Baserrien birgaitzeari buruz hausnartzeko jarduera, gaur

Ataria 2024ko aza. 28a, 07:57

Idiakez Jauregian izango da jardunaldia, 18:00etan, eta parte hartuko dute Ainhoa Negeruela, Luis Alberdi eta Ibon Telleria arkitektoek.

Baserrien birgaitzearen inguruko hausnarketa eta eztabaida jardunaldia egingo dute, gaur, Tolosako Idiakez Jauregian. Jarduera 18:00etan hasiko da, eta bertan izango dira gaian adituak diren Ainhoa Negeruela, Luis Alberdi eta Ibon Telleria arkitektoak. Jarraian, berriz, Oihana Santolaria arkitektoak gidatuko du solasaldia.
 
Jardunaldiaren hasieran hitza hartuko dute Azahara Dominguez foru diputatuak eta Itziar Rodriguez Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) idazkariak.
 
Sarrera doakoa izango da eta «herritar guztiei» zuzendu diete jarduera, baina edukiera mugatua izango dela-eta, beharrezkoa da izena aurretik ematea EHAEOren web orrialdean.
 
Hausnarketa eta eztabaida gai
Gipuzkoako baserrien etorkizuna izango dute hizpide. Hortik abiatuta, hainbat hizketagai izango dituzte, besteak beste, baserriek historian zehar izan duten garapena, gaur egungo egoera eta etorkizunean «izan beharko luketen» bilakaera. Horrekin batera, mahai gainean jarriko dituzte beste zenbait gai ere, horien artean, ondarea eraberritzeko gaur egungo «traba administratiboak», eraikuntza «zailtasunak», lege «oztopoak» eta ezagutza falta.
 
EHAEOren Gipuzkoako ordezkaritzak antolatu du jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa sailaren laguntzarekin, eta urteko azken jarduera izango da. Gipuzkoako EHAEO 2022. urte amaieran hasi zen antolatzen Lurralde eta Hiri ereduari buruzko gogoeta, eta eztabaida jardunaldien bederatzigarren topaketa izango da gaurkoa. Datorren urtean beste hainbat jardunaldi antolatzeko asmoa ere adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!