Hainbat jarduera, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira

Ataria 2024ko aza. 8a, 16:00

Pasa den urtean eginiko manifestazioaren une bat.

Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak eta Andragora Emakumeen Etxeak antolatuta, hitzaldiak, filmak, bakarrizketa eta manifestazioa izango dira.

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte, elkarlanean, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak. Genero indarkeriaren aurkako hausnarketa eta ekintza kolektiboa sustatzeko helburuarekin, bi hitzaldi, hiru zine emanaldi, bakarrizketa bat eta manifestazioa izango dira.

Egitarauaren barruko lehen jarduera hurrengo asteazkenean, azaroaren 13an, izango da. Florencia Brizuela Gonzalez ikertzaileak Zer da intersekzionalitatea? hitzaldia emango du. Generoa, etnia, klase edota orientazio sexuala, elkar lotuta daudela eta eraikiak direla azpimarratzen duen ikuspegiaz ariko da.

Azaroaren 21ean, 23an eta 25ean bi film ikusi ahalko dira Leidor aretoan, jatorrizko bertsioan. Lehen egunean, Shayda filma emango dute. Australian bizi den eta indarkeria jasan duen emakume iraniar baten istorioa kontatzen du. Senarrarengandik banandu eta gero, indarkeria jasan duten emakumeentzako harrera zentro bat izango dute babesleku, berak eta sei urteko alabak.

Hurrengo bi egunetan, berriz, Soy Nevenka filma izango da ikusgai. Nevenka Fernandez, Espainian politikaren arloan jazarpen sexuala publikoki salatu zuen lehen emakumearen istorioa kontatzen du.

Azaroaren 25ean, hau da, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean bertan, manifestazioa egingo da, mugimendu feministak deituta, genero-indarkeria mota guztiak gaitzesteko eta biktimei elkartasuna adierazteko. Trianguloa plazatik abiatuta egingo da, Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean.

Hurrengo egunean, azaroaren 26an, Macarena Mugica Urbistondo Iruleko abokatuak Soilik Bai da Bai Legeari buruzko hitzaldia eskainiko du, Andragora Emakumeen Etxean askatasun sexuala babesten duen 10/2022 Lege Organikoa xehetasunez aztertzeko.

Egitarauari amaiera emateko, abenduaren 18an Irantzu Varela komunikatzaileak Manólogo bakarrizketa eskainiko du Topic aretoan. Munduak indarkeria, misoginia eta maskulinitatea gurtzen dituen bitartean, bakearekiko eta maitasunarekiko asperdura izango ditu hizpide, umoretik. Sarrerak 10 euroko salneurria izango du, eta Topic-eko webgunean eta leihatilan bertan daude eskuragarri.

EGITARAUA

  • Azaroak 13. Zer da intersekzionalitatea? hitzaldia, 
Florencia Brizuela Gonzalez ikertzailearekin, gazteleraz. Udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan.
  • Azaroak 21. Shayda
 filma. Leidor aretoan, 20:30ean.
  • Azaroak 23. Soy Nevenka
 filma. Leidor aretoan, 19:30ean.
  • Azaroak 25. Soy Nevenka
 filma. Leidor aretoan, 19:00etan.
  • Azaroak 25. Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean, manifestazioa. Tringuloa plazatik, 19:00etan abiatuta.
  • Azaroak 26. Macarena Mugica Urbistondoren (
Irule abokatuak) hitzaldia, gazteleraz: La ley del sólo sí es sí. Ley Orgánica 10/2022, de 6 de septiembre, de garantía integral de la libertad sexual. Andragora Emakumeen Etxean, 18:00etan.
  • Abenduak 18. Irantzu Varelaren Manólogo
 umorezko bakarrizketa, gazteleraz. Topic-en, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!