Argazki rallya egingo dute lehen aldiz

Ataria 2024ko azaroaren 14a

Targazki elkarteak I. Targazki Argazki Rallya antolatu du larunbaterako; helduek nahiz gazteek parte hartu ahalko dute.

Targazki elkarteak antolatuta, larunbatean, hilaren 16an, I. Targazki Rallya egingo dute Tolosan. Argazkilaritza gustuko duen edonork, heldu zein gazte, parte hartu ahalko du.

Parte hartzeko, Emeterio Arreseko 2an kokaturiko Targazkiren egoitzara jo beharko da, larunbatean bertan, 09:00etatik 10:00etara, izena ematera. Helduek, 16 urtetik gorakoek, 10 euro ordaindu beharko dute, eta prezio horretan hamaiketakoa sartuko da. Hain justu, izena ematerakoan jakingo dute parte hartzaileek argazkien gaia. Bost gai emango dizkiete antolatzaileek, eta Tolosako eremuan argazkiak atera ostean, 13:00etatik 14:00etarako tartean deskargatu beharko dira argazkiak Targaziren lokalean. Ondoren, azaroaren 21era arteko epea izango dute argazkilariek lehiaketara aurkeztu nahi dituzten argazkiak bidaltzeko. Proposaturiko gai bakoitzeko argazki bat bidali beharko da, targazkirallya@gmail.com helbidera.

Helduek kamera digitalekin parte hartuko dute, eta gazteek mobilekin. Epaimahaiak argazki onenak aukeratuko ditu, eta horiek abenduaren 13an kultur etxean egingo den ekitaldian emango dira jakitera. Irabazleak 120 euro eta garaikurra jasoko ditu, bigarren geratzen denak 90 euro eta garaikurra eta hirugarrenak 70 euro eta garaikurra. Bertako onenak ere saria izango du, 50 euro eta garaikurra. Gazteen artean onenak 50 euro eta garaikurra jasoko du. Sari berezi bat ere egongo da, 50 euro eta garaikurrarekin, eta kasu horretan egunean bertan azalduko dute nola eskuratu.

Targazki Rallya IX. Herriz Herri Argazki Rallyen Txapelketaren barruan sartu dute, beraz, puntuagarria izango da ligarako. Dena den, edonork parte hartu dezake, nahiz eta ligako beste rallyetan ez parte hartu.

Targazki elkartetik herritar oro animatu dute parte hartzera, «edozein pertsonarentzat esperientzia politak izaten baitira mota honetako lehiaketak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!