Erakusketa solidario bat jarri du abian Naiara Delgadok Tolosako 3 tabernan. Nahia eta bere nahia du izena, eta bertatik ateratzen ari den dirua Nahia Patino Arancon haur andoaindarraren terapientzat bideratuko da. 11 urte ditu Nahiak eta artrogriposis gaixotasuna diagnostikatu diote. Umetokian osatzen ari zela, dirudienez alterazio genetikoren bat izan zuen, eta gero erditzea oxigeno faltarekin izan zen. Ondorioz, menpekotasun fisikoa eta psikikoa ditu.
Delgado Andoainen jaio zen, eta azken 20 urteotan Tolosan bizi da. Nahiaren ama, Saioa Arancon, txikitako laguna du. «Nahia jaio zenetik ezagutzen dut, bere ibilbidea, bere beharrak eta terapiak», esan du Delgadok. «Inoiz ez diot eman laguntza ekonomikorik, eta bururatu zitzaidan erakusketa bat egitea, eta hortik dirua ateratzea, Nahiaren terapientzat».
Orain dela urte pare bat geldialdia izan zuen bere artista ibilbidean Delgadok. Gerora, pintura klaseak emateko aukera atera zitzaion Tolosako kultur etxean, eta horrek berriro berpiztu dio sortzeko grina. «Berriro margotzen hasi naiz, baina margotzeko momentua topatzea kosta egiten zitzaidalako, ikastaro batean eman nuen izena. Nire ikasle batzuk Idoia Lasagabasterren akuarela ikastaroa ari ziren egiten Internet bidez, eta nik ere izena eman nuen», esan du Delgadok.
Bi hilabetez egon da ikastaro hori egiten, eta hor sortu dituen akuarelak dira 3 tabernan ikusgai eta salgai dituenak. «Nik mota horretako lanak ez ditut egiten, nire obra surrealistagoa da, edo naif ukitu bat duela esan daiteke. Baina gustatu zait ikastaroa egitea teknika ikasteko eta sormena berriro martxan jartzeko». 30 bat akuarela egin zituen ikastaro horretan, eta horiekin zerbait egitea pentsatu zuen, azkenik, erakusketa bat antolatu zuen. «Ez nuen besterik gabe erakusketa bat egin nahi, ez ninduen emozio handirik sortzen, eta horregatik lotu nuen Nahiari laguntzearekin».
Martxan jarri zuen egitasmoa, eta bere senarrak, Ibon Barandiaranek, margolanentzako markoak egin zituen. Horrez gain, kutxa bat ere egin zuen Barandiarenek, bertan jendeak bere diru ekarpena egiteko, eta baita egurrezko giltzatakoak ere, bost euroan saltzeko. Margolanak 45 euroan saltzen ari dira, eta dagoeneko bederatzi saldu dituzte. «Obrei prezioa jartzea beti izan ohi da sekulako dilema artista batentzat. Azkenean, prezioa moldatu egin dut, egitasmoaren helburuarengatik. Niretzat balio handiagoa dute, baina ahal den gehiena saltzea da asmoa; erdi pareko prezio batera iritsi gara, kontuan izanik markoek eskulana ere badutela», esan du Delgadok.
Aurreko asteburuan egon da oraingoz zabalik erakusketa, egunotan 3 taberna itxita baitago. Hilaren 28an berriro zabalduko dute, eta erakusketa abenduaren 15a arte egongo da zabalik. Lehen hiru egun horietan, bederatzi margolan saltzeaz gain, 43 giltzatako saldu dituzte, eta jasotako bizumak eta kutxan egindako diru ekarpenak batuta, guztira 740 euro lortu dituzte. «Oso pozik gaude biltzen ari garen diru kopuruarekin», esan du Delgadok. «Ikusten da jendeak bat egiten duela horrelako egitasmo solidarioekin».
Logo berezia
Aurretik, Delgadok eginak ditu erakusketak 3 tabernan, banakakoak eta taldekoak, «eta horregatik ez nuen zalantzarik izan bertan jartzeko. Patxirekin hitz egin nuen, eta berak segituan baiezkoa eman zidan; horrelako ekintzak egiten dituzte eta bera ere prest zegoen laguntzeko». Bestalde, Arri Estudioak Delgadori lagundu dio margolan bakoitzaren etiketak egiten, eta baita kartelak ere. «Logo bat ere sortzen lagundu didate. Nik egin dut marrazkia, eta bertan, Nahiaren behatza dago irudikatuta mugimendua eginez, berak adierazteko duen modu esanguratsua behatz bat mugituz delako», esan du Delgadok. «Egitasmo honi ere jarraipena eman nahiko genioke, beste erakusketa batekin edo beste ekintza mota batekin, Nahiarentzat laguntza gehiago lortzeko, eta logoak jarraipen hori egiten lagundu dezake».
Erakusketan 17 margolan jarrita ditu, eta batez ere itsasoarekin lotutakoak dira. Etxean ditu besteak, eta haietan paisaia urbanoa da nagusi. Saltzen joan ahala beste koadroak jartzeko asmoa du, eta, beraz, erakusketa berritzen joateko asmoa du. «Akuarelan margotzeko teknika ezagutzen nuen, baina ez hain modu errealistan. Akuarela asko erabili dut nire obra surrealistan, baina bereziki ikastaroan eman nuen izena teknika gehiago ezagutzeko, eta gero irakasle moduan erakutsi ahal izateko. Sorpresa hartu dut, asko gustatu zaidalako, eta erraz harrapatu dut nola egin. Gauza interesgarriak eta itxurosoak atera dira. Itsasoa, adibidez, lehendabizikoz margotu dut». Aurrera begira ere, akuarelarekin margotzen jarraitzeko asmoa du Delgadok: «Baditut argazki batzuk eredu hartuta margolanak egiteko, baina nire estilora eraman nahi dut akuarelaren mundu hau».
Ez da bere lehen erakusketa, dagoeneko hainbat egin baititu, eta inoiz ez da sentitu orain sentitzen ari den bezala: «Egia da beste emozio batekin bizitzen ari naizela; agian besteetan egoa zegoen tartean, baina oraingoan ez, erakusketa solidarioa izanik. Horregatik uste dut asko salduko dugula, ez delako niretzat. Artistoi kosta egiten zaigu gure lanaz banantzea, nolabait gure seme-alabak dira, baina orain egoa alde batera utzita daukat, eta solidaritatearen sentimendua ateratzen da, umiltasunez. Nire helburua da denak saltzea. Beste leku batetik egiten ari naiz erakusketa hau, eta emozionalki beste modu batera sentitzen ari naiz».
Urtero, hilabetez, Madrilen
Saioa Aranconek azaldu duenez, erakusketaren ideia berarentzat sorpresa bat izan zen, eta ondo hartu zuen familiak: «Niretzat emotiboa izan da. Ez nuen espero, eta bakarrik egitasmoak berak betetzen nau, kontuan izan gabe zenbat diru lortzen den. Gure egoera ezagutarazteko balio du». Urtero eramaten dute Nahia terapia berezi bat egitera Madrilera, hilabete batez. Beraien oporrak erabiltzen dituzte horretarako, eta etxebizitza bat alokatzen dute.
Artrogriposis gaixotasunarekin jaiotzean, Nahiak ez zituen eskuak irekitzen, ez zen eserita mantentzen. «Pixkana irekitzen ditu eskuak eta eserita mantentzen da, eta hori terapia pribatu horiei esker izaten da gehienbat. Tonu muskularra lantzen dute, oreka... Han egiten dute parte indartsuena, eta hemen Aspaceko fisioterapeutekin eta Pausoka guraso elkartearen bidez mantenua egiten du», esan du Aranconek. «Profesional onak daude Aspacen, eta dituzten baliabideekin lan handia egiten dute». Nahiak Madrilen hartzen dituen terapia horiek ez daude osasun sistema publikoaren barruan. «Terapia horientzako diru laguntzak izatea nahiko genuke. Ez dut esperantza galtzen, eta ea etorkizun batean zerbait lortzen den».
Aurten, Delgado lauzpabost egun egon da Nahiarekin eta bere amarekin Madrilen. «Ordurako pentsatuta nuen erakusketa egitea, erdi lotuta neukan, baina egia da han egonik eta bere eguneroko bizitza ikusirik, gehiago ohartu naizela bere egoeraz. Saioa lanean egon gabe bizitu dut hori, hau da, erabat Nahiarekin dagoela. Lanera joaten denean, egoeraren gogortasunaz gehiago jabetzen naiz», nabarmendu du Delgadok. Laguntzak jasotzen ditu familiak, eta adibidez lanaldi murriztua hartu dezake Aranconek, baina beste laguntza batzuk ez ditu eskura. «BOEn zehaztuta daude gaixotasun arraro batzuk eta hor agertzen bada bere diagnostikoa, hartu dezakezu murrizketa eta soldata osoa jasotzen duzu. Baina berea ez da azaltzen», zehaztu du Aranconek.
Hainbat ebakuntza egin dizkiote Nahiari: bi aldakak, bi belaunak, hanketan ere egin dizkiote, eta orain eskuineko hankan ere beste ebakuntza bat egin behar diote. «Bagoaz pixkanaka aurrera ebakuntzekin eta terapiekin», esan du Aranconek, eta eskertu egin du jendea egiten ari den ekarpena erakusketaren egitasmoaren bidez. Delgadok bat egin du esker-ematearekin eta proiektuan laguntzen ari direnak gogora ekarri ditu, beraien ekarpena eskertuz: 3 taberna, Arri Estudioa, Ibon Barandiaran eta Testone Hojas, azken hori giltzatakoak egiteko materiala uzteagatik.
'Nahia eta bere nahia' erakusketa
Naiara Delgadok akuarelaz margotutako obrekin osatutako erakusketa solidarioa, Nahia Patino Aranconi laguntzeko.
Non eta noiz: 3 tabernan (Tolosa), azaroaren 28tik abenduaren 15era.
Salgai: Margolanak eta giltzatakoak.
Ekarpena: Kutxa batean egin daitezke diru ekarpenak, eta baita bizum bitartez (modu honetan egiteko aurretik kontaktuan jarri).
Kontaktua: Naiara Delgado, 677 34 06 85.