Tolosako Herritarren Batzarra praktika eredugarri gisa definitu dute

Ataria 2024ko azaroaren 16a

Atzoko jardunaldiko une bat. Argazkia: Tolosako Udala.

Hala azaldu zuen, atzo, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak, Lehiberri zentroan ospatu zen 'Demokrazia Deliberatiboaren hedapena eta instituzionalizazioa Euskadin' jardunaldian.

Demokrazia Deliberatiboaren hedapena eta instituzionalizazioa Euskadin jardunaldia ospatu zen, atzo, Lehiberri Zentroan. Euskal erakunde publikoetako, Eusko Legebiltzarreko, demokrazia deliberatiboan aditu diren erakundeetako, berrikuntza eta ezagutza eragileetako eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) ordezkariak batu zituen hitzorduak, 40 lagun inguru guztira. Demokrazia deliberatiboaren esparruan tokiko erakundeek abian dituzten esperientzia eta proiektuak ezagutu eta haien garapena partekatzea izan zen saioaren helburua. Amaieran, zenbait hausnarketa partekatu zituzten taldeka.

Praktika eredugarri gisa definitutako esperientzien artean, Tolosako Udalak sustatu eta gaur egun aplikatzen duen Tolosako Herritarren Batzarra proiektua nabarmendu zuen Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak, Demokrazia deliberatiboa sustatzen Euskadin txostenaren aurkezpenean. «Ezaugarri interesgarri asko ditu. Proiektua aztertu dugunean, hobetzeko esparruak ere topatu ditugu, deliberazio publiko iraunkorrago eta sistemikoago bat ahalbidetzeko: publiko gehiago atxikitzea, udal teknikariak engaiatzea, ebaluazioaren sistematizazioa edo jarraipenarena, besteak beste. Tolosa bide horretan ari da lanean», azaldu zuen Mauricio Mejía ELGAko ordezkariak.

Hiru lan lerro

Jardunaldian bertan, Andu Martinez de Rituerto alkateak azpimarratu zuen udalak herritarren parte hartzean sakontzen jarraituko duela: «Herri elkarrizketarako espazio egonkor eta iraunkor berriak aztertu nahi ditugu, gerora lidergo konpartituak eta lan egiteko modu kooperatibo eta komunitarioak ahalbidetzeko».

Hori garatu ahal izateko gobernuak hiru lan lerro zehaztu dituela azaldu zuen:

  • Herritarren Batzar Iraunkorra: Orain artekoan oinarrituta, Herri Asanblada iraunkor bat sortzeko baldintzak eta beharrak aztertu dituzte, eta hortik abiatuta hausnarketa bat egin dute. «Esperientziaren ebaluazioa ona da, eta aurrera begira zenbait ezaugarri hartu dira kontutan, batzar iraunkor hori sortuko balitz, aplikazeko». Beste proiektu batzuetara ere dinamika hori eramaten ari da udala, Haurren Hiriara edota Nerabeen Forora, besteak beste.
  • Erabaki Tolosa, parte hartze digitalerako tresna: Herritarren parte hartzerako Decidim plataforma digitala martxan jartzeko zerbitzua kontratatu berri du udalak, sofware librekoa eta oso zabaldua mundu osoan zehar. Plataforma honen bitartez, parte hartzeko guneak eratu ahal izango dira, eta herritarrek egitasmo, batzar, prozesu edo gai zehatzei jarraipen sakonagoa egiteko aukera ahalbidetuko du, baita inkesta, proposamen, bozketa eta iritziak jasotzeko bestelako bideak jorratzeko ere.
  • AuzoEkin, Tolosako auzoen garapen integral orekaturako: Tolosako auzo elkarte batzuekin batera, parte hartzerako markoa diseinatu du udalak azken hilabeteotan. Zortzi eremutan antolatu da herria eta eremu horietako bakoitzean, diagnostiko orokorra egin ostean, lau urterako plana landu nahi da, ekintza-komunitarioaren bidetik, elkarlanean jarduteko. Gainera, parte hartze bidezko aurrekontuekin uztartu nahi da, eta eremu bakoitzeko auzotarrek urtez urte dagokien aurrekontuarekiko erabaki ahalmena izango dute. Aurki emango ditu udalak egitasmo honen inguruko azalpenak, xehetasun gehiagorekin. 

Garikoitz Lekuona Komunitatea eta Gobernantza Saileko teknikari arduradunak ere hartu zuen hitza atzoko ekitaldian: «Bide honek, konpromiso politikoa ez ezik, bultzada teknikoa ere badu. Demokrazia deliberatiboaren printzipioak, kanpora begira ez ezik, udalean ere txertatzea gustatuko litzaiguke. Kultura hori errotu nahi dugu, eta politika publikoetan eta lege eta ordenantzetan inpaktua izatea nahi dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!