Bide onetik doa denboraldia Iruki TAKE taldearentzat

Imanol Garcia Landa 2024ko abenduaren 4a

Gizonezkoen saskibaloi talde nagusia 3. FEB mailan lehiatzen ari da eta lehen zortzi jardunaldiak jokatu ondoren, hirugarren postuan dago sailkapenean.

TAKE saskibaloi klubeko gizonezkoen taldea bide onetik doa denboraldian. Aurrekoan EBA ligan jaitsiera postuetan amaitu zuten, baina maila horretako talde batek uko egin ondoren, maila mantentzea lortu dute, orain 3. FEB izena duena, eta egun sailkapeneko hirugarren postuan daude, lehen zortzi jardunaldietan bost partida irabazi eta hiru galdu ondoren.

«Iaz baino dezente hobeto gabiltza», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak. «Orain dela bi urte txapeldun geratu ginenean, eta igoera lortu genuenean, oso talde sendoa ginen. Iaz hiru jokalari Erasmus programarekin kanpora joan ziren ikastera, eta taldea ahulagoa zen. Iaz asko sufritu genuen eta denboraldi honetan hiru jokalari horiek zorionez bueltatu egin dira, eta berreskuratu dugu orain bi denboraldiko talde txapeldun hura». Denboraldiaurrean taldea oso lan ona egiten ari zela ikusi zuten, eta behintzat «iazko miseriak» ez pasatzeko gai izango zirela ikusi zuten prestatzaileek. «Oso ondo hasi ginen, lehen hiru partidak irabaziz lehen postuan egon baikinen, eta hori historikoki mugarri bat izan da TAKEren talde nagusiarentzat, maila honetan ez delako behin ere sailkapen buru izan».

Azken bi asteetan gehiago sufritzen ari direla gaineratu du Artetxek, tartean lesionatu batzuk daudelako. «Beste taldeak hobetzen ari dira eta nola hala pasa behar dugu bolada txar hau, ea jokalariak osatzen diren eta denboraldi hasierako maila altu hori ematen dugun».

Taldera bueltatu diren hiru jokalariak Euken Huici, Manex Sorarrain eta Iñigo Moreno izan dira. «Hiru jokalari horien ekarpena handia izaten ari da», esan du Artetxek. Horrez gain, Jon Urtxulutegi pibot donostiarra iritsi da taldea indartzeko. «Oso talde sendoa eta luzea dugu, eta iazko jokalariek urtebeteko eskarmentua dute kategorian. Oso maila gogorra da eta emaitzak ikusten baditugu, liga oso berdindua doa, eta edozeinek edozeini irabazteko gai da». Aurreko denboralditik baja nabarmenena Lander Lasarena izan da, denboraldi bukaeran saskibaloi jokalari bezala bere ibilbidea amaitu ostean.

Egun Iruki TAKE izenarekin lehiatzen ari da taldea, orain gutxi Iruki enpresa bihurtu baita taldearen babesle nagusia. «Hiru urterako kolaborazioa sinatu dugu eta oso eskertuta gaude. Inguruko enpresek gure proiektuan sinestea eta babestea ezinbestekoa da guretzat», esan du Artetxek.

HELBURUA GARBI DUTE

Aurtengoan ere ligan hamalau talde daude, eta azken lauek maila galduko dute. «Gure helburua oso garbia da: maila mantentzea», esan du Artetxek. Saskibaloiko laugarren mailan daude, eta TAKE bezalako klub batentzat maila horretan egoteak «meritu handia» duela gaineratu du: «Eskualdean ez dakit jendea konturatzen den maila honetan lehiatzearen garrantziaz. Aurreko asteburuan Santanderren lehiatu ginen, hiriburu batean, eta orain hiru bat aste Valladoliden egon ginen jokatzen, hiriburu batean. Eta haiek gure kontra jokatzera etortzen direnean, herri batera etortzen dira». Artetxek nabarmendu du «bertako jokalariekin» ari direla hau lortzen, eta «harro egoteko modukoa» dela. Klubarentzat gizonezkoetan maila hori da gaina. «Hurrengo maila guztiz profesionala da, eta maila honetan ere talde batzuek profesionalak dituzte», zehaztu du Artetxek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!