parte hartzen duen organo kolegiatuetan EAJ taldearen ordezkaritza aldatu da, Xabier Balerdi Tolosak kargua utzi eta gero. Patxi Amantegi Zubiriak hartuko du bere lekua Tolosa Gasaren eta Tolargiren organoetan, Xarles Iturbe Pasaban izango da UEMAn ordezkari, eta Euskararen Aholku Batzordean Biotza Agirre Ugaldek parte hartuko du.

Prozesu parte-hartzaileak

Behin bilkurako gaiak jorratuta, galderen txandan, Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak, Zabalarreta parkea biziberritzeko hausnarketa saio irekia gogora ekarriz, prozesu parte-hartzaileetan «arazo bat» nabaritzen duela esan du. «Tolosako eremu guztietan irizpide bera aplikatzen ez denean, marketin politiko interesatuan erortzeko arriskua dago. Zergatik ez da prozesu parte-hartzailerik egin San Frantzisko pasealekuko 39. zenbakiko eraikin berrien inguruan?».

Ander Figuerido hirigintza zinegotziari «deigarria» iruditu zaio Villanuevaren eskakizuna. «Aurreko legealdian, xehetasun-azterlanak eta proiektuak egin zenituztenean, egin al zenuten bilerarik bizilagunekin? Ez. Bada, guk bai», erantzun dio zinegotzi sozialistari. Iturbek «adanismo puntu bat» egotzi dio Figueridori: «Badirudi prozesu parte-hartzailea zuek asmatu duzuela. Beti defendatzen dituzu udal teknikariak, gu haien kontra egongo bagina bezala. Inolaz ere ez, baina eskertuko nizuke indar berdina jarriko bazenu Ura agentziako edo Visesako teknikarien defentsan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!