Mendi irteera Arabako Lautadatik

Ataria 2024ko azaroaren 13a

Datorren iganderako, azaroak 17, Alpino Uzturre Elkarteak goizean zehar egiteko mendi ibilaldia antolatu du.

Galarreta-Korrosparri-Arriola ibilbidea egingo dute goizekoa izango den mendi irteeran. Galarreta (655 m.) Donemiliagako (Araba) kontzejua da. Aratz mendiaren hegalean kokatzen da, Altzania mendilerroan. Ondoren Korrosparri mendira (756 m.) igoko dira, eta azkenik Arriolan bukatuko dute.

Galarretako hariztietatik igaroko dira mendizaleak, tartean mila urte eta 8 metroko perimetroa duen haritzarekin topo egingo dute. Hutsa dago (ez hila) eta hainbat pertsona sar daitezke barruan. Galarretako aitona deitzen diote. Urkate ur jauzia ere ikusiko dute, Arabako bitxienetakoa. Guztira 12,4 kilometroko ibilbidea izango du irteerak.
 
Autobusa 07:30ean aterako da San Frantzisko elizatik eta itzulera Tolosara bazkalordurako izango da. Autobusa bazkideek 13 euro ordainduko dute, eta ez bazkideek 15 euro. Informazio gehiago eta izena emateko: Alpinouzturre.eus webgunean, info@alpinouzturre.eus emailera oharra bidaliz edota 747456014 zenbakira deituz.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!