ELKARRIZKETA

«Ikusgarriagoak bihurtu nahi ditugu gure ekimenak»

Jon Miranda Labaien 2024ko abenduaren 9a

Kepa Goikoetxea Ezeiza Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakaria. J.M.

Aitor Imazen lekukoa hartu zuen urrian TEEko lehendakaritzan Kepa Goikoetxea Ezeizak. Datozen lau urteetarako erronken berri eman du, hain justu, Topic zentroaren 15. urteurrena ospatzeko antolatu den lehen ekitaldian.

TEE Tolosako Ekinbide Etxea sortu eta hurrengo urtean jaio zen Kepa Goikoetxea Ezeiza (Tolosa, 1968). Hezkuntza arloarekin duen konpromisoa eramango du bere agintaldian ekinbide etxera eta baita euskararekin duena ere. «Urteetan atzenduta egon da, baina ni hemen nagoen artean lehentasunezkoa izango da euskara».  

15 urte Topic-ek, zorionak.

Eskerrik asko. Gezurra dirudi hainbeste urte pasa direnik eraikin honetan txotxongiloentzat zentroa eraiki eta TEE hona etorri zela. Nire aurrekoen izenean jasotzen ditut eskerrak, ni iritsi berri bainaiz lehendakari kargura; bi hilabete eskas daramatzat.

Nola hautatu zintuzten TEEko lehendakari?

2020an, pandemiako urtean, Aitor Imazek hartu zuen lehendakari kargua eta, orduan, zuzendaritza taldeko kide izateko gonbita egin zidan. Animatu nintzen eta lau urteren ondoren Aitorrek jarraitzeko asmorik ez zuela esan zuenean, zuzendaritza taldean genbiltzan Ane Garateri eta bioi pena eman zigun harekin batera uzteak. Ez dira errazak izan azkeneko lau urteak: lehenengo biak pandemiak jan zituen eta sartu gineneko ideia horiek gauzatzeko aukera handirik ez dugu izan. Talde berria osatzen bazen aurrera egiteko prest nengoela esan nuen eta horrelaxe hartu nuen lehendakari kargua.

Aurretik zein harreman zenuen TEErekin?

Kultur kontsumitzailea izan naiz gaztetatik eta abesbatza lehiaketara joan izan naiz ikusle gisa. Hodeiertzen abestu nuen hamar urtetan eta, horri eskerrak, lehiaketan parte hartu nuen. Gero, boluntario bezala atzerriko abesbatzekin lagundu izan nuen eta berdin Titirijai jaialdian ere. Ikuskizunetara joateko ohitura beti izan dut. Oso tolosarra naiz eta beti sentitu izan dut nire kultur kontsumoko produktu asko TEEren izenean datozela.

TEE kanpotik edo barrutik ezagutu, oso diferentea al da?

Bai, gauza gehienak bezala. Ikusle-entzule zarenean ez duzu atzeko tripen berri, eta ez duzu zertan jakin. Barruan zaudela, interesgarria da ikustea zenbat denbora eskatzen duen guztia prestatzeak, zein inbertsio egin behar den eta zer-nolako estrategiak aplikatu behar diren. Hori guztia ikuskizun xume bat ekartzeko, edo Ukrainatik edo Zeelanda Berritik datorren abesbatza bat ikusteko. Momentu horretara iristerako gauza asko pasatu dira.

Lan asko dago atzetik, zure kasuan lan boluntarioa da.

Bai. Nik nire lanbidea daukat eta nire soldata ez dator TEEtik. Aisia da niretzako hau guztia, lana izanik ere. Baina gustura egiten dut.

Zenbateko lantalde profesionala du TEEk?

Txotxongiloekin zerikusia duten kontuetan —eraikinaren mantenua, kudeaketa, museoa— hamalau lagun aritzen dira; abesbatzen lehiaketan bi eta Amalurren beste bat. Horiek guztiak eta administrariak kontuan hartuta, ia 20 laguneko taldea da.

Zer suposatu du TEErentzat Topic bezalako egoitza bat edukitzeak?

Neurri batean ohore bat da guretzat. Ekinbide Etxea lehenago beste lokal batzuetan egon da, baina ez hemen bezala, museo bat eta antzoki bat integratuta dituela. Gure lana aurrera eraman ahal izateko tokia eta, bide batez esateko, herri erdigunean dagoen azpiegitura zoragarria. Eraikina udalarena da eta haiekin adosten dugu eraikinaren erabilera, ordainketa eta mantenua; etengabeko negoziaketan gabiltza.

Nondik dator finantziazio nagusia?

Diru publikoa da kasu guztietan. Tolosako Udaletik hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak laguntzen dute. Ia guztia iturri publikoetatik datorkigu. Museoko sarreretatik edota Topic-eko espazioen alokairutik ere sarrera batzuk iristen zaizkigu, baina ez dute zati handia suposatzen. Hau guztia aurrera ateratzen da entitate publikoek ematen duten diruarekin.

Nahikoa da edo gehiago behar duzue?

2009ko krisiaren aurretik gehiago zen. Garai hartan sektore guztietan murrizketak egon ziren eta ez dugu berreskuratu orduko kopurua; horretan saiatu nahiko genuke. Gauden bezala ongi gaude, baina kalitatezko eskaintza egiteko eta nahiko genukeen jaialdi motarekin amesteko diru gehiago behar dugu. Hortaz, beren aurrekontuak itxi aurretik entitate publiko bakoitzarekin jartzen gara harremanetan egin nahi genukeena aurkeztera eta hori guztia aurrera eramateko beharko genukeen dirua eskatzera.

TEEk eta urtean zehar antolatzen dituen ekimenek erreferentzialtasuna dute nazioartean. Baina hemen Tolosan bertan? Edo eskualdean?

Lehendakaritza hartzerako orduan, Tolosako eragileekin hainbat elkarrizketa egin genituen. Ideia bilduma bat egin nahi genuen iritziak jasotzeko, ondo zer zihoan eta zer ez jakiteko. Nahita aukeratu genituen, alde batetik, TEEtik hurbil egondako pertsonak edo boluntarioak izan direnak eta, bestetik, gurekin inolako harremanik izan ez dutenak. Jakin nahi genuen profil horretako jendeak nola bizi zituen abesbatzako lehiaketako edota txotxongiloetako ikuskizunak. Esan ziguten, Titirijairen berri izaten dutela San Frantzisko ibiltokian kartelak zintzilikatuta ikusten dituztelako, edo sumatzen dutela Abesbatza Lehiaketa izango dela autobus askotxo dabilelako egun horietan herrian. Beraz, gure erronka nagusietako bat da nola eragin gehiago eta nola eduki presentzia handiagoa herrian. Ateak ireki eta kalera atera nahi dugu. Herrian ikusgarriagoak bihurtu nahi ditugu gure ekimenak.

 

«Erronka nagusietako bat da nola eragin gehiago eta nola eduki presentzia handiagoa herrian»

 

Zergatik sentitzen dute tolosar batzuk hain urrun TEE?

Nire ustez ezezagutza da. Tolosarrek badakite badela, irakurri dutelako, edo entzun dutelako, edo itxiera ekitaldia ETBn ikusi dutelako, baina sekula ez zaie okurritu saio batera joatea. Horregatik abesbatzak kalera ateratzea pentsatzen ari gara, zeren kalean kantuan entzuteko ohitura eduki badugu Tolosan: Gabon Gau egunean entzuten ditugu koruak eta arreta jartzen dugu haiengan; Santa Ageda bezperan, beste hainbeste; eta zer esanik ez hilean behingo Tolosa Kantarirekin. Zaletasuna pizteko, agian, bilatu gabe topatu egin behar duzu kalean. Tristea iruditzen zait, eta nire iritzi propioa da, maila horretako abesbatzak eduki herrian eta tolosar asko ez konturatzea aste horretan izan denik lehiaketa.

Txikitatik kulturarekiko zaletasun hori sustatzea komeni da.

Bai. Ni hezkuntza arloko langilea naiz. Uste dut lanketa handiagoa egin daitekeela Tolosako ikastetxeekin. Haurrekin edo gazteenekin zaletasuna pizteko aukerak landu behar ditugu bestela erreleborik ez dugu izango.

Lau urte hauetarako erronkak zein dituzue?

Nagusiki, gizarteratu egin nahi dugu hemen egiten dugun lana. Herrira zabaldu nahi dugu eta herrikoiago bihurtu hemengo jarduna. Zer egin, nola eta zertarako. Galdera horiei erantzun nahi diegu. 

Abesbatza Lehiaketa, Titirijai eta Amalaurrekin batera, beste ekimenik baduzue buruan?

Azkeneko bi-hiru urtetan, maiatzean, Musikeneko ikasleak etorri izan dira asteburuetan kontzertu txikiak ematera. Horretan jarraitu nahi genuke eta ahal bada hobetu. Topic-eko antzokiak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatu nahi genituzke herrira beste zenbait gauza ekartzeko. Duela bi urte, 2022ko abenduan, esperimentu bat egin genuen eta hiru mikro-antzerki saio eskaini genituen larunbat arratsalde batean. Sarrerak agortu egin ziren eta erabat arrakastatsua suertatu zen. Aukera hori planteatu nahi dugu, sistematizatu eta urtean behin, gutxienez, egin; badakigu herrian horrelako ikuskizunak maite dituzten pertsonak daudela. 

15 urte bete ditu Topic-ek, txotxongilo munduari dagokionez zein lan lerro jarraituko dituzue?

Estitxu Zalduak eta Juanjo Herrerok hartu zuten 2022an Idoya Oteguiren lekukoa Topic-en zuzendaritzan. Haiek ere irakasleak dira eta pedagogia munduan sartuta daude. Ikasketa propioak sortu eta titulazioa nola homologatu aztertzen ari dira. Hor dabiltza. Formazioak Topic zentroari izen bat emango lioke, mapan kokatuko luke eta sektoreari mesede handia egingo lioke. 

Miguel Arretxe eta Idoya Otegiren itzala oraindik luzea da TEEn?

Bai. Lan ikaragarria egin zuten. Amestea da kontua, ekintzaile izatea eta, urtetan eta urtetan, egoskor jardutea. Etsi gabe, euren ametsa jarraitu zuten eta bazter guztiak nahastu zituzten. Lorpena izugarria izan da baina bidean gauza asko utzi zituzten. 

Haien testigua jaso duzu zuk lehendakari gisa TEEn. Ameslaria zara zeu ere?

Bai. Ero samar egon behar duzu, aisialdian, horrelako lanetan hasteko. Baina sinesten dut proiektuan eta asko gozatzen dut. Herriari egiten diogun eskaintza hau mantendu, hobetu eta zabaltzeko enpeinua daukat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!