Senideak zaintzen dituztenen eta zainketa zerbitzuetako langileen topaketak, datorren astean

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko aza. 27a, 19:58

Tolosako Udalak Zaintza Ekosistemaren Diagnostikoa osatu nahi du. Horretarako, saio bana antolatu du abenduaren 2an, astelehena, eta 4an, asteazkena; bi egunetan saio bana izango da euskaraz eta gaztelaniaz.

Tolosako Udalak hilabeteak daramatza herriko zaintza ekosistemaren diagnostikoa lantzen. Zainketa eredu asko daude herrian. Hori dela eta, eskaintza guztia bere osotasunean aztertu, errealitate ezberdinak ezagutu, eta hobekuntzak planteatzeko oinarri bat sortzea da azterketaren helburua.

Orain arte, elkarrizketa eta lan saio batzuk egin dituzte eragile sozial ugarirekin, hala nola, irabazi askorik gabeko elkarteekin, zaintza sektoreko enpresekin, ikastetxeekin, adineko egoitzekin, osasun arloko erakundeekin, jubilatuen elkarteekin eta auzo elkarteekin.

Herritarrei begira, bi deialdi ireki antolatu dituzte, eta datorren astean izango dira. Bata, abenduaren 2an, astelehena, senide baten zaintzaile lanetan aritzen direnentzat; bestea, abenduaren 4an, asteazkena, etxeko eta zainketa zerbitzuetako langileei zuzendutakoa. Bina saio egingo dituzte egun bakoitzean: 10:00etatik 11:30era, euskaraz, kultur etxean; 18:00etatik 19:30era, gaztelaniaz, Aitzol Udal Euskaltegian. Gehien komeni zaien ordutegia aukeratu ahal izango dute parte hartu nahi dutenek.

Adingabeak, adinekoak, mendekotasun egoeran dauden pertsonak edota dibertsitate funtzionala dutenak zaintzen ibiltzen direnei zuzendutako saioak dira biak. Entzute ariketa bat izango da, bere errealitateak ezagutzeko, behar, sentipen edota kezkak partekatzeko, baita iradokizunak egiteko ere.

Saioetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da. Bi eratara egin daiteke: 747 495 569 telefono zenbakira deitu edo mezu bat idatzita edo marina.azkonizaga@daiteke.com helbide elektronikora idatzita. Bide batez, zeinu interpretazio eta zaintza zerbitzuak eskainiko dira bi saioek irauten duten bitartean. Horretarako, azaroaren 29a baino lehen egin beharko da eskaera aipatutako bi bide horietako bat erabilita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!