ELKARRIZKETA

«Norbere izaera munduari aurkezteko balio dute tatuajeek»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko aza. 30a, 07:58

Xabier Letamendi Sanz tatuajegilea. J.A.D.

Bataz beste, egunean bizpahiru tatuaje egiten ditu Xabier Letamendi Erubi-k, Tolosan duen Arima Tattoo estudioan. Berak 34 ditu oraingoz, eta aurpegia izan ezik, gorputz osoa tatuatzea du helburu.

Txikiak, handiak, koloretakoak, beldurgarriak, erotikoak... askotarikoak izan daitezke tatuajeak. Edonork ikusteko moduan egon daitezke, bistara, edo ezkutuan. Pisu handiko esanahia izan dezakete, eta zenbait kasutan funtzio estetikoaz harago doa azaleko irudia. Beste askoren artean, horiek egiteaz arduratzen da Xabier Letamendi Sanz (Tolosa, 1993), Erubi ezizenez ezagunagoa. Berez, energia berriztagarrien ingeniaria da, baina 2018az geroztik, Arima Tattoo estudioan ari da lanean. Nabarmendu duenez, gizartean gero eta normalizatuago dago tatuajeak edukitzea. «Tatuajea luxu bat da, baina ez da bereziki garestia», esan du.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen tatuatzaile izatea?

Nerabezaroan, Tolosan zegoen estudio batera gerturatu nintzen, kuriositateak jota. Etxean, ironikoki, ez nuen babes handirik izan artearen munduan murgiltzeko, eta oinarrizko ikasketak amaitutakoan, ingeniaritza ikasketak egin nituen. Ondoren, lan munduan sartu nintzenean, ez nuen gustuko ezer topatu. Ikerketan murgildu nintzen, baina ez nengoen ados zenbait ideiarekin. Azkenean, utzi egin nuen eta hasieran nuen jatorrizko ideiara itzuli nintzen. Ikasten eta marrazten hasi nintzen, eta sei hilabetera Arima Tattoo proiektuaren sorrerarekin hasi nintzen.

Betidanik gustatu izan zaizkizu tatuajeak?

Bai. Nire osaba batek tatuaje bat zeukan. Amonak asko zaintzen ninduen, eta osaba berarekin bizi zen. Txikitatik ikusi izan dut tatuaje hori. Horrez gain, metal musika zalea naiz, eta tatuajeek lotura handia dute genero horrekin.

Etxetik jaso duzun zaletasun bat da?

Bai eta ez. Aita zaletasunez margolaria izan da beti. Etxeko ganbaran aritu izan da; hori da bere santutegia. Artea oso gertu izan dut etxean, baina ez dut zuzeneko loturarik izan. Beranduago zaletu nintzen, manga eta komikien munduaren bitartez. Horiek irakurriz sortu zitzaidan margotzeko zirrara.

Zuk zenbat tatuaje dituzu?

Une honetan, 34. tatuajea egiten ari naiz. Gehienak oso handiak dira. Albo batean, gerritik besaperaino doan bat daukat. Beste aldean orain hasi naiz bat egiten. Bestela, bularrak, sorbaldak eta gerria tatuatuta ditut. Aurpegia izan ezik, gorputz osoa tatuatzea da nire helburua.

Zer dira tatuajeak zuretzat?

Bi ikuspuntu ditut horri erantzuteko. Batetik, istorio bat kontatzen dute. Edozer tatuatzen duzula ere, beti dago lotuta momentu edo arrazoi zehatz batekin. Norbere izaera munduari aurkezteko ere balio dute. Askok dagoeneko gure ondoan ez daudenak oroitzeko egiten dituzte tatuajeak. Hori, hala ere, aldatzen ari da. Gaur egun, imitatzeko ohitura geroz eta handiagoa da. Tatuaje batzuk ez dira egiten zerbait kontatzeko helburuarekin. Askok, beste nonbait ikusi dutelako, gustatu zaielako eta, inkontzienteki egiten dituzte.

Kasu honetan, zaletasuna ofizio bilakatu zaizu. Ondo bizitzeko aukera ematen al du?

Askok uste dutena baino lan handiagoa egitea eskatzen du. Ez da soilik estudioan egiten dugun lana. Etxean ere lanean jarraitzen dugu. Sare sozialak ere elikatu behar dira. Lan astuna da, bai mentalki, baita fisikoki ere. Hala ere, ingeniaritzak eman ez didan askatasuna eman dit. Bizimodua askoz malguagoa da. Inolako mugarik gabe sortzeko aukera daukat. Nahiz eta hain ondo ez bizi, soldatagatik ari naiz, bizitza erabat aldatu zait.

Sorkuntza al da buruhauste handiena ematen duena? 

Bai. Nire garuna etengabe ari da lanean. Egia da bezero askok dagoeneko prest ekartzen dituztela diseinuak, baina bestela, uneoro ari gara diseinu berriak prestatzen eta marrazten. Gelditzen ez den lan bat da.

Zeintzuk dira tatuajegile izateko ezinbesteko baldintzak?

Bereziki, marrazketa, zaletasuna baino gehiago, behar bat izatea. Ia beti, zaletasun bat ofizio bilakatzen denean, gustuko izateari uzten dio. Artearekin eta diseinuarekin obsesiboa izatera heldu behar duzu. Tatuaje bat egiten duzunean, marrazki hori ezin da ezabatu. Beraz, perfekzioa lortzen saiatu behar dugu. Tatuajegile batek, teoria eta marrazketa teknikak oso landuta izan behar ditu. Esaterako, tinta jakin batekin argiaren balioak diseinuetan nola aplikatu jakin behar da.

Marrazkiak azaleratzea al da konplexuena?

Paperean oso ondo marraztu dezakezu irudi bat, baina gero azalean berdina egiten saiatzen zara, baina ezin duzu, baterako eta besterako teknikak oso desberdinak direlako. Ezagutzen ditut marrazten oso abilak ez direnak baina tatuatzerako orduan teknika oso landua dutenak. Margolaritzan, adibidez, pintzelekin oso ona den norbait oso galduta ibili daiteke eskuan arkatza hartuta.

Makinarekin pultsu ona izatea ere beharko da, noski.

Ez pentsa! Makina etengabe erabiliz gero, erraza da erabiltzen ikastea. Makina bera, pisua, bibrazioa eta oreka sentitu behar dituzu, eta horrekin lan egiten ikasten duzu. Nire pultsua, berez, oso txarra da.

Inoiz hutsik egin al duzu makinarekin tatuaje bat egiterakoan?

[Barreak]. Askok, tatuajeak ikusten dituztenean ez dituzte akatsak ikusten, baina behin begia entrenatuta duzunean, denek egiten dituzte akatsak. Guk, gainera, urteen poderioz, akatsak disimulatzen ikasi dugu, eta egindako lanak ahalik eta garbien izan daitezen saiatzen gara. Gorputza ez da makina bat, eta azal bakoitza mundu bat da. Dieta oso ona ez mantentzeak edo ur gutxi edateak eragina dute azalean, eta hori asko nabari dugu guk. Azal guztiak ez dira berdin lantzen, eta batean lortzen duzun emaitza ezinezkoa da beste batean berriro sortzea.

Zenbat tatuaje egiten dituzu egunero?

Gutxienez, bi, eta urteko garaiaren arabera, gehiago. Otsailetik abuztura bitartekoa izaten da garai indartsuena; hiruzpalau bezero etorri daitezke egun bakarrean.

Eta pasa al duzu egun oso bat tatuaje bakarrarekin?

Bai. Bezero batekin bederatzi orduz aritu nintzen tatuaje bat egiten, eta hurrengo egunean jarraitu genuen, beste hiruzpalau orduz. Beso osoa tatuatu zuen.

 

«Bezero batekin bederatzi orduz aritu nintzen tatuaje bat egiten, eta hurrengo
egunean jarraitu genuen»

 

Zein da egin duzun tatuaje arruntena?

Beti daude bizpahiru oso ohikoak direnak, besteak beste, Infinituaren ikurra edo besoa inguratzen duten marrak. Azken honen kasuan, ia inork ez du bere esanahia ezagutzen. Maorien kulturatik datorren marrazki bat da; marra bakoitzak galdutako senide bat irudikatzen du.

Eta arraroena?

Behin, bezero bat etorri zitzaidan, eskuan nahi nuena egin nezakeela esanez. Drakula moduko bat egin nion, baina munstro itxurakoa. Esku osoa tatuatu nion. Bestetik, une honetan, nire lagun bat munstro itxurako olagarro bat egiten ari da, gorputz osoan.

Gorputzeko edozein ataletan egin daitezke tatuajeak?

Bai. Guk muga bakarra jartzen dugu: tatuajeen esanahia ez izatea iraingarria edo mingarria edozein komunitaterentzat. Bestetik, aurpegian ez dugu tatuajerik egiten. Bezeroren batek tatuaje gutxi edukiz gero, oso agerian ez izatea aholkatzen diogu. Gaur egun, tatuajeak ondo ikusiak baldin badaude ere, gorputzeko atal guztietan ez daude ondo ikusiak, ezta testuinguru guztietan ere. Nik betidanik izan ditut tatuajeak, eta ilea koloretakoa. Enpresa batean ingeniari lanean hasi nintzenean, burua soildu behar izan nuen eta alkandorak jantzi, tatuajeak ez ikusteko.

Eta gorputzeko zein atal izaten da ohikoena tatuajeak egiteko?

Bereziki, besoetan egin nahi izaten dira. Horiek dira errazen ikusten direnak.

Gizarteak uste duena baino zaletasun handiagoa dago tatuajeak egiteko?

Bai. Bereziki aldaketa demografiko handia egon da. Lehen, batez ere, gazte errebeldeek egiten zituzten. Orain, ia edonork egin nahi izaten ditu. Hemen izan dugun kasu ezohikoena 76 urteko emakume batena izan zen. Beso erdian Andre Maria eta Jesu Kristo tatuatu nahi zituen. Harrituta utzi ninduen, normalean, adinekoek zerbait txikia egin nahi izaten dutelako, edo bestela, senideekin batera zerbait tatuatu nahi izaten dutelako. Emakume hark esan zidan betidanik egin nahi zuela eta momentua heldu zitzaiola.

 

«Kasu ezohikoena 76 urteko emakume batena izan zen. Beso erdian Andre Maria eta Jesu Kristo tatuatu nahi zituen»

 

Ezagutzen al duzu tatuaje bat egin eta gero damutu denik?

Bai. Gaur egun, laserrarekin ezabatzeko aukera dago; teknologian aurrerapauso handiak eman dira. Hala ere, 100 euroko tatuaje bat ezabatzeko, 300 edo 400 euro ordaindu behar duzu. Gure kasuan, lan asko egiten dugu aurrez egindako tatuajeak estaltzen. Asko dira tatuajegile merkeenengana joaten direnak, eta gero, horiek egindako tatuajeak estali nahian hona etortzen direnak.

Zer da Arima Tattoo?

Duela sei urte sortu genuen, Bittor bazkideak eta biok. Gure espazio bat sortu nahi genuen. Zaletasun antzekoak ditugu, baina ikusi genuen estilo ugari uztartu genitzakeela. Nire estiloa nahiko makabroa edo iluna da; lan asko egiten dut errealismoarekin. Berea, berriz, koloretsuagoa da, alaiagoa. Azken sei urtetan, inbertsio handia egin dugu ikaskuntzan. Mintegi askotan egon gara tatuatzaile entzutetsuekin eta asko ikasi eta hobetu dugu; abilezia garatuta daukagu. Gaur egun hiru bazkide gara; Nagore da hirugarrena, piercing-etaz arduratzen dena. Lan handiko hilabeteetan, hirugarren tatuatzaile bat ere etortzen da.

Nola aritzen zarete lanean?

Tatuajeei dagokionez, bi modutara aritzen gara. Batetik, bezeroari eredu bat eskatzen diogu, gustuko duen irudi baten inguruan. Gero, horren gainean, diseinu bat lantzen dugu. Argazki baten kasuan, esaterako, begi bat itxita ikusten duzun irudia da, eta izaten duen sakontasuna ez da benetakoa. Ondorioz, argazkia landu behar izaten dugu, errealistagoa izan dadin. Bestetik, zerotik sortzen ditugu diseinuak. Bezeroarekin batera prestatzen dugu zirriborro bat, eta ondoren, diseinatzen hasten gara.

Zergatik Arima izena?

Bittor eta ni beti izan gara animearen bi friki. Akira filmak asko markatu gintuen, eta izen egokia iruditu zitzaigun, baina oso erabilia zegoen. Orduan, bokal berdinak erabiliz, arima hitza okurritu zitzaigun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!