ELKARRIZKETA

«Mirua zer izango den erakusten ari gara»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko abe. 9a, 07:58

Maitane Iruiñ, Malentxo Zeberio eta Mattin Zeberio. J.A.D.

Tolosako Mirua musika taldeak Mugaz gaindi ereserki berria argitaratu du, bigarren diskoaren prestaketa betean murgilduta dagoela. Bideoklipak uste zutena baino zeresan handiagoa piztu du. Taldeaz mintzo dira Maitane Iruiñ, Malentxo Zeberio eta Mattin Zeberio.

Hilabete baino gehiago da Mirua taldeak Mugaz gaindi bere azken hit-a argitaratu zuela. Etapa berri baten abiapuntua da, non kide bakoitzaren nortasun artistikoa inoiz baino nabarmenagoa den. Arrakasta handia izaten ari da plataforma ezberdinetan, eta dagoeneko, aurrerago kaleratuko duten diskoa prestatzen ari dira. Mugetatik haratago begiratzea eta ikus ezin dugun hori begiestea posible dela sinetsiz, Mattin eta Malentxo Zeberio eta Maitane Iruiñ hirukote tolosarrak hazten ikusi dituen sustrai eta folkloreraino bidaiatzen dute, baina atzera atsekaberik gabe begiratuz, hori guztia orainaldira egokitzeko asmoarekin.

Asimilatu al duzue zuen azken argitalpenak izan duen oihartzuna?

Mattin: Disko berria osatzeko falta diren gauzetan zentratuta gaude. Asko falta da edozer ondo atera dela onartzeko.

Baina jaso duzue jarraitzaileen iritzirik?

Malentxo: Harrera ona izan du, batez ere Tolosan, bideoak elementu oso tolosarrak dituelako. Baina hemendik kanpo ere, erraldoien zale askok idatzi digute.

Mattin: Erraldoien bueltako komunitatearen mezu festa ikaragarria izan da. Guk ez genuen horren berririk, eta zuretzako nitxoa den zerbait egiten duzunean, batzuetan, harrien azpitik ateratzen dira horrelako komunitateak, eta bideokliparekin horrelako zerbait pasa da. «ErraldoiakMania taldeari esker, 200 aldiz ikusi dut bideoa», idatzi zuen ikusle batek.

Maitane: Txundituta gaude. Badirudi komunitateari ikusgarritasun handiagoa eman diogula. Bat-batean, Euskal Herriko erraldoien konpartsak gure jarraitzaile bilakatu dira.

 

Maitane Iruiñ: «Bat-batean, Euskal Herriko erraldoien konpartsak gure jarraitzaile bilakatu dira»

 

Malentxo: Oso polita izan da hori, espero ez genuen publikoarengana ere iristea, alegia.

Zuek nolatan sartu zenituzten erraldoiak eta bordon dantzaria abestiaren bideoklipean?

Mattin: Urte eta erdi daramagu proiektu honekin lanean, eta ideia musikalaz aparte, iruditeriaren inguruko ideiak biltzen aritzen naiz, kasik ideia gehiago ditut bideoklipak egiteko kantuak egiteko baino. Kantu hau egitea erabaki genuenean, bi elementu horiek buruan nituen, bisualki oso indartsuak zirelako. Arantzazura joatea ere gure pentsamenduetan zegoen. Azkenean, ideia guztiak birformulatu genituen, eta erraldoiak eta bordon dantzaria uztartzea erabaki genuen. Posible zela ikusi genuen, eta aldi berean, zentzua zuen. Indar handia zuen guretzat; gainera, bonboak erabiltzea ere oso argi genuen. Bideo txundigarri bat egin nahi genuen, ohikoa den horretatik kanpo egongo litzatekeena, eta gogoangarria. Azkenean, ederki funtzionatu zuen.

Urriaren 24an aurkeztu zenuten. Hilabetean, 7.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu bideoklipak Youtuben, eta Spotify-n, 13.000 entzunalditik gora ditu kantuak. Ez dira zifra makalak, ezta?

Hirurak: Gero eta gutxiago begiratzen diegu zifrei. Lehen obsesiboagoak ginen. 

Maitane: Hasieran, Mirua proiektu oso txikia zenean... beno, oraindik ere txikia da. Esan nahi nuena da lehen gehiago begiratzen geniela zifrei. Gutako bakoitzak asko eman dio taldeari aurrerago etorri daitekeenerako eta, hortaz, konfiantza osoa daukagu hazten jarraituko duela. Orain, gehiago erreparatzen diegu sare sozialei, eta bertan jarraitzaileek esaten dutenari.

Malentxo: Batez ere, Instagramen.

Maitane: Bereziki, Mugaz gaindi kantua kaleratu genuenean, egunero geunden adi izan zezakeen erantzunari, nahigabe bazen ere. Ni, behintzat, egun batzuetan, burbuila baten barruan bezala sentitu nintzen, eta hori, beldurgarria izatera heldu daiteke.

Mattin: Gaixotzera heldu zaitezke.

Malentxo: Toxikoa izan daiteke.

Maitane: Niri etxekoek ere esaten zidaten beste unibertso batean nengoela, eta egia zen. Hori bai, egun batzuk pasa ondoren jabetu nintzen horretaz.

Malentxo: Ezinbestekoa da zenbait momentutan egoera horretatik aldentzen eta deskonektatzen ikastea.

 

Mattin Zeberio: «Apustu sendo bat egitera goaz, eta ez dakigu zentzua izango duen ala ez»

 

Mattin: Aitortu beharra daukat bigarren diskoko kantuek funtzionatuko ote zuten beldurra ere bagenuela. Lehen diskoa zerbait berria izan zen guretzat nahiz entzuleentzat, ez zegoelako musika elektronikoa euskaraz entzuteko ohitura. Orain apustu sendo bat egitera goaz, eta ez dakigu zentzua izango duen ala ez. Ondo ala gaizki atera, badakigu zer den egin nahi duguna. Alde horretatik, ez dugu konpromisorik, eta oso lasai gaude. 

Talde txikia bazarete ere, dagoeneko mugaz gaindi sentitzen zarete edo oraindik etxeko goxotasunean?

Maitane: Zalantzarik gabe, mugaz gaindi!

Malentxo: Egunero ari gara zuek entzun ez dituzuen abesti berriak entzuten eta prestatzen. Hori bai, giro goxo hori ez dugu galtzen; etxekoak izaten jarraitzen dugu, baina emozionalki eta mentalki, hurrengo fasean gaude.

Nostalgiari bizkarra ematea omen da kantuaren helburua, eta itxaropen oihu bat da, gainera. Zuei zer sentiarazten dizue?

Maitane: Maite ditugun gauzak azpimarratu ditugu, bai kantuan, baita iruditerian ere. Txikitatik hezi gara erraldoiekin, bordon dantzarekin, baita abestiak duen kutsu folklorikoarekin ere. Gure lagunekin grabatu genuen, ereserki modura, sentsazio hori izatea nahi genuelako. Indarra izan zezan nahi genuen. Guretzat maitasun osoz eta asko miresten ditugun elementuak elkartu ditugu. Gaur egungo gure testuinguruan zerbait berria eraiki nahi izatea izan da helburua. Ondorioz, maite dugunaren eta egin nahiko genukeenaren arteko saiakera bat da.

Malentxo: Gurea den musika egin nahi dugu, elementu folklorikoak gehituz, baina aurrera begira. Entzuten dugun musikarekin bat egin dezala. Ez da beharrezkoa bat sakrifikatzea, beste bat egiteko.

Abestiaren bideoklipa oso bizia da. Nolakoa izan zen grabaketa?

Mattin: Intentsitate handiko lana izan zen. Igande arratsalde batean grabatu genuen. Astelehen goizaldeko 01:30ean iritsi nintzen etxera, eta bi orduz egon nintzen bideoak ikusten. Asteazkenerako editatu nuen bideoa, ostegunean argitaratu nahi genuelako.

Maitane: Mattinen etxera joaten nintzen aldiro, pijaman zegoen. [Barreak]

Mattin: Bi egun egon nintzen etxetik atera gabe.

Malentxo: Azken momentuko edizioa izan zen.

Mattin: Denbora asko generaman bideoklipa antolatzen, baina soilik egun horretan genuen grabatzeko aukera. Bi egunetan editatu ahal izan nuen, eta zorionez, plano guztiak aurreikusi bezala grabatu genituen. Bestela, ezinezkoa litzateke. Zoragarria izan zen buruan nituen ideia guztiak bizitza errealean ikustea, etxean pentsatu bezala grabatzea alegia. Bideoa planifikatu bezala atera zen; emaitza pentsatzen nuena baino hobea dela esango nuke. Hori zoragarria da, ez baita beti gertatzen.

Mattin Zeberio: «Bideoa planifikatu bezala atera zen; emaitza pentsatzen nuena baino hobea dela esango nuke»

 

Eskerrak eman behar dizkiegu Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideei. Zoragarri portatu ziren gurekin. Denerako prest zeuden, eta gogo berezia zuten gurekin bideoa grabatzeko. Horrek gu ere are gehiago motibatu gintuen. Hasiera batean, erraldoi bakarra, Bordondantzari, nahi genuen azaltzea bideoan, etengabe bueltaka. Niri, behintzat, lotsa ematen zidan konpartsako kideei beste erraldoiak ere dantzan jartzea eskatzea, jende askoren inplikazioa eskatzen zuelako eta lan handia suposatzen zuelako. Hala ere, bertan zeudenez, ideia proposatu nien. Bada, ez zuten zalantzarik izan. Nahi zutela baino, interesatzen zitzaiela esan zidaten.

Malentxo: Inplikazio handia erakutsi zuten.

Mattin: «Gero eta erraldoi gehiago, orduan eta hobeto», esan ziguten. Orduan, guztiak ateratzeko esan genien. Berez, bideo osoan dekoratu modura ateratzea zen ideia, baina azken zatian ikusi daiteke gure inguruan aritu zirela dantzan.

Maitane: Erraldoiekin dantza egitea oso nekagarria da, eta gu kontziente ginen bonboa jotzen agertzen garen plano horiek ahal bezain azkarren eta ondoen egin behar genituela, ezin genituelako luzaroan dantzan aritzera behartu. Erraldoi guztiak guretzat genituen.

Mattin: Ñabardura bat aipatzearren, bideoan ez da asko nabari, baina argiztapen berezia genuen. Foku handi bat jarri genuen. Nola? Zelai enpresako garabi batekin!

Maitane: [Barreak] Astebete lehenago, enpresa horretara joan nintzen, garabi baten bila. Kontua da nik ez nuela bideoa Mattinek bezala buruan irudikatzen. Erraldoiekin grabatu behar genuela esaten nien, eta bertako langileek harrituta begiratzen zidaten. Ilusio guztiarekin kontatzen nien, gure bizitzako bideoklipa egitera gindoazela esanez. Hiru bat aldiz joan nintzen Anoetako lantegira eta azkenean, akordio batera iritsi ginen, eta orain esan dezakegu, Zelaik babesten duela bideoklipa.

Mattin eta Malentxo: Gure lehen babeslea izan da.

Abestiarentzat aukeratu duzuen irudia oso esanguratsua da tolosarrontzat: 2009ko Inauterietako kartelaren moldaketa delako. Hondo gorri baten gainean, txantxoz jantzitako zezen bat ageri da, bonbo bat jotzen.

Malentxo: Tomas Hernandez Mendizabal margolari tolosarrak egindako kartelaren moldaketa da. Hernandez artista esanguratsua izan zen, urte luzetan egin izan zituelako inauterietako kartelak, baita Donostiako Zinemaldikoak edota Jazzaldikoak ere. Ikaragarri gustatzen zitzaigun bere kartel hori, oso ondo irudikatzen zuelako abestia bera, baita abestiaren iruditegia. Oso tolosarra da.

 

Malentxo Zeberio: «Ikaragarri gustatzen zitzaigun Hernandezen inauterietako kartela, oso ondo irudikatzen zuelako abestia»

 

Mattin: Hernandezek berak egiten zuenak zerikusi handia dauka gu egiten ari garenarekin. Bi hizkuntza erabiltzen zituen. Batetik, euskal grafia eta estetika landu izan zituen. Bestetik, harreman handia zuen jazz musikaren munduarekin. Dagoeneko klasiko bilakatu diren baina bere garaian modernoak ziren korronteak elkartzen zituen kartelak egiteko. Ikusgarriak dira denak, baina konkretuki, guk aukeratutakoa oso ikonikoa da. Hainbat hilabeteetan eduki genuen erreferentzia bezala, eta ezer hoberik ez zegoela pentsatu genuen. Bere semearekin hitz egin ondoren, eta bere oniritzia jaso genuen.

Maitane Iruiñ: «Batzuetan, mantso goazenaren sentsazioa daukagu, baina lanean tentuz ari garelako da. Hori izan da beti Miruaren ezaugarrietako bat»

 

2022an kaleratu zenuten zuen lehen diskoa, eta orain arteko bakarra: 'Mirua'. Bigarrena lantzen ari zarete orain, ezta?

Maitane: Naturala bezain polita izaten ari da orain arteko ibilbidea. Batzuetan, mantso goazenaren sentsazioa daukagu, baina lanean tentuz ari garelako da. Hori izan da beti Miruaren ezaugarrietako bat. Orain, lantzen ari garen bigarren diskoa lehena baino zehatzagoa edo konkretuagoa da, kontzeptu landuago batekin. Urrian amaitu genuen lehen diskoaren kontzertu errenkada, eta orain, barrura begirako fasean gaude, baina pixkanaka amaitzen ari da, eta laster hasiko gara kanpora begira lanean. Single gehiago kaleratuko ditugu datozen hilabeteetan, eta ondoren etorriko da diskoa, etorri behar duenean.

Jarri al duzue datarik edo eperik disko berria argitaratzeko?

Mattin: Udaberrian kaleratzea da gure asmoa.

Iaz, bi single argitaratu zenituzten, 'Goizean oskorri' eta 'Goiz hiltzen dira ametsak'. Aurten, berriz, beste bi, 'Loratzea' eta 'Mugaz gaindi'. Zer da argitalpen hauekin lortu nahi duzuena?

Malentxo: Orain arte egin izan dugun musikarekin alderatuta, bigarren diskoa oso desberdina izango da. Horregatik ari gara pixkanaka lan horretan entzun ahal izango diren kantuak argitaratzen; Mirua zer izango den erakusten ari gara. Argitaratuko dugun hurrengo abestia ere erabat bestelakoa da. Hori bai, gero diskoan guztiek koherentzia bat izango dute. Ate txikiak irekitzen goaz, diskoa izango dena munduari pixkanaka erakusten.

Nolako diskoa izango da?

Mattin: Gustuko ditugun eta gertutik jaso ditugun elementuez osatutako bilduma bat izango da. Euskal Herrian badago tendentzia bat ereserki estiloko kantuak egiteko, errepika indartsu batekin, eta gure artean ere aipatzen genuen gure erreferentziengandik jaso duguna kontzienteki erabili genezakeela. Kanta batetik bestera joatea mundu berri baterako ate desberdin bat irekitzea bezala izango da. Abestiren bat egongo da oso tradizionala dena, orain arteko Miruarekin zerikusirik ez duena. Horrez gain, kolaborazio bereziak egongo dira; musikari eta lagun bereziek parte hartu dute gurekin diskoan.

Disko berria sustraietara bidaia bat izango omen da, nostalgiarik gabe gogoratzera gonbidapena.

Mattin: Entzuten ditudan zenbait kantuetan, artista horiek folka beraiena ez den elementu gisa hartzen dute. Techno estiloko kantu batean txalaparta sartzea, askotan Miarritzen ikurrina bat jartzea bezala da. Emaitza ona izan dezake kantu horrek, baina nire ustez hori baino gehiago eman dezake. Guk orainaldian hitz egin nahi dugu soinu hauetaz. Askotan, horrelako ariketak ikusten ditudanean, iruditzen zait lagundu baino hil egiten ditugula kantuak.

 

Malentxo Zeberio: «Zerbait ez bada berritzen, hil egiten da. Tradizioa etengabe ari da eboluzionatzen»

 

Malentxo: Zerbait ez bada berritzen, hil egiten da. Tradizioa etengabe eboluzionatzen ari den zerbait da, guk txikitatik jan eta entzun dugun zerbait. Bere garaian Mikel Laboak zenbait planteamendu egingo ez balitu, euskal kantugintza ez litzateke existituko. Batzuetan beldurra ematen digu oso solemneak diren zenbait kantu hartzea, baina asko bizi dugunez, eta gurea den heinean, horiekin aurrera egin dezakegu.

Mattin: Hala ere, esan beharra dago gure helburua ez dela disko berriarekin manifestu bat egitea. Guri gehien gustatzen zaiguna egin nahi dugu, besterik ez. Nire ustez folklorikoagoa da Verde Prato Zetak baino, eta ez du inoiz txalapartarik sartuko bere kantuetan. Kantuak idazteko modu propioa du; euskal sen izugarri sakona.

Euskal musika tradizionaletik oso gertu hazitako taldea da zuena, eta gutxik bezala dakizue erreferentzia horiek gaur egunera ekartzen eta garaikide bihurtzen. Nola egiten da hori?

Mattin: Onena kopiatzea da. Kopiatzen duzunean, normalean ez duzu emaitza berdina lortzen, eta nahigabe, gaizki kopiatuko duzu. Orduan, zerbait berria sortuko duzu. Kopiatzen saiatu ondoren, desberdin egin duzun horretaz, gustuko duzunaz eta mantendu nahi duzunaz jabetuz gero, kode batzuk ulertzera heltzen zara. Gu ere horrela hasi ginen duela bi urte, eta orain erritmoa hartu dugu; dagoeneko ulertzen dugu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. 

Kopiatzeaz ari zarenean, literalki esan nahi duzu?

Mattin: Kopiatzea artearen historiako arau finko bakarra da. Aurrekoek utzitakotik kopiatzen duzu, eta nahigabe edota nahita, zerbait berria sortzen duzu. Guk ere kopiatzen dugu, jakinda hainbat elementu ez dakizkigula berdin kopiatzen. Zer egiten dugu? Gure formulekin ordezkatzen ditugu.

Nola dator urte berria eta ze erronka dituzue epe motzera eta luzera begira?

Maitane: Lehenik, barrura begirako faseari amaiera eman nahi diogu. Urte eta erdi da disko berria prestatzen hasi ginela, eta sorkuntza prozesuari zuku handiagoa atera nahi diogu; ditugun ideia guztiak gorpuzten saiatu nahi dugu. Disko borobil bat egin nahi dugu, kantuek biziraunez, eta soberakinik geratu gabe.

Behin diskoa aurkeztutakoan, gure zuzeneko emanaldiaren itxurari beste buelta bat eman nahi diogu. Ikusi beharko da zer eraman dezakegun agertokira; zer den amets bat eta errealitatean zer gauzatu dezakegun.

Mattin: Une honetan, ametsen munduan bizi gara, sakontasun betean.

Maitane: Artea bere osotasunean ulertzen saiatu izan gara, ez bakarrik musikarekin. Beti eman izan diogu garrantzia argiztapenari edo estetikari, baina lantaldea handitu nahiko genuke eta, horretarako, zabalik ditugu ateak.

Badituzue zuzeneko emanaldiak zehaztuta edo?

Mattin: Baditugu, baina oraindik ezin dira aurreratu.

Malentxo: Beno, hau bai. Martxoan, Chill Mafiak BEC-en egingo duen azken kontzertuan parte hartuko dugu. Ez da disko berria aurkezteko kontzertua izango, baina sekulakoa izango da.

Maitane: Ilusio handia dugu, bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!