Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren Ekonomia Zirkularra Modelatuz ekimenaren seigarren edizioko sari banaketa egin dute, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan. Bertan, sormena eta jasangarritasunarekiko konpromisoa izan dira protagonista nagusiak, eta Gipuzkoako lanbide heziketako bederatzi ikastetxe aintzatetsi dituzte, ekonomia zirkularra sustatzen egindako «lan nabarmenagatik», material birziklatuak dituzten eskultura berritzaileak sortuta. Sarituen artean dago Tolosako Peñascal kooperatiba.
Tolosako zentroaz gain, Irungo Mendibil Prestakuntza Zentroa, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Mutrikuko Kardala, Zarauzko Oteitza Lizeoa, Elgoibarko Meka Lanbide Eskola, Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa, Hernani Lanbide Heziketa eta Oñati BHI izan dira aipamena jaso dutenak.
Ekitaldiak balioa eman dio Gipuzkoako gazteen sormenari, eta ekonomia zirkularraren garrantzia azpimarratu du, garapen-eredu jasangarriago baterantz aldatzeko motor gisa. Beren eskulturen bidez, ikasleek birziklatutako materialak pieza artistiko bihurtu dituzte, eta erakutsi dute hondakinak baliabide eta produktu berri bihur daitezkeela.
Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eman die aintzatespena, ingurumen-hezkuntzarekin eta ikasleen artean praktika jasangarriak sustatzearekin «aparteko konpromisoa» erakutsi duten ikastetxeei. Bere hitzaldian nabarmendu du gisa horretako proiektuen garrantzia, gazteak gizarte jasangarriago bateranzko eraldaketan inplikatzeko. «Hezkuntzan ekonomia zirkularra txertatzea funtsezkoa da baliabideak modu eraginkor eta arduratsuan kudeatuko dituen etorkizuna eraikitzeko. Gipuzkoako gazteak, beren sormenaren bidez, erakusten ari dira birziklapena eta berrerabilpena tresna indartsuak direla ingurumen-erronkei aurre egiteko. Ekimen horrek, kontzientzia ekologikoa sustatzeaz gain, ikasleei beren etorkizun profesionalerako funtsezkoak izango diren trebetasunak garatzeko aukera ematen die, jasangarritasunera gero eta bideratuago dauden sektoreetan». Gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela Gipuzkoako etorkizuneko belaunaldiak prestatuta egotea, «ingurumena zaintzeaz gain, gure lurralderako enplegu- eta berrikuntza-iturri izango den ekonomia zirkularrean parte hartzeko».
Aldunditik azaldu dutenez, ekonomia zirkularra zutabe «estrategikoa» da lurraldearen jasangarritasun-politikaren barruan, hondakinak baliabide bihurtzeko eta aukera ekonomiko berriak sortzeko. Gipuzkoan, gaur egun, 6.500 enplegu baino gehiago eta 1.425 milioi euroko fakturazioa dituela sektore horrek nabarmendu dute, eta horrek indartu egiten du iraunkortasunak tokiko garapen ekonomikoari egiten dion ekarpena.
Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeen lagin bat jasotzen du Ekonomia zirkularra modelatuz erakusketa artistikoak, eta bizitzaren alderdi guztietan jasangarritasuna integratzearen garrantziari buruz hausnartzeko aukera ematen du, hezkuntzatik hasi eta industria-ekoizpenera arte. Ekimena beste urrats bat izan da ingurumena babesteko komunitate kontzienteago eta aktiboago bat sortzeko.