Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskerrak eman dizkie tolosarrei

Ataria 2024ko azaroaren 14a

Elkarteko boluntarioak, iragan larunbatean Tolosan.

Iragan larunbatean egindako diru bilketan 5.500 euro jaso zituzten; ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dute.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Tolosan iragan asteburuan egindako diru bilketan parte hartu zuten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Azaldu dutenez, gizarteak minbizia duten pertsonei babesa emateko helburuarekin ospatu zen eguna, «ikertzaile, osasun langile, boluntario, psikologo eta gizarte langileekin konpromisoa hartzeko eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzeko». Bada, herritarren ekarpenekin 5.554,37 euro biltzea lortu zuten.

Hainbat boluntariok hartu zuten parte jardunaldi solidario horretan, herriko hainbat tokitan jarri zituzten mahaietan. «Urteko diru-bilketa, herritarrei elkartea hor dagoela eta pazienteei eta senideei laguntzeko lanean jarraitzen duela gogorarazteko aukera ematen duen ekimena da», adierazi dute.

Lortutako baliabideak ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dituzte. «Diru bilketari esker, ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen eta paziente eta senideei laguntzeko programak egiten jarraitu, eta gaixotasunaren prebentzioko eta detekzio goiztiarreko kanpainak egiten jarraitu ahal izango da. Elkartearen zerbitzu guztiak doakoak dira eta, beraz, diru bilketa bezalako ekimenak ezinbestekoak dira hauek mantendu ahal izateko», esan dute.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartetik boluntario guztiei eskerrak eman dizkiete, «ekitaldi honetan eta beste batzuetan parte hartuz elkarteari laguntzen egiten duten lanagatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!