'Euskal Herriko Emakume Gaztagileak' liburua aurkeztu dute

Ataria 2024ko azaroaren 8a

Aurkezpenarekin hasi dute Esneki Euskal Herriko gazta eta esnekien azokako hirugarren edizioa. Liburuko hainbat irudirekin erakusketa osatu dute eta ikusgai egongo da, bihar, Beotibar frontoian. Argitalpenak Euskal Herriko hamabi gaztagileren bizitza eta lana jasotzen ditu.

Queseras vascas - Euskal Herriko Emakume Gaztagileak liburua aurkeztu dute Beotibar frontoian. Argitalpena elkarlanean ondu dute Joseba Urretavizcaya argazkilariak eta Fernando Hualde historialariak, eta Euskal Herriko hainbat eremutako 12 gaztagileren bizitza eta lana jasotzen ditu. Aurkezpena izan da Esnekiko, Euskal Herriko gazta eta esnekien azokako, hirugarren edizioko lehen jarduera.

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak nabarmendu du proiektua «baliagarria» izan dela emakumeen rola ikustarazteko: «Gizartearen esparru askotan emakumeek izan duten rola ezkutuagoa izan da historikoki; honakoa errealitate horren beste adibide bat da. Gaztagintzan eta, oro har, lehen sektorean, funtsezkoak izan dira eta liburuak ahalegin hori ikusgarri egin, aitortu eta balioesteko aukera ematen digu. Tolosako Udaletik ere norabide horretan jarraituko dugu».

Hari berari tiraka, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gaineratu du «ezinbesteko rola» dutela emakumeek Euskal Herriko landa inguruneetan «baserrietan eta etxeetan egiten duten lanagatik».

Eta, zentzu berean, Fernando Hualdek historialariak aipatu du «omenaldi bat» dela argitalpena: «Liburu hau euren ahalegin guztiarekin gazta euskal produktu bihurtzeaz gain, gure nortasunaren eta historia kolektiboaren parte bizi egin duten emakumeei egindako omenaldia da».

Lanaren agertoki
Proiektua elkarlanean gauzatu dute Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailarekin eta HAZIren laguntzarekin eta Xibarit argitaletxeak eraman du paperera. Hortik harago, liburuko hainbat irudirekin erakusketa osatu dute eta ikusgai egongo da, bihar, Beotibar frontoian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!