Hilberria

Jabi Arana Alberdi, eragile nekaezina

Ataria 2024ko abenduaren 2a

TOPAk 2022ko urtarrilean eskainitako prentsaurreko baten irudia.

Medikua zen ogibidez eta Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako kidea. Atzo hil zen 72 urte zituela.

Jabi Arana Alberdi hil zen atzo, hilak 1, 72 urte zituela. Ezaguna zen oso eskualdean, izan ere, eragile nekaezina zen. TOPA plataformako elkarretaratze, prentsaurreko eta deialdi guztietan egoten zen, eta osasungintza publikoko langilea izaki, kalitatezko osasungintza publikoaren aldeko borrokan aritu zen buru-belarri, heriotzak eraman duen arte.

2011. urtean eskualdeko hainbat eragilek sortu zuten TOPA eta Jabi Arana bertan aritu da jo eta su.

28 urtez Tolosako Amarotz auzoko familia medikua izan zen, eta 2020an, erretiroa hartzera zihoala, auzotarren omenaldia jaso zuen.

Auzotarrek txalo artean hartu zuten bertara iritsi zenean, eta ondoren agurra dantzatu zioten, bertsoa kantatzen zioten bitartean: Jabi, aritu zarenez /gurekin buru eta bihotz / guztiz eskertuta gaude/amaroztarrak ta Amarotz.

Amaroztarrek orduan eskertu zioten auzoaren alde egindako lana, eta ziur eskualdeak ere eskertuko diola osasungintza publikoaren alde egindako guztia. Ez baita gutxi izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!