ELKARRIZKETA

«Sariak baino gehiago egindako lanaren aitortzak eman dit poza»

Jon Miranda Labaien 2024ko aza. 15a, 07:58

Eva Garmendia Beristain jostuna. J.M.

AEBetako Houstonen urtero egiten duten International Quilt Festivalen lehenengo saria eskuratu du patchwork piktoriko txikien kategorian Eva Garmendia Beristainek. Portugalgo Mafrako liburutegi baten irudiarekin sortu du oihala.

Emeterio Arrese kalean du joskintza lantegia Eva Garmendia Beristainek (Tolosa, 1973) eta bertan eskaintzen ditu tailerrak. Patchworkaren teknika erakusten dihardu azkeneko 11 urtetan.

Hitz gutxitan nola azalduko zenuke zer den patchwork teknika?

Josteko teknika bat da, oihalezko piezak diseinu handiago batean jostean datzana. Pixkana zabaltzen ari da hemen Euskal Herrian, baina hemendik gertu, Errioxan ohitura handia dute. Almazuela izenarekin ezagutzen dira han.

Nondik dator joskintza teknika hau?

Egipton eta Asia inguruan topatu izan dituzte lehenengo piezak. Patchworkarekin egindako burusiez bildutako hilotzak aurkitu izan dituzte. Handik Europa aldera mugitzen joan zen eta Ameriketara iristerakoan lortu zuen arrakastarik handiena. Han emakumezkoek teknika hau erabiltzen zuten etxeko arropak konpontzeko. Jaiotzaren bat izaten zenean edo ezkontzetan, adibidez, tapakiak prestatzen zituzten euren bizitzako hainbat txatalekin.

Zer-nolako oihalak erabiltzen dituzue zuen lanak egiteko?

Oihalak kotoizkoak izaten dira normalean eta kalitate handikoak. Garai batean etxean soberan zeuden txatalak erabiltzen zituzten, baina orain, lan artistikoetarako, saiatzen gara ahalik eta kalitate handieneko oihalak ekartzen. Amerikarrak eta japoniarrak izaten dira guk erabiltzen ditugunak. Japoniatik oihal bilbatuak ekartzen dira aspaldi honetan; bereziak izaten dira, askotan alderantzikagarriak, eta euskal jantzietarako asko erabiltzen dituzte orain.

Josi, eskuz edo makinaz?

Bitara. Teknika honetan trebatzeko hasieran komeni da eskuz jostea, metodo tradizionala ikasteko. Gero pasatzen gara josteko makinara. Dena den, norberak erabakitzen du zein modu egiten zaion erosoen.

Zer-nolako lanak egin daitezke patchwork teknika erabilita?

Edozer gauza osatu daiteke. Mantak, poltsak, gortinetarako aplikazioak eta baita lan artistikoak ere. Asko aldatu da patchwork teknika azkeneko urteetan eta orain lan artistiko asko egiten da. 

Zuek egiten dituzue patroiak?

Patroiak eginda egoten dira, baina guk ere diseinatzen ditugu. Ikasleei egin nahi duten lanaren araberako patroiak sortzen dizkiegu.

Zer-nolako motiboak erabiltzen dira normalean?

Patchworka gehienbat geometrikoa da, eta oso garrantzitsua da koloreen konbinazioa. Artistikoan ere askotariko motiboak sortu daitezke: paisaiak, pertsonaiak edota lan abstraktuak. Norberaren sormena azaltzen da lan horietan, margolaritzan gertatzen den bezala.

Zuk zer-nolako lanak lantzen dituzu gehienbat?

Paisaiak eta horrelakoak asko gustatu izan zaizkit baina arkitekturarekin lotutakoekin ari naiz azkenaldian; perspektibarekin jolastea gustatzen zait eta detaile askoko oihalak diseinatzea. Horretarako marrazketa ere dominatu behar da. Badut Donostiako Kursaaleko kubo txikia irudikatzen duen patchwork lan bat. Sei hilabete eman nituen oihal horrekin.

«Arkitekturarekin lotutakoekin ari naiz azkenaldian, perspektibarekin jolastea gustatzen zait»

AEBetan egin duten International Quilt Festival lehiaketan lehen saria eskuratu duzu. Zein lanekin?

Argazki batean oinarrituta dago. Metro eta erdi luzeran eta metro bat du altueran. Inoiz egin dudan handiena da. Mafrako (Portugal) liburutegi bat ageri da atzealdean eta lehen planoan liburu bat ikus daiteke atril batean. Jinny Beyer patchworkaren munduan irakasle eta erreferente izan den emakumearen liburu bat da. Omenaldi bat egin nahi izan diot keinu horrekin. Gainera, Sitgesen (Herrialde Katalanak) egiten duten nazioarteko beste lehiaketa batean ezagutu ahal izan nuen Beyer eta mantendu dut harekin harremana. Oso pertsona umila eta jatorra da. 

Eskuinean, Portugalgo Mafrako liburutegiarekin osatutako patchwork lan saritua. ATARIA

Zer suposatu du zuretzat sari hau irabazteak?

Poz handia. Houstoneko txapelketarako zure lan bat aukeratze hutsa nahikoa sari izaten da, mundu osoko onenak hautatzen baitituzte lehiatzeko. Lan bakoitzak atzetik duen lana baloratzen dute, baita nola josita dagoen ere. Patchwork piktoriko txikien kategorian irabazi dut lehen saria eta mila dolar eman dizkidate. Zoritxarrez, ez dut AEBetara bidaiatzeko aukera izan. Niretzako lehiaketa hauek izaten dira neure buruari erronka bat jartzeko aitzakia. Hala ere, sariak baino gehiago egindako lanaren aitortzak ematen dit poza. Kontuan hartu bi urte eman ditudala lan hori egiten, detaile asko ditu eta lan handia eskatu dit. Horrelako lanak asteburuetan egiten ditut, lan orduetatik kanpo, eta familiako gorabeherengatik ez da beti posible izaten nahi adina ordu eskaintzea. Orain, saria irabazi duen lanari begiratzen diot, esate baterako, eta gogora datozkit oihal hori egin bitartean izan ditudan bizipen guztiak.

«Bi urte eman ditut [saria lortu duen] lana egiten, detaile asko ditu eta lan handia eskatu dit»

Salgai jartzen al dituzu zure lanak?

Ez. Kariño handia diet egindako lanei eta ez zait behin ere bururatu patchwork lan bat saltzea. Gainera, oso zorrotza naiz neure buruarekin: lanean ari naizen bitartean ondo doala iruditzen zait, baina amaieran beti ikusten diot oihalari zer hobetua. Bukatzen dut eta esaten diot neure buruari «ez da hainbestekoa».

Jendeari gustatzen zaizkio ordea.

Bai. Houstonen saria irabazi duen hori lehenagotik Sitgeseko lehiaketara aurkeztu nuen eta han jendearekin egoteko aukera izan nuen. Eskerrak emateko gerturatu zitzaizkidan, hunkituta. Niretzat hori motibagarria da.

Zer-nolako dohain behar ditu patchworka egiten duenak?

Pazientzia handia. Puska txiki-txiki bat egiteko bi ordu eman ditzakezu, adibidez. Horrekin batera, marrazketa menperatzea garrantzitsua da. Errealismoa lortzeko oihalen konbinaketa egokia egiten jakin behar da.

Hori irakasten saiatzen zarete Karmele mertzerian?

Bai. Mertzeriak 40 urte daramatza zabalik. Nire ahizpak ireki zuen. Gero, lokalaren atzealdean zabaldu genuen guk denda duela 10 urte pasatxo. Oihalak eta horrelakoak saltzen ditugu. Hemen tailerrak eskaintzen ditugu: puntua eta kakorratza erakusten ditu ahizpak, eta nik, patchworka. Tailerrak goiz eta arratsaldez izaten ditugu. Irailetik uztailera arte izaten dira klaseak eta badago jendea gurekin hamarkada bat daramana.

Zein da apuntatzen direnen profila?

Gutxi gorabehera, sei laguneko taldeak izaten dira. 30 urtetik gorakoak izaten dira gehienak, eta denak emakumeak. Oso gutxitan apuntatu izan dira gizonezkoak.

Baloratzen al da teknika hau Euskal Herrian?

Pixkana ari da iristen. Beste herrialde batzuetan fama handia du eta existitzen dira patchworkari eskainitako museoak ere. Hemen, ordea, gastronomia eta horrelakoei balio handiagoa ematen zaie. Baina jendea patchworkarekin badabil, ordea. Hemen Tolosan, adibidez, tailerretan ibiltzen diren ikasleen lanak erakutsi genituen Aranburu Jauregian 2019an. Ea aukera dugun, berriro ere, horrelako gauzaren bat antolatzeko.

«Gauza guztiek bere denbora behar dutela ikasten duzu patchworkari esker»

Zertarako da baliagarria teknika hau?

Presaka bizi gara gaur egun. Ikusten dut ikasleei lasaitzea kostatzen zaiela. «Noiz bukatuko dut» galdera buruan eduki gabe jardutea ez da erraza. Hasterako noiz bukatu pentsatzen aritzen gara, gaur egungo munduan denak behar izaten du momentuan. Patchworkak ematen du aukera patxadaz lan egiteko, gozatuz. Gauza guztiek bere denbora behar dutela ikasten duzu. Patchworkak sormena eta psikomotrizitate fina lantzeko balio du; gainera, taldean aritzeak abantaila asko dakartza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!