Kolpatu dituzten errinozeroek sortutako lana

Ataria 2024ko azaroaren 19a

Argazkia: Postal Kolekzionistak.

Postal Kolekzionistak taldeak bere hirugarren diskoa kaleratu du: 'Ezusteko Kantak: errinozerontea'; formatu fisikoan lortu ahalko da Durangoko Azokan.

Bat-batean datozen kantuak, kolpetik konposatzen diren horiek biltzen ditu Postal Kolekzionistak talde tolosarrak aurkeztutako lan berriak: Ezusteko Kantak: errinozerontea. Bildumaren lehenengo zatiak urtea beteko duenean iritsi dira kantu berriak, denen artean zazpi kantuko bilduma osatuz.

Errinozeroa «indar ikonikoa» duen animalia dela nabarmendu du Iñigo Asensio taldeko kide eta sortzaileak. «Bahman Gobhadi zinema zuzendari iraniarraren «kolpatu gaitu errinozeronteak» metafora bisuala baliatu nuen diskoaren esaldi bat osatzerakoan, eta sentitu nuen esaldi hark laburbiltzen zuela nolabait Ezusteko Kantak kontzeptua. Diskoa bada kolpatu gaituzten errinozeroek sortutako lana, neurri batean», azaldu du.

Sortzaileak iradokitzen du Ezusteko Kantak gehiago izango direla bilduma honi jarraipena emanez. «Kantak berak ezustean harrapatzen du musikaria, eta kanta horietako batzuk osatzen dute lan berria», esan du Asensiok. Ez dira bakarrik aritu zazpi kantu hauetan eta lehen bilduman Mugan taldeko Pablo zein Anerekin elkarlanean aritu ostean, Sara Azurzaren kolaborazioa izan dute lan berriko Errinozerontea kantuan.

Ohiko plataformetan dago entzungai taldearen hirugarren lana, eta lehendabizikoz, Durangoko Azokan egongo da bilduma formatu fisikoan lortzeko aukera. Abenduaren 5ean, Ahotsenean aurkeztuko dute, 18:00etan.

'Ezusteko Kantak: errinozerontea' diskoaren azala; Irati Etxeberria tolosarrak egin du diseinua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!