Ikasleek zaintzaren gaia aztertuko dute

Ataria 2024ko aza. 25a, 15:40

Laskorain, Samaniego eta Herrikide ikastetxeetako ikasleak Haurren Hiria egitasmoan landutako ideiak aurkezten 2022 urtean.

Haurren Hiria egitasmoaren barruan, Tolosako zaintza eredua aztertu eta hori hobetzeko proposamenak landuko dituzte Laskorain, Herrikide eta Samaniego ikastetxeetako 8 eta 12 urte bitarteko haurrek.

Tolosako Udalak Tolosako Haurren Hiria abiarazi du eta zehaztu dute ikasturte honetan haurrek jorratuko duten gaia: zaintza. 

Horretarako, lehen urrats gisa, Haurren Kontseilua osatu dute, ohiko moduan, zozketa zibikoz. Tolosako hiru ikastetxeetako 8 eta 12 urte bitarteko 42 haurrek osatuko dute taldea eta parte hartzaileen aniztasuna bermatzeko, eta Tolosako errealitatea ahalik eta modu egokienean islatze aldera, kontutan izan dira haurren adina, generoa, ikastetxea, jatorria eta helbidea. 

Zaintza eredua aldatzeko bidean aurrera
Lanketa egiteko, Tolosako Udala herritar eta eragile desberdinekin lantzen ari den zaintza ekosistemaren diagnosia hartuko dute oinarri modura. Hortik abiatuta, herriko zaintza eredua hobetzeko proposamen zehatzak lantzea izango da helburuetako bat. Haurren parte hartzea ezinbestekoa izango da udalerriko zaintza ereduari ikuspegi berritzaile eta inklusiboago bat emateko.

Horretarako, EHU eta Daiteke Gizarte Aholkularitzako adituekin arituko dira elkarlanean. Daiteke, esaterako, aditua da berdintasunaren, garapen pertsonalaren, prestakuntzaren, inklusioaren edota adinaren kudeaketan eta, kasu honetan, Haurren Kontseiluak garatzen dituen ideiak benetako proiektu bilakatzeko elkarlana eskainiko du. 

Lau lan saio
Haurren Kontseiluak urtarrilean egingo ditu lehen saioak, eta maiatzera bitarte beste lau lan saio egingo ditu. Diagnosi hori aztertu eta udalerriko zaintza eredua aldatzeko eta hobetzeko proposamenak landuko dituzte saioetan, Arazi eta Nurako hezitzaile eta dinamizatzaileek lagunduta. 

Azken bileran, Mintza Txokoa egingo dute: alegia, haurrek proposamenak alkateari eta udal ordezkariei aurkeztuko dizkiete. Ikasturtean zehar, halaber, familien jarraipen-bilerak egingo dituzte, eta ordezkari diren haurrek beren ikaskideei proiektuaren inguruko informazioa emateko aukera izango dute.

10 urtez haurrei ahotsa emanez
Aurtengoa Haurren Hiria egitasmoaren barruan egiten den 11. ekitaldia da. Egitasmoa 2014an abiatu zen eta orduz geroztik, gai desberdinak aztertu dira, horien artean aisialdirako ekintzak, herriko baliabideak, belaunaldien arteko harremanak, mugikortasuna edota osasun mental eta emozionala.

Haurren Hiria egitasmoaren helburu nagusia da herriaren garapenean haurrei ere hitza ematea eta haurrak udal erabakietan inplikatzea, beren iritziak jasoz eta Tolosa haien beharretara egokitzeko pauso zehatzak emanez. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!