Aitortza egin dio Tolosak Nestor Basterretxeari

Ataria 2024ko aza. 30a, 13:37

100 urte bete dira aurten Nestor Basterretxea eskultore, margolari eta zinegilea jaio zela, eta urteurrena ospatu eta artista gogoan izateko ekitaldia egin dute Tolosako Udalak eta Tolosako Ekinbide Etxeak. 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Tolosako alkate Andu Martinez de Rituerto, Kepa Goikoetxea, CIT-TEEko lehendakaria, Gorka Basterretxea, Nestorren semea, eta eskulturak jartzeko egitasmoaren sustatzaile taldeko parte izan zen Mitxel Perales tolosarra.

Basterretxeak lotura estua izan zuen Tolosarekin bere ibilbidean zehar. Besteak beste, Plaza Zaharreko Idiakez Jauregiaren berritze lanetan esku hartzea izan zuen; Tolosako hainbat egitasmotarako kartelak egin zituen, hala nola, CIT-TEEren 25. urteurrenean; Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako lehen edizioko sari nagusia ere berak diseinatutakoa izan zen, baita Altzoko Handiaren bizitzan oinarritutako operan ibilitako txotxongiloak ere. Hori gutxi balitz, aire libreko eskulturen plana gauzatzeko laguntza zuzena eman zuen. Plan horren erakusle da bere lanetako bat, hain zuzen, aitortza ekitaldiaren kokaleku izan den Goldea.

Andu Martinez de Rituerto alkateak azpimarratu du adibide horiek guztiak «Tolosak duen ondare aberatsaren parte» direla: «Gure kale, plaza eta lorategiak obra askoren erakusleiho dira. Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Koldobika Jauregi, Rikardo Ugarte, Jose Ramon Anda, Iñaki Epelde... Aire librean halako kultur bilduma izateagatik zorte handia dugu Tolosan, eta dagokion balioa eman behar diogu. Hori horrela izan zedin Nestor Basterretxeak egindako ekarpena ere garrantzitsua izan zen. Baina bere legatua betierekoa da: obra materialak ez ezik, horiekin transmititu nahi izan zituen balioak ere utzi baititu. Ez Tolosan bakarrik; bere dimentsioa nazio mailakoa da. Euskal kulturarentzat giltzarri izan zen».

Diziplina ezberdinetako kulturgileekin loturak egiteko Tolosako Ekinbide Etxeak egindako lana ere aitortu eta eskertu ditu, bide batez, alkateak. Mitxel Perales, Juan Garmendia Larrañaga, Antxon Elosegi, Nisa Goiburu edo Iñaki Epelde izan ziren, besteak beste, bide horretan lan egin zutenak.

Kepa Goikoetxea, Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak, berriz, 2012an CIT-TEEk egin zion omenaldia ekarri du gogora: «Askotan jaso izan dugu bere laguntza. Bidelagun aparta izan da. Hori dela eta bere irudiarekin egindako txotxongilo bat oparitu zion Ekinbide Etxeak, egindako lanaren aitortza gisa».

Basterretxea gaur egun ezagutzen dugun Tolosako eremu zabaleko eskultura eskaintzaren sustatzaile nagusienetako bat izan zela gogoratu du Mitxel Peralesek: «aire libreko museo bat du Tolosak, Nestor bezalakoen ahalegin eta eskuzabaltasunagatik. Altxor bat dugu gure herrian», azaldu du. Egitasmo hori sustatzeko bidean bidelagun izan zuten eta ekainean zendu zen Antxon Elosegi ere izan du gogoan: «Zendu aurretik omenaldi hau prestatzen ari zen gurekin. Pozik, harro eta, bereziki, eskertuta egongo litzateke hemen», gehitu du.

Hunkituta jaso du aitortza Basterretxearen sendiak, halaxe aitortu du bere seme Gorkak: «Aitak Tolosa maite zuen; estima handiko lagun ugari egin zituen. Bere obrei balioa ematen jarraitzen dela ikustea ere ohorea da guretzat».

‘Goldea’, baserritarren balioak

2000. urtean inauguratu zen Goldea eskultura Tolosako Emeterio Arrese kaleko lorategian; hortaz, aurki 25 urte egingo ditu bertan. Udalak eragin zuen eskultura honen sortze prozesuan, Joxe Gurrutxaga eta Antton Izagirre alkatek sustatuta. Muno eta Peñagarikano promotoreek finantzatu zuten Basterretxearen obra, eta Jose Mari Aseginolaza arkitektoak, Basterretxea berarekin elkarlanean, eman zion gaur egun ezagutzen dugun euskarria, eskulturak argia eta presentzia izan zitzan.

Eskulturaren bitartez baserritarren lana aitortu nahi izan zuen Basterretxeak. Iraganean funtsezkoa izan zen tresna baten testigantza da obra eta, artistaren esanetan, gure balio zaharrak etorkizuneko belaunaldiei helaraztea zen bere helburua.

Bada, omenaldi ekitaldia borobiltzeko, bertaratu direnek sahats adarrak jarri dituzte eskulturan, bere esanahiari lotura emanez. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!