Orain arteko emaitza onena taldekakoan

Imanol Garcia Landa 2024ko abenduaren 4a

Euskal Herria Kopan parte hartu zuten Tolosaldea IKTko igerilariak. TOLOSALDEA IKT

Tolosaldea IKTk bere emaitzarik onena lortu du Euskal Herriko Kopan, emakumezkoen zein gizonezkoen taldeak bigarren postuan sailkatuta.

«Oso gustura gaude lortutakoarekin», esan du Beñat Bidaola entrenatzaileak, «orain arteko emaitza bateratu onenak izan direlako txapelketa honetan. Aurretik, adibidez, mutilek lortu izan dute lehenengo postuan geratzea, baina biak batera hain postu altua lortzea ez da inoiz lortu».

Asteburu osoan zehar jokatu dute txapelketa Usabalen, eta bertan parte hartu dute Euskal Herriko zortzi talde nagusiek. Igeriketa mota eta distantzia bakoitzean talde bakoitzeko bi igerilarik parte hartu behar dute, eta lortutako emaitzen ondoren puntuak biltzen dituzte taldearentzat. Bukaeran puntu horiek batuta osatzen da sailkapena.

Bidaolak azaldu duenez, txapelketaren aurretik podiuma borrokatzeko aukerak zituztela uste zuten. «Gero, txapelketan zehar, maila oso altuan egin dute igeri gure igerilariek, eta bigarren postua eskuratu dute». Emakumezkoetan lehen postuan Irungo Bidasoa sailkatu da eta hirugarren Gasteizko Menditxo taldea. Gizonezkoetan Bidasoa izan da irabazlea, eta hirugarren Judizmendi gasteiztarrak. Emakumezkoetan bigarren postua azken erreleboan lortu zuen Tolosaldeak, Menditxorekin lehian. Mutiletan «nahiko eroso» lortu zuten bigarren postuan.

PROBA UGARI IRABAZITA

Emakumezkoetan bederatzi proba irabazi dituzte, inoiz baino gehiago txapelketa honetan. Nahia Garridok 50 metro bizkar (28,96), 100 metro bizkar (1.00,50), 200 metro bizkar (2.10,41) eta 100 metro tximeletan (1.02,11); Malen Zubeldiak 100 metro estiloak (1.06,40), 200 metro estiloak (2.20,90) eta 400 metro estiloak (4.59,76); Ilargi Sarriak 50 metro bular (33,14), eta Nahia Garrido, Ilargi Sarria, Malen Zubeldia eta Irene Sagarnak 4x100 metro estiloak (4.15,30).

Gizonezkoetan bost proba irabazi zituzten Tolosaldea taldeko igerilariek: Mattin Zubeldiak 100 metro bizkar (55,22) eta 200 metro bizkar (2.00,97) probetan, Unai Zubeldiak 200 metro libre proban (1.49,74), Haigor Arangurenek 1.500 metro libre (16.15,88) proban, eta Unai Zubeldiak, Mattin Zubeldiak, Uhaitz Aranbarrik eta Igor Arrigainek 4x200 metro libreetan (7.32,42).

Markak ere egin dituzte igerilariek: Nahia Garridok 100 metro tximeletan Euskal Herriko 17 urtez azpikoa egin du, eta Ilargi Sarriak 50 metro bularretan 15 urte azpikoa.

Aipatutako igerilariez gain, «taldekako sailkapenean ezinbestekoak diren puntuak» lortu zituzten beste igerilariek, «maila bikainean igeri eginez»: gizonezkoetan, Imanol Eceiza, Ekhi Saizar, Jon Andueza, Josu Atorrasagasti, Iker Altuna, Urko Oreja eta Aimar Pagola; eta emakumezkoak, Izaro Goñi, Enara Urizar, Saioa Urdangarin, Enara Zubillaga, Nerea Maritxalar, Maite Iribarren eta Lide Goikoetxea.

Euskal Herriko Kopan lortutako emaitzak baliagarriak dira Espainiako Koparako. Bigarren mailan dago Tolosaldea IKT, eta ikusgai dago zer aukera duten lehen mailara igotzeko. Txapelketa gehiago jokatu behar dira estatu mailan, eta horren arabera jakingo da zer gertatuko den. Sailkapeneko lehen seiak igoko dira lehen mailara.

Euskal Herria Kopan parte hartu zuten Tolosaldea IKTko igerilariak zein babesa ematera joandako klubeko beste igerilariak. TOLOSALDEA IKT

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!