Txotxongilo Antzerkiko Ekimenaren Nazioarteko Saria jaso du Topic-ek

Ataria 2024ko azaroaren 26a

Goiuri Eceiza udaleko kultura zinegotzia, saria eskuetan duela. Argazkia: Topic

Ekainean izendatu zuten saridun, baina pasa den larunbatean jaso zuen saria Tolosako txotxongilo museoak, 42. Titirijai Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian.

Ekainean, Txotxongilo Antzerkiko Ekimenaren Nazioarteko Sariaren irabazle izendatu zuten Tolosako Topic museoa. Aviama Txotxongiloen Hiri Lagunen Elkarteak antolatzen du sariketa, 2021az geroztik, eta adierazi dutenez, aurten, «ekintza berritzaileen bidez, txotxongiloen artea nabarmentzen, haien garapena defendatzen eta publiko zabalaren aitortza sustatzen laguntzeagatik, nazioarte mailan saritu nahi izan ditugu».

Ekainean saridun izendatu bazuten ere, 42. Titirijai Jaialdian jaso du saria Topic-ek, antolatzaileen eskutik. Pasa den larunbatean, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian egin zuten sari banaketa, eta bertan izan ziren Kepa Goikoetxea Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakaria, Estitxu Zaldua eta Juanjo Herrero jaialdiko zuzendariak, Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Ondare zuzendaria, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapenerako eta Gazteriako zuzendaria eta Goiuri Eceiza Tolosako Udaleko kultura zinegotzia. Lucile Bodson Aviamako koordinatzaileak banatu zuen saria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!