Lehen greba feminista orokorretik urtebetera, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde lanean jarraitzen duela adierazi du Tolosaldeko Mugimendu Feministak.
Hain justu, salatu dute egungo sistemak «gutxi batzuen mesedetan» ekiten duela, «gure burua, komunitatea eta bizi garen inguruaren suntsiketa eraginez». «Zaintza erregimen kolonial, patriarkal eta kapitalista salatzeko, instituzioak, patronala eta gizonak interpelatu ditugu, gure bizkarrera negozio gehiagorik egin ez dezaten». adierazi dute.
Hala, mezu hori Euskal Herriko gehiengo sozialean txertatzeraino iritsi dela uste du mugimendu feministak, eta horren adibide moduan, duela urtebete deitu zuten greba feminista orokorraren «arrakasta» jarri dute. «Hasi dugun bide honetan zalantzarik gabe inflexio puntu handia izan zen greba: kaleak hartu genituen zaintza eskubide kolektiboaren alde sistemaren zaparrada guztien gainetik. Historikoa izan zen, plazak, kaleak, frontoiak, kulturguneak...».
Bidean «asko» ikasi dutela esan dute, aliantzak estutuz eta bazterrean daudenen artean zubiak eraikiz. «Borroka honetan zapalduak eta zapaltzaileak gara, eta hortik ere borrokatu daiteke, borrokatu behar da, interdependentziaz jabetuz eta beste batzuen ondoan izan dezakegun pribilegio egoeraren aurrean ardura hartu. Bakoitzak dagokion lekutik agente aktibo izan behar dugu borroka honetan».
Bestalde, EAJ-PNV, PSE eta UPNren gobernuen «joko zikina» ere salatu dute. «Gure borrokari aitortzarik eman ez, gurekin mahai batean elkartzea baztertu eta gainera, gure termino eta borroka erabiltzen. Gure proposamenak edukiz hustu dituzte eta sistema betikotuko duen proposamenak aurkeztuz. Bai, interpelatu ditugu, erantzun bat emateko presioa sentitu dute eta erantzukizunez jokatzea exijitu diegu eta exijitzen jarraituko dugu». Mugimendu feministak esan du ez direla nekatuko erakunde publikoei dagokien ardura har dezatela exijitzeaz: «utzi iezaiozue zaintzarekin negozioa egiteari! Bizitza erdigunean jarriko duten politika publikoak eta urgentziazko egoerei berehalako erantzunak ematea behar dugu».
Bizitza erdigunean jartzearekin, «guztion bizitzak sostengatzen dituzten jardueren kontrolaz eta demokratizazioaz» ari direla azaldu dute. «Gizonek, ardura berezia daukate, ez zaintzeko pribilegiotik mugitu eta ardura kolektiboen alde posizionatuz. Pasibotasunak ez digu balio, eraldaketa emateko bidea orain eta hemen behar dugu».
Tolosaldeko Mugimendu Feministak argi du posible dela, eta horretan ari direla: «Tolosaldean saretuz, hainbat udalerri zaintza diagnostikoak egitera bideratu dira eta hortik abiatuz, bizitzaren aldeko apustu erradikala egin nahi dugu. Bizitza guztiak erdigunera eramaten ari gara!»