Amaitu da itxaronaldia eta iritsi da Tolosako babarrunaz gozatzeko garaia. Abenduaren 14an, larunbata, ospatuko da aurtengo Babarrunaren Festa, Tolosako Udalak, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkarteak, Babarrunaren Kofradiak eta Gure Kaiola elkarteak elkarlanean antolatuta.
Trianguloa plazan izango da jaiaren epizentro nagusia, bertan kokatuko baita azoka berezia. Denera 15 postu izango dira, 09:00etatik 14:00etara, eta plazako alboetako batean Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXX. Lehiaketa ospatuko da. Hain justu, 21 ekoizleren babarrunek parte hartuko dute eta 06:30ean hasiko dira prestaketa lanekin. Tolosako Babarrunaren Kofradiako kide batek eta Alondegia jatetxeko Andoni Riaño, Ama jatetxeko Gorka Rico eta Iribar jatetxeko Pili Manterola sukaldariek osatuko dute epaimahaia, eta 12:45ak aldera jakinaraziko dute irabazlea.
San Frantzisko pasealekuan, berriz, Gure Kaiola elkarteak antolatutako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren XXXVII. edizioa izango da. 22 lehiakidek parte hartuko dute, 08:30ean hasita, eta ekoizleen iazko lehiaketan txapeldun izan zen Zumaiako Joxe Mari Aramendiren babarrunak prestatu beharko dituzte. Ikatza tabernako Kontxi Dorronsoro, Saikin tabernako Sonia Alkala, Bentaldea jatetxeko Encarna Bengoetxea, Ama jatetxeko Javi Rivero eta Felix Belaunzaran sukaldariek osatuko dute epaimahaia, eta 13:30ean iragarriko dute irabazlea. Aurten, gainera, sari berezia banatuko dute. Izan ere, emakumearen parte hartzea areagotu nahi dutela esan du Antton Iglesias Gure Kaiola elkarteko lehendakariak.
Horrez gain, uzta berria dastatzeko aukera ere izango da, Babarrunaren Kofradiak 12:00etan babarrun platertxoak banatuko baititu Trianguloa plazan. Ondoren, ohitura bihurtu den herriko elkarte eta tabernetan babarrun jateak egingo dira.
UZTA «ZAPORETSUA»
Urte berezia izan dela nabarmendu du kofradiako Armintz Gorrotxategik, «eguraldia eta natura arrazoiak medioa atzeratzea eragin baitu aurtengo uzta». Hala ere, itxaronaldiak merezi izan duela berretsi du, heldutako uzta «zaporetsua eta distiratsua» izan baita.
Era berean, Xabier Goikoetxea Babarrunaren Ekoizleen Elkarteko ordezkariak aurtengo alea «ezaugarri bikainekoa» dela nabarmendu du: «36 kide gara elkartean, 20 hektarea inguru ditugu, eta 12.000 kilo bildu dira aurten; bereziki asko jaitsi da kostaldeko gunean. Ekoizle gehien barrualdekoak gara, baina kostaldean dugu azalera handiena. Aleari dagokionez, prestatzeko lan handiagoa emango du, baina aurreko urtekoa baina hobea dela esango nuke».
Aitor Agirresarobek Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azokak Saileko zinegotziak ekoizleen lana aitortu eta bertako produktuen balioa nabarmendu ditu: «Ez da urte erraza izan ekoizleentzat, baina lan mardulari esker, berriz ere kalitaterik goreneko eskaintza izango dugu».
DANTZARAKO TARTEA
Egun osoan zehar ez da girorik faltako. Goizean, esaterako, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Udaberri Dantza Taldea eta trikitilariak ibiliko dira kalez kale. Arratsaldean, berriz, erromeria eta saio berezia egingo dute, lehen aldiz. Bertan izango dira, hain justu, trikitilariak, dultzaineroak eta txistulariak eta emanaldi berezia eskainiko dute elkarrekin, 18:00etatik aurrera, Berdura plazan.
Tolosako Udal Txistulari Bandaren azkenaldiko joera emanaldietan Tolosako publikoarengana gerturatzea dela azaldu du Leire Retegi Tolosako Udal Txistulari Bandako kideak. Horregatik, emanaldiak «ikusgarritasun nabariagoa» izan dezan trikitilari eta dultzaineroekin elkartuko direla kontatu du, «eta ordu baten bueltako dantza doinuak eta dantza plaza izango dugu». Bertan, gainera, Udaberri Dantza Taldeko kideen parte hartzea ere izango da, beraz, herritar guztiak animatu nahi izan ditu dantzaz gozatzera.
Erromeriaren ostean, Jainekin Txaranga ibiliko da kalez kale. Bi txanda egingo ditu; lehena 20:00etan eta bigarrena, 00:30ean. Tartean, Gozategi taldearen kontzertua izango da 22:30ean, Plaza Berrian.
AUTOBUS ZERBITZUA USABALDIK
Esneki azoka berezian egin zen moduan, egun horretarako autobus zerbitzu berezia antolatu du udalak, kanpotik datozen bisitariek eta eskualdeko herritarrek autoak aparkatzeko erraztasun handiagoa izan dezaten. Usabal industriaguneko eta kiroldegiko aparkalekuak erabiliz gero, zuzenean erdigunera autobusez joateko aukera izango da, doan.
Lau geldialdi izango ditu: Usabal kiroldegiko, Oria beilatokiko eta Iruñea etorbideko Amarotz autobus geltokietan; handik, zuzenean erdigunera joango da eta geldialdi bakarra egingo du Jon Andoni Irazusta pasealekuaren hasierako geltokian, bidaiariak utzi eta hartzeko.
09:30ean hasiko da zerbitzua kiroldegitik eta 14:30ean aterako da azken aldiz, industrigune aldera, Jon Andoni Irazusta pasealekutik. Tartean, etengabe ibiliko da bueltaka. Hiribusak, berriz, ohiko ordutegi eta ibilbidea jarraituko du egun osoan zehar.
EGITARAUA
- 06:30. XXX. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera, Trianguloan.
- 08:30. Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXVII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera, San Frantzisko pasealekuan.
- 09:00-14:00. Azoka berezia, Trianguloan.
- 11:00. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak bere lanari ekingo dio, Trianguloan.
- 11:00. Buruhandi eta erraldoiak. Gernikako Arbolatik Triangulora eta Alde Zaharrean barrena.
- 11:30. Trikitilariak, herrian zehar.
- 12:00. Dantza ikuskizuna Udaberri dantza taldearen eskutik, Trianguloan.
- 12:00. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera, Trianguloan.
- 12:30. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak bere lanari ekingo dio, San Frantzisko pasealekuan.
- 12:45. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa, Trianguloan.
- 13:30. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa, San Frantzisko pasealekuan.
- 14:30. Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea.
- 18:00. Erromeria trikitilari, dultzainero eta txistulariekin, Berdura plazan.
- 20:00. Jainekin txaranga, Alde Zaharreko kaleetan.
- 22:30. Gozategi, Plaza Berrian.
- 00:30. Jainekin txaranga, Alde Zaharreko kaleetan.