Lekarozko Erreka gazta urdinak jantzi du txapela

Ataria 2024ko aza. 9a, 14:58

Kortariko Borda ekoizlearen Erreka gazta urdina izendatu dute Euskal Herriko onena Esneki, Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien txapelketaren hirugarren edizioan. 101 gazta eta jogurt aurkeztu dira, eta bost sari bildu dituzte eskualdeko Goine eta Sabekoetxea ekoizleek.

Hirugarren edizioa du aurten Esneki, Euskal Herriko gazta eta esnekien azokak. Gaur goizean 101 gazta eta jogurt dastatu ditu 24 kidek osatutako epaimahaiak eta ebatzi dute Lekarozko (Nafarroa) Kortariko Borda gaztandegiko Erreka gazta urdina dela Euskal Herriko onena. Aurtengo aldian berrikuntza bat ere ekarri du Esnekik: joan den urteko esneki mota guztiez gain, esnea ere saritu dute aurten.

Sari nagusia Nafarroara joan bada ere, eskualdeko ekoizleek ere jaso dute aitortza. Batetik, Goine gaztandegiak bigarren postua lortu du hiru kategoriatan: gazta freskoetan Goine gazta freskoa produktuarekin; gazta laktikoetan Gure gaztarekin; eta pasta bigunetan Gala gaztarekin –iaz kategoria horretako sari nagusia irabazi zuen produktu horrek–. Eta, bestetik, Sabekoetxea ekoizleak beste bina bigarren postu bildu ditu : Beheko jogurta izendatu dute bigarren onena; eta bigarren esne pasteurizatu onena da haren Behieko esnea. Esnea saritzen duten lehenengo urtea da honakoa, eta lehen postua Aritz Eizagirreren Xarrondo esneak lortu du.

Txapeldunen txapelduna, sorpresaz
Irati Usandizaga Kortariko Borda gaztandegiko arduradunak aitortu du «sorpresaz» jaso dutela sari nagusia: «Sorpresa handia izan da. Egiten dugun lanari aitortza da, eta zerbait ondo egiten ari garen seinale izango da». Pozik hitz egin du Usandizagak, gazta urdina «bereziki zaila» dela-eta: «Nahiz eta lan bera egin, urdina guretzat erronka handi bat da. Lan handia eskatzen du: etengabe ikastea eta gauza berriak probatzea».

III. ESNEKI TXAPELKETAKO SARIDUNAK

  • Esneki Sari Nagusia, Euskal Herriko Gazta Onena: Lekarozko (Nafarroa) ERREKA gazta urdina.

Maila bakoitzeko irabazleak:

  • Gazta freskoak
    • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Askibil-en Askibil txuria.
  • Gazta laktikoak
    • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Askibil-en Auntzai Leuna.
  • Pasta bigunak
    • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Iztuetaren Muu...Ka.
  • Gazta urdinak
    • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Kortariko Borda-ren Erreka.
  • Behi-gazta onduak
    • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Pirineki-ren Patxakarri.
    • Esne erosle eta eraldatzailea: Agour-en Agour behia.
  • Ardi-gazta onduak
    • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Gomiztegi kooperatibaren Arantzazu.
    • Esne erosle eta eraldatzailea: Agour-en 'Ketua ardia'.
  • Ahuntz-gazta onduak
    • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Moraita-ren Auntzai moraita.
  • Jogurtak
    • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Iztueta-ren Jogurt krematsua.
  • Esne pasteurizatua
    • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Aritz Eizagirreren Xarrondo esnea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!