Tolosan gertatutako etxegabetze bat salatu du Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak

Ataria 2024ko abe. 3a, 19:59

Ertzainen zenbait auto, atzo goizean, Tolosako Plaza Berrian. Irudia: Tolosaldeko Kontseilu Sozialista

Atzo goizean, dozena bat pertsona atera zituzten Tolosako Korreo kaleko etxebizitza batetik. «Nahiago izan dute urteetan hutsik egon den eraikin hori berriro ere hutsik utzi, pertsona horiei bizileku bat bilatzeko bitartekoak eskaini baino», adierazi dute.

Atzo, Tolosako Korreo kaleko etxebizitza bateko bizilagunak etxegabetu zituztela salatu du Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak. «Atzo goizean, beste etxegabetze bat eman zen Tolosako Alde Zaharrean, dozena bat pertsona kale gorrian utziz. Aukerarik ere ez zieten eman beraien gauzak berreskuratzeko, eta instituzioek ez zieten inongo alternatibarik eskaini», adierazi dute.

Sindikatuak salatu du «beste behin ere, gizarte kapitalistaren zentzugabekeria agerian geratu» dela. «Nahiago izan dute bost polizia furgoneta mobilizatu eta urteetan hutsik egon den eraikin hori berriro ere hutsik utzi, pertsona horiei bizileku bat bilatzeko bitartekoak eskaini baino. Ez da kasu isolatua. Hego Euskal Herrian 75.992 etxe huts kontatu dira, eta 5.056 pertsona etxegabetze egoeran. Dirua ez izateagatik etxe baterako sarbidea ukatzen da, eta gainera, etorkinen kasuan, bizileku baimena edo bestelako oztopo burokratikoen ondorioz, errolda kasu, zerbitzu publikoak ukatzen dituzte. Etxebizitzak negozioa izaten jarraitu dezan ezartzen dira traba horiek, eta pobrezia egoera bizi duten pertsonak are egoera okerragoan uzten dituzte haien bizilekuetatik botatzean».

«Etxebizitzaren sarbidea ukatzeak izugarrizko ondorioak» dituela esan du sindikatuak. «Kale egoeran bizitzeak osasun fisiko zein mentalen okertzea eragiten du, bizi proiekturik egin ezin izatea, deshumanizazioa, gizarte bazterketa… eta kasurik muturrekoenetan, heriotza ere eragiten du etxegabetze egoerak. Horregatik, bizi ditugun arazo askoren jatorria pobrezia dela uste dugu, baliabide falta, eta bizitzeko funtsezkoak diren beharrizanen ukapena, esaterako, etxebizitzarena».

Gizarte berri baten aldeko borroka

Egoera horren aurrean, bi bide daudela uste du sindikatuak: «Batetik, negozioa babestea, batzuen aberastasuna areagotzeko besteon pobretzearen kontura. Egungo sistema kapitalistak egiten duena da hau, polizia, etxejabeen, sistema judizial eta alderdi politiko guztien elkarlanarekin. Bestetik, etxebizitza unibertsala eta doakoa izatea posible egingo duen gizarte berri baten alde borrokatzea, gaurdanik, etxegabetzeei aurre eginez, negozioaren aurka antolatuz, jabeen gehiegikeriak salatuz, eta abar».

Lehenengo bideak, «pobrezia areagotu eta betikotu» egiten duela adierazi du sindikatuak, «eta pobreziaren ondorioei ez diela irtenbiderik ematen. Pobreen aurka jo eta zigorrak ezartzen dizkie egoera kudeatzeko, eta honek jarrera erreakzionario, arrazista zein faxistak zabaltzeko arriskua dakar. Halaber, pobreziari amaiera ematea du xede, guztiontzako oinarrizko bizi baldintza berberak bermatuz».

Amaitzeko, langile klaseak etxebizitzarekiko bizi duen egoera «lazgarria» dela salatu du sindikatuak. «Honen kontura jabedunek egiten duten negozioa eta erakundeek proposatzen dituzten neurri faltsuak salatuko ditugu abenduaren 14an Bilbon egingo den manifestazioan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!