Celeste Grimau argentinarrak ziur ez duela berehalakoan ahaztuko azken asteetan Patagonia ingurutik Euskal Herrira egindako bidaia. Pasa den ostegunean, bere birraitona Juan Iriarte tolosarraren herria bisitatu zuen. Edozein familiatan gertatu daitekeen kontakizuna dirudi, baina Iriarteren bizitzak badu mamia.
Juan Iriarte 1856an jaio zen, Tolosan. 1870ean, 14 urte besterik ez zituela, Buenos Airesera joan zen. «Ez zen gerragatik joan, ezta bizitza hobe baten bila ere, osabak gonbidatu zuelako baizik. Argentinara migratutako asko diru gehiago lortzeko asmoz joaten ziren lehen, baina bera ez», azaldu du Grimauk. «Osabak, taberna edo jatetxe bat zuen Argentinan. Bezeroek ez zituzten jan-edanak diruz ordaintzen, lursailekin baizik; hektarea asko batu zituen. Hil aurretik, birraitonaren esku utzi zituen lursailak; ez zuen seme-alabarik eta ilobari eman zion dena», gaineratu du.
Iriartek Argentinako Caras y Caretas aldizkariaren 1932ko urriko zenbakian kontatu zuen lehen egunean Argentinan bizi izandakoa: «Iritsi nintzen egunean, euskaldunen ohiko gotorlekura joan nintzen, Konstituzio Plazara. Nire herrikideen zenbait argibide jaso ondoren, Doloresera joan nintzen trenez, eta bertatik Miraflores estantziara. Bertan lan egiten zuten nire osaba batek eta nire anaiak; saltzaileak ziren. Egun batean, Ayacuchora eraman ninduen anaiak, hotel batean lan egiteko, baina osaba ohartu zenean, Mirafloresera eraman ninduen bueltan, saltzaile aritzeko».
24 urterekin lanean jarraitzen zuen Iriartek, baina osabaren baimenarekin, gurasoak bisitatzera itzuli zen Euskal Herrira. «Nire bizitzako une pozgarrienetako bat izan zen», adierazi zuen aldizkariko artikuluan. «Bost hilabete beranduago itzuli nintzen osabarengana, baina berehala utzi zuen albo batera lana, eta nik gogo handiz ekin nion abeltzaintzan lan egiteari». 50 urtetan, abeltzaintzan aurrerapen handiak izan zirela aitortu zuen Iriartek.
Kultuak, edukatuak
Hamar urte beranduago, 34 urterekin, Manuela Isabela Otalora Maiztegi oñatiarrarekin ezkondu zen Iriarte; Otalorak 19 urte zituen orduan. Bederatzi seme-alaba izan zituzten, bost neska eta lau mutil. «Lehen lauak neskak izan ziren, eta beraiek gizonezko bat nahi zuten, kosta ala kosta. Legenda bat dirudi, baina hori lortzeko, Argentinatik Euskal Herrira bidaiatzeko aholkatu zieten, klima hobea zela eta. Donostiara etorri ziren Juan eta Manuela, urtebeterako, hemen erditzeko. Orduan jaio zen nire amonaren lehen anai zaharrena», kontatu du Grimauk. «Olavarriara (Argentina) itzuli ziren gero, Buenos Airesko probintziako hirira. Bertan, hiru mutil gehiago jaio ziren, eta azkenik, nire amona, Dolores Agustina Iriarte», gehitu du.
Iriarteren birbilobak nabarmendu duenez, Iriartetar sendia ondo hezitako familia bat zen, eta ekonomikoki indartsua. «Kontatu didatenagatik, familia diruduna zen. Migratzen zuten familia asko pobreak ziren; beraiek, berriz, ez. Migratzaileak, oro har, langileak izaten ziren, baina beraiek ez horrenbeste; kultuak ziren, edukatuak».
San Juan azienda
Ezkondu ondoren, lursail bat alokatu zuen Iriartek, lagun batekin batera. Ganadutegia eta saltokia zituen ustiapen misto bat jarri zuten abian. Bi urte beranduago, alokairuaren kontratua amaitzean eta, gainera, negozioaren errentagarritasuna hain ona ez zenez, banandu egin ziren bazkideak. Orduan, abeltzaintzan erabateko arduraldia edukitzea erabaki zuen Iriartek, eta 1898an, 42 urterekin, gerora bere seme Juan Miguel, Antonio, Enrique eta Eusebioren kargu geratuko zen lursaila erosi zuen.
1900ean Euskal Herrira bidaiatu zuen familia osoarekin, hemen betirako geratzeko asmoz. «Ezin izan nuen, Argentinak erakartzen ninduelako», kontatu zuen Iriartek. Hego Amerikara itzuli eta 1902an San Juan azienda sortu zuen; gerora, semeek kudeatu zuten ganaduaren ardura. «Lanerako maitasun handia dute, ezinbestekoa baita ganaduaren ustiapena egokia izan dadin», esan zuen. 1907tik aurrera, zenbait sari lortu zituzten. Besteak beste, hiru urtez jarraian, 1929tik 1931ra, zezen multzo onenaren urrezko domina lortu zuten, Olavarriako Udalaren eskutik. Gaur egun, ia ehun urte geroago ere, Iriarteren ahaideek kudeatzen dute azienda.
Tolosara, kasualitatez
Grimau eta bere senarra Pablo Navarro jakitun ziren istorio honetaz, baina kasualitatez heldu ziren pasa den ostegunean Tolosara, birraitonaren jaioterrira. «Alaba Londresen dago boluntariotza lanean, eta bisitatzera joan ginen. Nik, gainera, konferentzia batean parte hartu behar nuen, Bartzelonan. Ondoren, Valentziara joateko asmoa genuen, baina denboralearen eraginez, bertan behera utzi genuen bidaia. Orduan, Donostiara joateko aprobetxatu genuen», azaldu du. Pasa den ostegunean izan ziren Tolosan. «Andre Maria eliza ikusteko aukera izan dugu, eta Brianek, bisitaren gidariak, esan digu litekeena dela gure birraitona bertan bataiatua izatea. Argazkia egin dugu bertan».
Argentinarrak azpimarratu du euskal herritarrak «oso atseginak eta maitagarriak» iruditu zaizkiela. «Nire amak atsegin du bidaiatzea eta hona egun batzuk igarotzera etortzeko aholkatu diot; ziur etorriko dela». Amaitzeko, Grimauk adierazi du ez duela uste Euskal Herrian hurruneko seniderik dutenik. «Akaso, artikulu hau irakurri ondoren, bakarren bat agertu daiteke, eta hori, benetan interesgarria litzateke».