Tolosako Udalak, azaroaren 10a, Biktimen Memoria Eguna baliatu du adierazpen instituzionala irakurri eta Pizkundea plazan dagoen oroitarrian lore eskaintza egiteko. «Gure herrian bizikidetza sustatzeko bidean, aldarrikatzen dugu ezinbestekoa dela izan diren giza eskubideen urraketa larrien inguruko memoria transmititzea, eta egia osoa ezagutzea», azpimarratu dute ordezkari politikoek.
Tolosan, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak gertatu direla eta gertatzen direla gogoratu dute: «Batzuk ezagunak, nabarmenak, baina badira bizipen eta egoera isilagoak ere, egunerokotasunari isilean txertatuak, eta gure ingurune hurbilean gordeta daudenak. Azalera ekarri nahi ditugu horiek».
Memoria berreskuratzea lan dinamikoa denez, egiten diren ikerketa berriek egiaren inguruko argi gehiago emango dutela adierazi dute. «12/2016 Legearen harira sorturiko Balorazio Batzordea egiten ari den lanari esker, aurten ere 93 pertsonari biktima-izaera aitortu diote. Ikerketa horri esker, zabaldu egin dezakegu gure herriko giza eskubideen urraketen biktimei buruzko egia».
Biktimen duintasuna berreskuratze horretan, udal ordezkari diren aldetik, badute ardura: «Ahalbidetu egin behar dugu izandako giza eskubideen urraketa guztiak zorrotz eta zehatz ikertzea, eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu biktima guztien erreparaziorako eskubidea bermatzeko. Urrats berriak egin nahi ditugu, zeregin horretan abiatutako bideari jarraipena emateko».
Elkartasuna
Amaitzeko, bizitza, giza duintasuna eta giza eskubideak beste edozein kausa, ideia politiko edo estatu-arrazoiren gainetik egon behar dutela, eta beti errespetatu behar direla nabarmendu dute: «Horrenbeste biktima eragin dituen indarkeria bidegabea izan dela aitortu nahi dugu eta biktima guztiei gure elkartasuna eta hurbiltasuna adieraztearekin batera, egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzen dugu biktima guztientzat».
Horregatik, elkar entzutea eta biktima guztiek izandako min, sufrimendu eta bizipen guztiak aitortzea, gure gizartean eman ziren urruntzeak gainditzeko abiapuntua direla gogoratu dute. «Indarkeria adierazpenak eta giza eskubideen urraketak ez dira inoiz gehiago gure artean gertatu eta justifikatu behar, eta giza eskubideak urratzen dituen ekintza ororen aurka azalduko gara Tolosako udal ordezkariok».
Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna «bide baketsu eta demokratikoetan oinarritzea» eskatu dute, «pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatuz. Horixe da bizikidetza aske eta baketsuaren formula eraikitzaile bakarra».