2021ean, ehun urtean lehen aldiz, gaztelania baino euskara gehiago entzun zen Tolosako kaleetan, eta azken bi urteetan %50eko langa gainditu du euskararen erabilerak. Europa mailan hizkuntzen inguruan lan egiten duten zenbait erakunderengana heldu zen albistea, besteak beste, Europako Hizkuntza Gutxituen Aldeko Eragileen sareko ELEN lehendakariarengana, Elin Haf Gruffydd Jones galestar euskaldunarengana, alegia.
Jonesek berak, Euskalgintzaren Kontseiluaren bitartez, Tolosako kasuaren berri emateko eskaera egin zion Kike Amonarriz soziolinguista tolosarrari. Hain justu, azaroaren 9an, ELEN-ek Bilbon egindako 2024ko Batzar Orokorrean, hitzaldia egin zuen tolosarrak. Bere ustez, «adibide egoki bat» da Tolosakoa. Ia 40 urtetan, %28tik %53ra igo da euskararen kaleko erabilera Tolosan. «Ez da ohikoa; ia bikoiztu egin baita», esan du. Euskal Herriko neurketak ikusita, igoera ia bi puntukoa izan da —1989ko %10,8tik, 2021eko %12,6ra. «Kontuan izan behar da Tolosa dela kaleko erabilera datuen neurketak egiten dituen herri bakarrenetakoa».
Hamarkadetako elkarlanarekin batera, euskararen erabileraren gorakadan gakoak izan diren aktibazioa edo anbizioa bezalako faktoreak aipatu zituen Amonarrizek bere hitzaldian. Lau eragile multzo nagusi identifikatzen ditu: euskalgintzakoak, eta guztien artean nabarmenena, Galtzaundi Euskara Taldea; erakundeak, eta horien artean, Tolosako Udala; hezkuntzakoak, hiru ikastetxerekin; eta askotariko eragile sozialak. «40 urteotan, eragile guztiak, konprometituta eta elkarlanean aritu dira, jarraikortasunez, baliabidez txukun hornituta eta teknikari eta boluntario sare handi batekin», esan du tolosarrak. «Anbizio errealista bat izan dugu, eta herri ekimenetik sortutako esparru oso batek euskaraz funtzionatu du», gaineratu du.
Faktore horiez gain, beste hiru ezaugarri nagusi ere nabarmendu ditu soziolinguistak. «Batetik, ekintzailetza. Ezinbestekoa da dinamika sozial indartsu bat izatea; alde horretatik, zorte handia dugu Tolosan, herri oso dinamikoa delako. Bestetik, zeharkakotasuna. Euskalduntze prozesuarekin, sektore sozial zabal bat oso konprometituta egotea lortu dugu; etortzen diren biztanle berriengana ere heldu nahi dugu. Azkenik, arnasguneen ugalketa. Kultur ekitaldi asko, eragileek edo erakundeek ezer esan gabe, euskara hutsean egiten hasi dira. Belaunaldi euskaltzale eta euskaldun bat iritsi da herrira, erabaki propioak hartzeko inoren bultzada behar ez duena». Tolosaren kasuaz hitz egitean, ondorengoa nabarmendu du Amonarrizek: «Herri askotan aurkitu daitezke funtsezko ezaugarri horiek, baina ia inon ez daude guztiak batera, eta gainera, denboran modu jarraituan. Hor dago gakoa».
Amonarrizek, Tolosako 1717. urteko gertakari bat azaldu zuen Bilbon. Alkatearen eta apaizaren arteko gatazka bat izan zen; udal agintariaren emaztea deitu zuten deklaratzera, eta eztabaidaren lekuko izan zela baieztatu zuen: «Eztabaida entzun dut, baina ez dut ezer ulertu». Gertakari horretatik bi ondorio atera zituen Amonarrizek: «Jende gehiena euskaldun elebakarra zen, baina eliteak jada erdaraz ari ziren haien artean». 1879an, Gipuzkoan %96 euskalduna zela kalkulatzen da, eta horietako asko elebakarrak ziren.
'Euskaraz Bizi' eta haurrak
Euskararen erabileraren garapena azaltzeko, bi garai azpimarratu ditu: «Tolosa oso herri erdaldundua izan zen 1939tik 1980ko hamarkadara bitarte, baina ingurune oso euskalduna zuen. Eskualdeak zuen ahalmen euskaltzale hori gureganatzen jakin dugu eta, Tolosa bera, inguruko arnasguneentzat lagungarri izatea lortu dugu. Hala ere, gakoetako bat, 1980ko hamarkadaren hasieran eman zen, Laskorain Ikastolan. Euskara erakustea bakarrik nahikoa ez zela eta, hiztun aktiboak sortzeko eta erabilera bultzatzeko, Euskaraz Bizi metodologia jarri zuten martxan. Gerora, beste bi ikastetxeekin koordinatuta, hezkuntza-sistema osoak helburu horrekin bat egitea lortu da, bakoitza bere ezaugarriekin».
Ikastetxeetan, besteak beste, ohikoa ez den beste ezaugarri bat landu dela esan du Amonarrizek: motibazioa. «Leku askotan ez da gertatzen, eta zentzu horretan, hutsune handi bat daukagu. Ikastetxeak euskara edo euskaraz irakastera mugatzen dira. Metodologia horri esker, gaur egun, euskararen erabilerarekin kontzientziatutako masa zabal bat daukagu Tolosan».
Halaber, ama hizkuntza euskara ez duten etxeetako haur eta gazte askok, kalean euskaraz hitz egiten dutela esan du Amonarrizek. «Gure garaian kontrakoa zen egoera; etxean euskaraz egiten genuen, eta kalean, gaztelaniaz», esan du. «Tolosan euskararen erabilera igo egin da, baina inguruko herri txikietan behera egin du. Aintzat hartu behar da, berez, eskualde oso euskaldunean bizi garelako. Euskal Herriko eremu gehiagotan ere gertatzen ari da», gaineratu du.
Lorpen soziala
Batez ere, 40 urteotako datuak alderatuta, haur eta gazteetan ikus daiteke aldaketa nabarmenena. «1985ean, adinekoak ziren euskaraz gehien egiten zutenak; gutxien, berriz, gazteek egiten zuten, nabarmen, gainera. Gaur egun, haurrak eta gazteak dira euskaraz gehien egiten dutenak. Haurren artean bikoiztu egin da euskararen erabilera, eta gazteen artean hirukoiztu. Hori iraultza bat da, eta ez da gertatzen Europako beste hizkuntza gutxituetan». Kontuan izan behar da 1985eko haur eta gazteak, egungo helduak eta adinekoak direla.
Haurrek euskaraz egitea «borondate sozial baten ondorioa» dela nabarmendu du Amonarrizek, eta egoeraz jabetzeko, Galizian gertatutakoa ekarri du gogora: «2023an, historian lehen aldiz, erdara ohiko hizkuntzatzat zutenak gehiago ziren galiziera ohiko hizkuntzatzat zutenak baino. Azken 20 urteetan egin dituzten neurketa guztietan, adinekoak dira galizieraz gehien egiten dutenak, eta gutxien egiten dutenak, haurrak eta gazteak. Justu, gure egoeraren aurkakoa». Herrialde Katalanetan ere antzera daudela esan du: «Oraindik adinekoak dira katalanez gehien egiten dutenak».
Euskararen erabilera naturalaren aldeko apustua egin nahi du tolosarrak. Horretarako, hizkuntzari eutsi eta hizkuntza bera zaindu behar dugula esan du. «Kanpotik jende gehiago etorriko da. Horrek zerbitzu batzuk erdaldundu egingo ditu, eta beraz, konplizitate berriak beharko ditugu. Asko hitz egin behar dugu beraiekin, eta ilusioa piztu behar diegu. Ulermen maila batera iristeko aukerak eskaini behar dizkiegu. Horrez gain, lan esparru eta erronka berriak sortuko zaizkigu, eta horiei heldu beharko diegu. Bidegurutze batean gaude, baina baldintza onak ditugu aurrerapausoak emateko; hala ere, arriskuak ere baditugu».