elkarrizketa

«Munduko hizkuntza gehienen desagerpenera garamatzate»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko aza. 20a, 07:59

‘Cuando nin tu nin naide’ dokumentala ondu du Gutierrik. Asturleondar hizkuntza komunitatearen historia jaso du eta helburu du, besteak beste, jendea kontzientziatzea.

Gaur arratsaldean aurre estreinaldi bat jasoko dute Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan, hain zuzen, Cuando nin tu nin naide dokumentalaren estreinako emanaldia. Proiektuaren helburuetako bat izan da asturleondar hizkuntza-komunitatearen historia jasotzea eta bere kabuz gauzatu du lana Xer Gutierri arduradunak. Jarduera 19:00etan hasiko da, eta bertan izango da Gutierri egilea ere.

Zer topatuko du dokumentala ikustera joaten denak?
Dokumentalean saiatu naiz maitasuna eta errespetua transmititzen kulturarekiko, lurrarekiko, bizitza eman ziguten arbasoekiko... Eta helburua da, besteak beste, hizkuntzek eta kulturek duten balioaz jendea kontzientziatzea, maila humano eta existentzial batean. Askotan politizatu egiten da, eta ez da giza sustrai horretara jotzen. Oso garrantzitsua da hori. Denok izan beharko genuke gure ama hizkuntza erabiltzeko eskubidea eta askatasuna.

Zein erronka izan dituzu proiektua garatzeko orduan?
Asko izan dira, egiten dudan lehen proiektu handia delako. 2016an hasi nintzen, pentsa. Hasieran gauza laburrago bat egin nahi nuen, eta soinu banda neronek egiteko asmoa nuen... Baina gero ikusi nuen materialak bazuela zerbait handiagoa egiteko mamia; eta egitea erabaki nuen. Ekoizpenaren arlo guztiak bakarrik egin ditut, horregatik luzatu zait hainbeste.

Nondik datorkizu gai hori lantzeko interesa?
Bada, nire pertsonaren ardatzean daramadan zerbait delako. Asturiasen hazi naiz, nire familia beti egon da kulturari lotuta: hizkuntzari, lurrari, kultura tradizionalari... Eta niretzat oinarri bat dira. Eta Asturiaskoak ere bai, azken finean. Izan ere, uste dut Asturiasek oso lurralde zabala duela: natura asko, zeina belaunaldiz belaunaldi gizakia bizi izan den; eta baita hiriak ere, zeinak bizitzeko beste aukera bat zabaldu duten. Dena dela, nire ustez, garrantzitsuena da lurraldearen kulturari duen garrantzia ematea.

Zergatik da beharrezkoa hizkuntzari eta egoera horri ikusgarritasuna ematea?
Hizkuntza aldarrikatzea da asmoa, baina baita mezu bat helaraztea ere. Hain zuzen, gatazka globala dela: egoera sozioekonomikoek, tokiko zein nazioarteko politikek... Munduko hizkuntza gehienen desagerpenera garamatzate; eta hori sekulako galera izango litzateke.

Ezin dugu galtzen utzi, horregatik da hain garrantzitsua kultura ezagutzea, lurrarekiko errotzea... Globalizazioa oso ondo dago, baina baditu alde negatiboak ere: deserrotzea, globala gailentzea, lurrarekin eta inguruko jendearekin lotura galtzea...

Dokumentala ikusi ondoren, jendeak zer ondorioztatzea gustatuko litzaizuke?
Kultura guztiak direla garrantzitsuak eta hizkuntza guztiak, baliagarriak zein baliotsuak. Kontrakoa esaten digutela, eta horiek argudio ideologikoagoak direla. Eta hizkuntza eta kultura guztiek dutela gizartean presente egoteko eskubidea. Denok errespetatu beharko genituzke mundu osoko ama-hizkuntzak.

Asturieraz abesten duen artista entzutetsuenetako bat da Rodrigo Cuevas. Zein ekarpen egiten diote hizkuntzari mota horretako jardunek?
Ekarpen oso garrantzitsu bat egiten dute, hizkuntza testuinguru  gaurkotuago batean erabiltzen baitute. Beharrezkoa da garai bateko zein gaur egungo folklore guztia ondo gordetzea, baina baita garatzea ere. Entzun dezala jende gazteak, hor baitago erronka nagusia: kulturak zabaldu eta gazteengana iritsi behar du. Bizirik jarrai dezan.

Zer esan nahi du zuretzat dokumentala Euskal Herrian aurkezteak?
Ohore bat da. Oso interesgarria iruditzen zait iritziak partekatu ahal izatea, euskara eta euskal komunitatea ere gutxitutako hizkuntza eta kultura bat diren heinean. Euskaldunei ere ukatzen zaizkie hizkuntza-eskubideak. Eta komunean daukagu jaio garen lurraldearekiko eta kulturarekiko maitasuna.

Hemengo jendearen berri izan nahiko nuke, eta informazio gehiago jaso Euskal Herriaz, hizkuntza sentitzeko duzuen moduaz, normalizazioaz... Kultura gutxituen arteko komunikazio-fluxu hori osatu behar dugu. Horregatik, garrantzitsua da mota guztietako ezagutzak eta itxaropenak partekatzea. Nik uste positiboa dela, eta elkarrengandik ikasteko sinergia interesgarriak sortzeko aukera ematen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!