Denetariko jarduerak antolatu dituzte hilaren 25era begira

Ataria 2024ko azaroaren 21a

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna da datorren asteko astelehena; Tolosako Asanblada Feministak hainbat jarduera antolatu ditu aurretik.

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, hainbat jarduera antolatu ditu Tolosaldeko Asanblada Feministak. Astelehenean 19:00etan abiatuko da mobilizazioa Trianguloa plazatik; aurretik, ordea, eskuorriak banatzen arituko dira larunbatean, hilaren 23an, Tolosako San Frantzisko pasealekuan.

11:00etan hasiko dira orriak banatzen eta, horietan, hainbat motatako informazioa egongo da eskuragarri. Batetik, aurtengo urtarriletik urrira bitarte estatuan zenbat emakume erail dituzten jasoko du, hilabetez hilabete; eta, bestetik, Tolosako Gizarte zerbitzuetan erregistratu diren indarkeria matxista kasuak ere jarri ditu ikusgai.

Gertakari esanguratsuak
Urtearen errepasoa osatzeko, berriz, oihartzuna izan duten eta eskualdean eragin duten indarkeria matxistaren kasuak ere zerrendatu dituzte, horien artean, Cote Cabezudoren kasua —Tolosakoak dira hainbat erasotu—, osteopataren kasua, Berazubin eta Usabalen gertatutako erasoak eta Adunako prostituzio etxea, non sexualki esplotatzen zituzten hemezortzi emakume.

Asanblada Feministak parte hartzeko deia ere zabalduko du: «Arazoa gizartearena dela esaten badugu... Zergatik egin behar diote aurre egoerari biktimek soilik?». Datorren astelehenean, hilaren 25ean, Trianguloa plazatik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!