Indarkeria matxista salatzeko, beste behin, kalera

Naiara Roldan de Aranguiz 2024ko aza. 23a, 14:40

Azaroaren 25aren atarian gauden honetan, Tolosako Asanblada Feministak postua jarri du San Frantzisko pasealekuan, 2024. urtean Tolosan izan diren indarkeria matxista kasuak salatzeko, eta asteleheneko manifestaziorako deia luzatzeko.

Tolosako Asanblada Feministako kideak izan dira goiz guztian zehar San Frantzisko pasealekuan, morez jantzitako postuaren inguruan. Hurbiletik pasatzen ziren herritarrak gelditu eta ohar infomatiboa luzatu diete, herrian bertan izandako indarkeria matxista kasuak gogora ekarriz eta salatuz.

Urria bitarte, azken 10 hilabeteotan, gizarte zerbitzuek 19 eta 54 urte bitarteko 14 emakumeren 9 salaketa jaso dituzte; guztiak, indarkeria matxista kasuak. Tolosako Asanblada Feministak indarra jarri nahi du datuetan, baina hala ere begirada gehiago zabaldu nahi du. Izan ere, 9 salaketa hauek ezagunak diren kasuak baino ez dira, eta «isilpean edo arrisku egoeran» askoz gehiago ere egongo direla jakitun dira Tolosako Asanblada Feministan.

Indarkeria matxistari dagokionean, azken hamar hilabeteotako lerroburuak gogora ekarri dituzte TAFeko kideek: Cote Cabezudoren kasua —biktimen artean tolosarra—, Osteopataren kasua, Berazubiko kasua, Usabalgo kasua, Adunako prostituzio etxeko 18 emakumeen kasua, besteak beste.

Gauzak honela, arazoa biktimena baino gizarte osoarena dela jabetzeko, herritarrak deitu dituzte datorren astelehenean, azaroaren 25ean, 19:00etan, Trianguloa plazatik, abiatuko den Ez bazara konponbidea, arazoa zara manifestazioan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!