Pasa den ostegunean, baserrien birgaitzearen inguruko hausnarketa eta eztabaida jardunaldia egin zuten Tolosako Idiakez Jauregian. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzak antolatu zuen jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa sailaren laguntzarekin. Gaian adituak diren Ainhoa Negeruela, Luis Alberdi eta Ibon Telleria arkitektoak izan ziren bertan. Ondoren, Oihana Santolaria arkitektoak gidatu zuen solasaldia.
Gipuzkoako baserrien etorkizuna izan zuten hizpide. Hortik abiatuta, hainbat hizketagai izan zituzten, besteak beste, baserriek historian zehar izan duten garapena, gaur egungo egoera eta etorkizunean «izan beharko luketen» bilakaera. Horrekin batera, mahai gainean jarri zituzten beste zenbait gai ere, horien artean, ondarea eraberritzeko gaur egungo «traba administratiboak», eraikuntza «zailtasunak», lege «oztopoak» eta ezagutza falta.
Jardunaldiaren hasieran Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak hartu zuen hitza. Dominguezek adierazi zuenez, Elkargoarekin batera egindako lan horri esker, azken urteotan hainbat gai jorratu ahal izan dituzte, hala nola, etxebizitza, pandemiek eta klima-aldaketak hiri-ehunean, hirian eta zaintzan edo Gipuzkoako lurralde- eta hiri-ereduan dituzten ondorioak. Eta, zehazki, maiatza eta azaroa bitartean egin dituzten lau jardunaldietan hainbat gai jorratu dituzte, hala nola, fatxaden bidezko hiri-irudia, kasu historikoak, San Bartolomeren kasua eta baserria unitate espazial gisa, gure lurraldearen erresilientzian, paisaiaren gaineko eraginetan eta Gipuzkoaren irudi hiritarrean arreta jarrita. «Oso ekimen interesgarria da guretzat, nahi dugun lurralde ereduaren inguruan hausnartzeko aukera ematen digulako eta Gipuzkoa lurralde orekatuagoa eta kohesionatuagoa izan dadin antolaketa politikak aurrera eramaten laguntzen digutelako», nabarmendu zuen diputatuak.
Turismoa lagungarri, bisitariak zaindari
Bestetik, Dominguezek baserrien mantentzean emakumearen papera nabarmendu zuen, eta baserriak zaintzeko beharraz aritu zen, landa-eremuetan biztanleria finkatzeko eta ekosistemak zaintzeko unitate bizigarri gisa. «Herritarrak beren gizarte-ingurunean mantentzearen alde lan egitea funtsezkoa da, lurralde-desorekaren aurka eta gure gizartearen alde borrokatzeko», defendatu zuen diputatuak, eta horretarako «landa-ingurunean jarduera ekonomikoa dibertsifikatzearen alde» egin zuen.
Ildo horretan, turismoa helburu horretarako lagungarri izan daitekeen jarduera ekonomikoetako bat izan daitekeela defendatu zuen, eta azaldu zuen bere departamentua lanean ari dela «turismoa eta kontserbazio naturala uztartuko dituen eredu turistiko birsortzaile baterantz joateko, bisitatzen gaituzten pertsonak gure lurraldeko zaindari bihurtuz».
Une honetan, Eusko Jaurlaritza Turismoaren Lurraldearen Arloko Plana izapidetzen ari da, eta diputatuak uste du «aukera bikaina» dela baserri jakin batzuetan hotel-erabilerak baimentzeko bidea irekitzeko. «Horrek aukera emango liguke tokiko ekonomia garatzeko eta suspertzeko, eta gure lurraldeko turista foku zehatzak arintzeko», defendatu zuen Dominguezek. «Baina landa-ingurunea ez da inolaz ere hotelen hedapenaren jarraipena», zehaztu zuen.
2025ean, jarraipena
Gipuzkoako EHAEO 2022. urte amaieran hasi zen antolatzen Lurralde eta Hiri ereduari buruzko gogoeta, eta eztabaida jardunaldien bederatzigarren topaketa izan zen ostegunekoa, urteko azken jarduera. Itziar Rodriguez EHAEOko idazkariak adierazi zuen Arkitektoen Elkargoak herritarrei «axola zaizkien gaiak» mahai gainean jartzen jarraituko duela: «2022an egin genuen lehen jardunalditik, publikoaren erantzuna aparta izan da, eta uste dugu ildo horretan elkarrekin hausnartzen eta eztabaidatzen jarraitu behar dugula». Horrela, Arkitektoen Elkargoa 2025eko jardunaldiak prestatzen ari da dagoeneko; Gipuzkoako hainbat herritan egingo dira.