Australiar eta italiar bikoteak biltzen ditu bere gain Di Filippo txotxongilo konpainiak. Euskaraz ezin mintzatzeaz barkamena eskatu badute ere, aurkezpena egiteko ikasiak zituzten euskarazko hitzak erabili dituzte ikusleen aurrean. Ikusleak adi-adi, Plaza Berriko kioskoan, lehen ilaran umeak lurrean eserita, eta atzealdean, gurasoak aulkietan. Ikuskizuna hasterako denak formal euren esertokietan zain.
Gertutik jarraitu beharreko ikuskizuna izanik, Titirijaik kokaleku ezin hobea aukeratu dio Piumari: Plaza Berriko kioskoa. Piuma —txotxongiloa— eta Remoren —txotxongilaria— arteko hartu-emana da Piuman eskaintzen dena. Bi pertsonai ezberdin hauen arteko harremanaz disfrutatu dute bertaratutakoek.
Beste 19 emanaldi eskura
9 eguneko jaialdia izango da 42. Titirijai, 39 emanaldi izango dira guztira, eta 18 konpainiak parte hartuko dute, 20 ikuskizun eginez. Leidor, Topic eta Tolosako kaleek hartuko dituzte ikuskizun hauek guztiak, abenduaren 1a bitarte.
Jaialdiko ikuskizun guztietarako sarrerak Cittolosa.com/titirijai webgunean daude salgai, baita Topic-eko leihatilan ere. Helduen sarrerak 7 euro balio du (Topic-eko lagunak, 5 euro); haurrenak, berriz, 4 euro (Topic-eko lagunak, 3 euro). Familia ugariek, pentsiodunek, aniztasun funtzionala dutenek eta langabeek prezio murriztua izango dute.