Etorkizuneko San Esteban auzorako irizpide, helburu eta aukerak, ikusgai

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko aza. 12a, 19:59

Herritarrak, San Esteban auzoko proiektuaren panelak ikusten, Zerkausian. Argazkia: Tolosako Udala

Herritarren aurrean informazio saioak egin ostean, Zerkausian ikusgai egongo da informazioa. Bi antolamendu aukera aurkeztu ditu udalak.

Tolosako Udalak herritarren aurrean aurkeztu ditu etorkizunera begira San Esteban auzoari lotutako asmoak, baita Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko urratsen xehetasunak ere. Aurrerakin dokumentua eta Hasierako Dokumentu Estrategikoa (Ingurumen txostena) osatu ditu lantalde-teknikoak, eta landutako guztia bi hilabetez jendaurrean izango da. Hain zuzen, Zerkausian ikusgai dago informazio guztia jasotzen duen erakusketa, baita udaleko webgunean eta UDATEn ere. Azken asteotan, herritarrei irekitako bi informazio-saio ere egin dira, eta udal ordezkari eta teknikariek proiektuaren lerro nagusiak azaldu dituzte.

2009an, Tolosako Hiri Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) onartu zuen udalak. San Estebanen, zehazki 1.011 etxebizitza aurreikusten zituen planak. 2013ko parte hartze saioetan bizilagunekin adostutako helburuak eta azken urteetan egindako plan eta azterlanak oinarri hartuta, eremuko aldaketa puntualaren Diagnostiko eta Aurrerakinaren idazketa martxan jarri zuen udalak 2019an. Beste hainbat azterketa ere sartu dira prozesu horretan: ikuspegi sozio-demografikoa, ikuspegi juridikoa, arkitektura-ikuspegia eta ondarea; eta ingurumen-ikuspegia eta eragin sektorialak. 2022an, berriz, San Estebango HAPOren berrikuspenak eta etorkizuneko plangintzak abiapuntu izango dituzten oinarrizko irizpideak finkatu ziren, bai bizigune berriari, baita gaur egungo auzoari dagozkionak ere.

Solairu bat baino gehiagoko aparkalekua

Etxebizitza kopuruarena da irizpide nagusienetako bat. Aurreko agintaldian, 650era jaitsi zen aurreikusitako zifra; baina, bizilagunen iritzia entzun eta kontutan hartuta, egungo udal gobernuak kopuru hori 450 etxebizitza ingurura jaistea erabaki zuen. Honako hauek dira gainerako bederatzi irizpideak: 

  • Ingurumen harresi berdea: berdeguneak eta horietatik ibilbideak egitea. Horrekin batera, langunearekin trantsizio bat egin nahi da. 
  • Elosegi parkera sarbidea: egungoaz gain, beste sarbide bat egitea da asmoa.
  • Egungo auzoa: nagusiki, gaur egungo auzoko etxebizitzak mantentzea.
  • Ferialekua: leku berean mantentzea, hura behar bezala egokituta.
  • Plaza: gaur egungo auzoa eta etorkizunekoak lotuko dituen hiri plaza baten sorrera, bi eremuak erabat bananduta gera ez daitezen.
  • Aparkaleku berrien sorrera: errepide alboko aparkalekuez gain, solairu bat baina gehiagoko eraikin bat egitea aurreikusten da.
  • Berdeguneak: berriak sortu eta daudenak batzea
  • Erabilera publikoko ekipamenduen sorrera eta erabilera nahasketa: bulegoak, saltokientzako lokalak, zerbitzuak… 
  • Trenaren azpiko pasabidea handitzea: trenbideaz bestalde Batxiller Zaldibia kalera daramaten bi pasabide daude, eta horiek batu eta oinezko pasabide seguru bat egokitu ahal izatea da irizpidea. Adibide bat: Donostiako Justizia Jauregiaren eta tren geltokiaren arteko pasabidea.

Bi antolamendu aukera

Irizpide horiek guztiak kontutan hartuta, ordenazio-aukera bat baino gehiago landu izan ditu lantalde teknikoak. Bizilagunekin egindako parte hartze prozesuaren ostean, bi dira aurrera egin duten aukerak. 

Bi aukeretan ardatz nagusi bat sortzen da Ferialekuari paraleloan, eta aparkaleku eraikin bat antolatzen da Ferialekuari jarraian. Plaza espazio bat sortzen da gaur egungo etxebizitzen, Zuberoa auzunearen eta etxebizitza berrien artean, eta behe oinean ekipamendu erabilera ematen zaio gertukoena den etxebizitza eraikinari. Bide historikoa mantentzen da, eta landa-gunerako trantsizioa errespetatzen da. Gainerakoan, bien arteko alde nagusiena, Bonberenea da.

3.1. aukera: Bonberenea gaur egun dagoen tokian mantentzen da, egungo legedia eta eskakizun teknikoak betetzeko egokituta, eta plaza bat antolatzen da bere inguruan.

3.2. aukera: Bonberenea eraitsi eta musika-areto erabilera duen eraikin berri bat eraikitzea proposatzen da, zirkua dagoen gunearen inguruan. Bonberenea dagoen tokian, etxebizitzak egingo lirateke.

Horrez gain, aukeretako bakoitzak bi bariazio ditu: aukeretako batean, etxebizitza eraikinen altuera guztiak berdinak dira. Bestean hirigunetik gertuago dauden eraikinak altuagoak dira, eta baxuagoak landa-gunera gerturatu ahala.

Etxebizitzak eta Bonberenea

Batik bat bi irizpidetan jarri du azpimarra udal gobernuak: etxebizitza kopuruan eta Bonberenearen etorkizunean. Etxebizitza kopuruari dagokionez, eta parte hartze saioetan bizilagunek egindako eskariari erantzunez, 450 ingurura jaitsi da kopurua, herri mailako irizpideak eta bizilagunen eskaerak ahal bezain bateragarri izan zitezen. «Gainerako auzoetan egingo liratekeenak gehituta, ia 1.000 etxebizitza berri eraikiko lirateke Tolosan. Horri etxe hutsak gehitu behar zaizkio, 250 inguru. Gutxi gorabehera, 2.000-3.000 pertsonaz ari gara hizketan. Tolosak, ordea, ezin du populazioa esponentzialki hazi. Orografia mugatua izateaz gain, zerbitzuak eskaini behar ditugu, eta gure mugak ditugu», esan du Ander Figuerido hirigintza zinegotziak

Inguruko herrietan beste eragin batzuk ere sortzen dituela nabarmendu du zinegotziak. «Azken urteetan Tolosako biztanleria igo da, eta eskualdeko herri txikietan jaitsi. Tolosan ere gertatzen da fenomeno hori: Alde Zaharra husten ari da, eta berriagoak diren eremuak betetzen. Oreka bat behar dugu. Etxebizitza beharra dago eta, bai, eraiki behar da, baina tamainan, eta herri eta eskualde mailan oreka bat bilatuta. Etxebizitza hutsak merkaturatzeari ere lehentasuna eman behar diogu», azaldu du Figueridok.

Bonbereneari dagokionez, berriz, zinegotziak azaldu du udal gobernuak bertan mantentzea jasotzen duen aukeraren alde egingo duela. Era berean, argitu du bi aukera landu direla, aurrerakin dokumentu batek aukera ezberdinak jaso behar dituelako. «Parte hartze prozesu guztian zehar aldagai hori hor izan da. Dena den, argi utzi nahiko nuke udal gobernuaren apustua dela Bonberenea bertan mantentzea. Bi hamarkada baina gehiagoko ibilbidea du, eta kultur esparruan erreferentzialtasun handia lortu du. Eskaintza handia ematen dio, Tolosari, Tolosaldeari eta Euskal Herriari».

Iritzia emateko aukera

Dagoeneko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Organoari ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-agiria eskatu dio udalak. Horrez gain, bide ezberdinetatik jasotako iradokizunak txosten batean jaso, eta HAPOaren Aldaketa Puntuala idazteko oinarri izango diren irizpide eta helburuak osatzeko eta egokitzeko erabiliko dira. Irizpide eta helburu hauek herritarren parte hartze prozesuaren hirugarren fasean aurkeztuko dituzte eta, ondoren, udalbatzak onartu beharko ditu.

Proiektuaren inguruan ekarpenen bat egin nahi duen orok horretarako aukera izango du: Liburu Zuria deiturikoa eskura dago Udaten, eta abenduaren 31 arte egongo da bertan. Kutxa bat ere utzi da, saioetan banatutako inkesta beteta aurkeztu nahi duen edonorentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!