Sormena landu dute gaztetxoek

Ataria 2024ko aza. 30a, 18:01

Kultur asteburuan murgilduta daude bedaiotarrak.

Bedaioko kultur asteburuaren barruan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Horietako bat arratsaldean gaztetxoekin egin dute Animaltzen tailerra. Hamar bat gaztek hartu dute parte eta ederki pasa dute animaliak margotzen eta horien inguruan ikasiz.

Hainbat animaliaren artean aukeratu behar izan dute parte hartzaileek. Lehenbizi horien inguruko informazioa irakurri dute, eta ondoren, animalien fotokopietatik kopiatu edo kalkatu egin behar izan dute. Animaliaren atal edo zati bat kopiatu dute soilik, eta hortik aurrera bakoitzaren esku geratu da animalia horrek hartu duen itxura. Beraz, animaliez gehiago ikasteaz gain, sormen ariketa ere izan da. Hortik ere, tailerraren izena, animaltzen, nolabait, animali egiten edo bihurtzen.

Gainera, tailerreko arduradunek aukeratu dituzte aninaliak arrisku egoeran dauden Euskal Herriko animaliak dira, egora hori ekiditeko zer egin daitekeen ere ikasi ahal izan dute gazteek. Tailerra amaitzean animalien inguruko informazioa biltzen duen fanzinearekin joan dira etxera.

Kultur asteburua hasi baino ez da egin bedaiotarrentzat, eta 19:00etatik aurrera, Zidernaut proiektuaren aurkezpena eta produktuen dastaketa izango dute, Balerdipeko erleak pintxoekin; 21:00 afaria egingo dute, eta ondoren umeentzat film bat izang da ikusgai.

Bihar, igandea, 10:45ean egin dute hitzordua mendi buelta egiteko, eta horrekin amaituko dute egitaraua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!