Tolosako udal gobernuak 2025 ekitaldirako aurrekontu proposamena aurkeztu du: 38,9 milioi euroko aurrekontua da, iazkoa baino 700.000 euro inguru handiagoa. Igoera «txikia» izango dela esan dute. «Nagusiki, udalaren diru sarrera nagusia den Aldundiaren Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik aurreikusi baino %4,9 gutxiago jaso du udalak, abuztuan mutualisten itzulketekin egin behar izan zuten zuzenketa medio», azaldu du udal gobernuak.
Oinarrizko zerbitzuak biltzen dituen gastu arrunta 34 milioi eurokoa izango da, oro har, giza baliabideetarako, argiteriarako, kultur eta kirol eragile eta auzo elkarteen diru laguntzetarako, kale garbiketarako edo etxez etxeko laguntzarako, besteak beste. «Azken hauen kontratuek igoera nabarmena izan dute, hobekuntzak tarteko». Inbertsioetarako eta proiektu nagusiak gauzatzeko, berriz, ia bost milioi euro izango ditu udalak.
Datorren urterako erronkak lau multzotan sailkatu ditu udal gobernuak: jasangarritasun politiketan sakontzea, gizarte kohesioa indartzea, herrian espazio atseginagoak eta auzoetan modu orekatuan sortzea eta udal administrazioa herritarrentzat irisgarriago egitea.
Bidegorri sarea eta zaintza lanak
Herri jasangarriago bat helburu, ingurumen, mugikortasun eta energia alorreko erronkei aurre egiteko proiektuak biltzen ditu aurrekontuak. Besteak beste, hondatuta dagoen Usabal kiroldegiaren instalazio termikoaren aldaketa, LED argiteriaren instalazioa, Hiribusaren zerbitzua indartzea eta markesina berriak jartzea, egun berezietan komunen zerbitzua gehiago indartzeko lizitazioa, edota, inbertsio potoloenen artean, Iurramendi kalearen berrurbanizazioa, herriko bidegorri sarearen bi adarrak batzeko balioko duena.
Gizarte kohesioa da beste ardatzetako bat. «Feminizatutako zaintza lanetako kontratuetako lan baldintzak hobetzeko zenbait konpromiso hartu ditu udalak, hala nola, etxez etxeko laguntza zerbitzuan, ordu poltsa igo da, gainera, eta arreta psikosozialaren zerbitzuan. Zaintza diagnosiarekin ari gara orain; bada, ondoren, beste esparru batean jarriko dugu fokua: herrian hauskortasunaren egoera aztertzeko lanketa txertatu da aurrekontuan. Menpekotasun egoeran ez dauden, baina inguruan duten babes-maila zaurgarria, besteak beste, adinagatik, izan dezaketenen egoera da hori».
AuzoEkin proiektua
Tolosaren bizigarritasunari dagokionez, herri atseginago bat egiteko lanak herriko gune guztietan zehar orekatzeko helburua jarri du udal gobernuak. Helburu horrekin jarriko du martxan AuzoEkin proiektua: «herria zortzi eremutan banatuko da, eta etorkizunera begira eremu bakoitzarentzat ekintza plan bana egitea da asmoa, inbertsioak leku guztietara bideratzeko». Alde Zaharreko Plan Integralaren bigarren zatia gauzatzeaz gain, beste hiru eremurekin abiatuko du udalak plan hori egiteko lanketa: Izaskun, Iparragirre eta Bidebieta auzoak batzen dituen inguruarekin, San Esteban auzoarekin eta landa eremuko auzoekin. Lan horiek aurrekontuan txertatu dituzte.
Gorriti plazako obra egitea izango da datorren urtera begira udal gobernuaren helburu nagusienetako bat. Horrez gain, herritarrek eta auzo elkarteek eskatutako zenbait lan aurreikusten dituzte: Iurre auzoan Euskaldun berria zubiaren inguruko errepidearen berrurbanizazioa, Ferialekuaren egokitzapena, San Esteban auzoko berdeguneen handitzea eta San Blas ermita inguruan oinezkoentzako bidea egiteko berrurbanizazio lanen lehen fasea –lurren desjabetzeak–. Herrian asfaltatze lanak egiteko ere milioi erdiko partida txertatu dute. Iurramendin belaunaldi arteko etxebizitza eredu berriaren proiektua garatzeko partida ere aurreikusi da aurrekontuan, baita, hiri ekonomiari dagokionean, herriko saltokietan kontsumoa sustatzeko bonu kanpainarena ere.
Paraleloan, udala hirigintza alorreko proiektu gehiago ari da lantzen. «Aurrekontuan txertatuta ez badaude ere, horiekin aurreratzen jarraituko dugu eta, epeek emango balute, kreditu txertaketa bidez egikaritzen hasi daitezke. Egoera horretan dira, esaterako, Iurre 1-13 plazen, Araba etorbideko plazen edota Iurramendi pasealekuaren berrurbanizazioak; Arrameleko zubia eta biribilgunea egokitzea; Trianguloa plazako lurraren aldaketa; eta Arkaute etxeko mendizaletasunaren museoa», azaldu du udal gobernuak.
Webgune berria
Azkenik, udala eta administrazioa irisgarriago egiteko neurriak hartzen jarraituko dutela azpimarratu dute: «Webgune berria da aurreikusten den inbertsiorik nabarmenena, behar berrietara egokitzeko. Tresna gehiagoren inplementazioa aurreikusten da, hala nola, Decidim plataformarena, herritarren parte hartzea sustatzeaz gain, proiektuen jarraipena modu errazagoan egitea ahalbidetzen duena».
Aurrekontu proposamena aurkeztuta, aste honetan oposizioaren ekarpenak jasoko ditu udal gobernuak. Andu Martinez de Rituerto alkateak nabarmendu duenez, proposamenak jasotzeko prest da gobernua: «Akordioak erdietsi nahiko genituzke. Beti da positiboa ideia berriak jasotzea. Dena dela, proposamen horiek beren finantzaketa landua izatea eskatu dugu».
Proposamenak jasoz gero, horiek aztertu eta txertatu ostean osatuko du udal gobernuak behin betiko aurrekontua, eta iaz bezala, aurrerago aurkeztuko die herritarrei.