Tolosako Udalak belaunaldi arteko etxebizitza proiektu bat abiatzeko asmoa du Iurramendin

Ataria 2024ko aza. 13a, 19:58

Gazteei eta adin nagusiko pertsonei lekua egin eta elkarren arteko elkarbizitza sustatzea da nahia. Azaroaren 20an, asteazkena, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko jardunaldia egingo dute udaletxean.

Tolosako Udalak belaunaldi arteko etxebizitza proiektu bat abiatzeko asmoa du, zehazki, Paper kaleko biribilgunearen alboan, gaur egungo etxeen eta Iurramendi kalean eraikitzen ari diren eraikinaren arteko orubean. Alokairu erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzak egitea dago aurreikusia, baina eredu berritzaileak jorratuz egin nahi ditu udalak. 

Adin tarte ezberdinetako bi kolektibori –gazteei eta adin nagusiko pertsonei– lekua egin eta elkarren arteko elkarbizitza sustatzea da udalaren nahia. Modu horretara, bi helbururi aurre egin nahi diete. «Alde batetik, gazteen emantzipazio beharrari beste aukera bat ematea eta, bestetik, adinekoentzako zaintza ikuspegia bilduko duen etxebizitza eredu bat sustatzea», adierazi du udalak.

Ander Figuerido hirigintza eta etxebizitza alorretako zinegotziak nabarmendu du egun gazteak eta adin nagusiko pertsonak etxebizitza merkatutik «baztertuta» sentitzen direla. «Lehenak, diru-sarrerengatik, eta bigarrenak, irisgarritasun, kokaleku, bakardade eta bestelako ezaugarri eta beharrengatik. Hori dela eta, izaera publiko-komunitarioko eredu bat sustatu nahi dugu, bi kolektibo horien gaur egungo beharretara gehiago egokituko dena», azaldu du.

Udalak adierazi du herritarrek egindako eskari bat dela eredu berriak bilatzearena. «Herritarren Batzarrak egindako gomendioetako bat izan zen, eta Gazteparte prozesuan ere bide hori jorratzeko eskaera egin zuten 18 eta 30 urte bitarteko gazteek».  

Lau saioko parte hartze prozesua

Proiektu arkitektonikoaz haratago, ordea, proiektua modu integralean diseinatzerako orduan herritarrak engaiatu nahi ditu udalak, izaera, funtzionamendua, espazioen erabilerak, sarrera baldintzak, eta bestelako zenbait ezaugarri elkarrekin definitzeko. Horretarako, otsailean parte hartze prozesu bat abiatuko dute, gutxienez lau saio izango dituena.

Aurrez, eta abiapuntu modura, proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu udalak udaletxean egingo duten jardunaldi batean. Azaroaren 20an izango da, asteazkena, 18:00etan pleno aretoan, eta gaian interesa duten gazte nahiz helduei zuzenduta dago. Eredu berriaren eta parte hartze prozesuaren xehetasunak eman ez ezik, beste eredu batzuk ezagutzeko aukera ere izango da hitzaldian, besteak beste, Usurbilgo Txirikorda proiektuarena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!