Zabalarreta parkea biziberritzeko hausnarketa saio irekia egingo dute

Ataria 2024ko aza. 21a, 13:11

Saioa datorren asteazkenean, hilak 27, izango da. Parkearen sarbideak, bertako landaredia, hiri altzariak edota egungo eta etorkizuneko erabilera posibleak aztertu nahi dituzte, besteak beste.

Zabalarreta parkea Tolosako hiriguneko berdegunerik garrantzitsuenetako bat da, eta bere erabilera indartzea da udalaren nahietako bat. Bada, parkea eguneratu eta biziberritzeko proiektua jarri dute martxan, eta bizilagun eta herritarren ekarpenetatik abiatu nahi da.

Ekarpen horiek jasotzeko, lehen saio bat egin zen inguruko hezkuntza komunitateekin. Orain auzotarrei eta interesa duten gainerako herritarrei zuzendutako deialdi irekia egingo da. Saio hori datorren asteazkenean, azaroak 27, izango da eta bi zati izango ditu; 17:00etan, parkean zehar ibilbide bat egingo da, parkearen zenbait ezaugarri eta elementu aztertzeko, eta segidan, hobekuntzarako ideiak taldean partekatzeko aukera izango da, Inmakulada LHIren areto batean. 

Proposamenei dagokienean, lau esparru jorratu nahi dira bereziki: parkearen sarbideak, landaredia, hiri altzari eta elementuak, eta egungo edota etorkizuneko erabilera posibleak. Dena dela, bestelako ekarpenak egiteko aukera ere izango da.

Zabalarreta parkeari eragiten dion proposamen bat izan zen iazko parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan bozkatuenen artean: bertan kiosko bat eraikitzearena, hain justu. Gerora, inguruko bizilagun batzuk proiektu horren inguruko zalantzak helarazi zizkioten udalari, parkeak lehentasunezko beste behar batzuk zituela argudiatuta. Hirigintzako teknikari zein udal ordezkariek ikuspegi horrekin ere bat eginda, gaia sakonago jorratzea erabaki dute, eta horren ondorio da prozesu hau. 

«Horrek ez du esan nahi kioskoa egitea baztertu denik. Dinamika honetan aztergai izango da, baina ez da aldagai bakarra izango. Zabalarreta parkea bere horretan oso ederra da, eta bere erabilera indartzeko aukera asko daude. Beste behar batzuk ere baditu, sarbide, landaredia edo altzariei eragiten dietenak, esaterako. Proiektu honekin behar horiek guztiak bizilagun eta inguruko eragileekin batera ikusi eta lehenetsi nahi ditugu, ezer egin aurretik», azaldu du Ander Figuerido, hirigintza zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!