Etzi, ostiralean, Musikarien Eguna ospatuko da, eta aurten ere, eskualdeko musika eskolek bat egingo dute ospakizunarekin. Tolosan, Eduardo Mocoroa Musika Eskolak zenbait ekitaldi antolatu ditu, baita Tolosako Udal Musika Bandak eta Udal Txistulari Bandak ere.
Ohikoa izaten den bezala, egunean bertan eta bezperan kalejirak egingo dituzte herriko kaleetan zehar. Bihar, osteguna, musika eskolako ikasleen bandak, harizko instrumentuen taldeak, akordeoi taldeak eta txistu taldeak kalejirak egingo dituzte. 19:00etan abiatuko dira musika eskolatik. 20:00etan, Plaza Berrian elkartuko dira talde guztiak, kantu bateratu bat jotzeko.
Ostiralean, Tolosako Udal Musika Bandaren eta Udal Txistulari Bandaren txanda izango da. Musika bandak Xexili Eguneko kalejira egingo du, 19:30ean Gorriti plazatik abiatuta. Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko dituzte bandako kideek, Plaza Berrian amaitu aurretik. Aurten, gainera, txistulariekin batera joko dute kalejiraren zati batean.
Estreinaldien kontzertua
Azkenik, igandean, herriko bost musika taldek Xexili Eguneko kontzertua egingo dute Leidor aretoan, 12:00etan hasita. Urtero bezala, udal musika bandak antolatu du emanaldia, eta aurten, Hodeiertz abesbatza, Tolosako Udal Txistulari Banda, GiroArte Dultzaina Taldea eta Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra ariko dira bandaz gain. Urteko kontzertu bereziena izan ohi da taldeentzat, besteak beste, obra berriak estreinatzeko baliatzen baitute hitzordua.
Hodeiertz abesbatzarentzat, lehen kontzertua izango da Victor Galvan zuzendari berriarekin. Hiru obra estreinatuko dituzte, horietako bi, Txoria Txori eta Ama begira zazu, Galvanek berak moldatutakoak.
Udal txistulari bandak, Eduardo Mocoroaren txisturako moldaketa bat barne, hiru obra interpretatuko ditu Iñigo Azkueren zuzendaritzapean.
GiroArte Dultzaina Taldeak, berriz, bi kantu joko ditu, horietako bat lehen aldiz. Perkusio instrumentuek lagunduta arituko dira, eta estreinakoz batuko dituzte dultzainak, metalezko instrumentuak eta sokazko laukote bat.
Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak hiru obra eskainiko ditu, horietako bat Garena taldearekin elkarlanean.
Azkenik, udal musika bandak, bi obra interpretatuko ditu, tartean, Armeniako bost folk kantuz osatutako pieza berezi bat, musika banden errepertorioetan ohikoak ez diren erritmoak uztartzen dituena.