Frankismoan errepresioa jasan zuten emakumeen historia berreskuratuko du Tolosako Udalak

Ataria 2024ko azaroaren 7a

Tolosako Udaleko alderdi guztietako udal ordezkariek lore eskaintza egin dute.

Aranzadi Zientzia Elkarteak egingo du ikerketa, eta Bizikidetza Sustatzen zikloaren barruan emango dituzte azalpenak; zikloak beste hiru hitzordu izango ditu, motibazio politikoko indarkeria mota ezberdinak eta bizikidetza hizpide.

Memoriaren eguna izango da igandean, hilaren 10ean. Hori dela eta, lore eskaintza egin dute Tolosako Udaleko alderdi guztietako udal ordezkariek, gaur eguerdian, biktima mota guztien omenez.

Egun horren testuinguruan, motibazio politikoko indarkeria mota ezberdinak eta bizikidetza hizpide dituen hitzordu ziklo bat antolatu du udaleko bizikidetza batzordeak. Biktima guztiek jasandako nahigabea eta urraketak errespetu berdinarekin tratatzea eta Tolosan giza eskubideen urraketak jasan dituzten guztientzat egia, justizia, aitortza eta erreparazioa sustatzea dira bizikidetza batzordearen helburu nagusiak, baita ziklo honenak ere. 

Lau hitzordu izango dira aurtengo Bizikidetza Sustatzen zikloan. Lehena, hurrengo asteartean, azaroaren 12an izango da eta 1936tik 1978ra Tolosan giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten emakumeen historia landuko da. Bigarrena, abenduaren 11n izango da, eta Gesto dokumentala emango dute. Hirugarren hitzordua urtarrilaren 15ean izango da, eta kasu horretan  ere dokumental bat izango da ikusgai: Indarkeriaren Oi(h)artzunak. Laugarren eta azken hitzordua, urtarrilaren 28an izango da eta Nork hil zuen Begoña Urroz? hitzaldia izango da.

Horrez gain, ziklotik kanpo, beste dokumental bat ikusteko aukera ere izango da, Euskal Herriarekin lotura zuzena ez duen beste indarkeria mota bat azaleratzen duena. Abenduaren 12an izango da, Leidor aretoan, 20:30ean, eta kasu horretan, Mediha dokumentala izango da ikusgai. ISISen gatibu izan ostean, etxera itzuli berri den nerabe yazidi bat da Mediha. Kamera berari begira jartzen du, bere trauma prozesatzeko, erreskate taldeak desagertutako senideen bila ari diren bitartean. Dokumentalaren ostean, solasaldia izango da Donostiako Amnistia Internacionaleko kide batekin.

Errepresaliatutako emakumeak 

1936tik 1978ra Tolosan giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten emakumeen historia ahanzturatik berreskuratzen hasiko da Aranzadi Zientzia Elkartea, ikerketa historikoaren bidez, Tolosako Udalak bultzatuta. 

Gerra eta diktadura frankistako lehen ikerketak, batik bat, bataila handietan eta liderren historiaren kontakizunetan oinarritu ziren. Hala eta guztiz ere, zenbait emakumek gerran eta kartzeletan bizi izandakoak jaso zituzten 70eko eta 80ko hamarkadetan, beren bizipenetan oinarritutako liburuak idatziz. Gutxi gora behera duela hamarkada bat hasi ziren frankismo garaian espezializatutako ikerlariak emakumeek 1936-1978 bitartean izandako papera eta jasandakoa ikertzen, metodologia zientifikoaren bidez eta genero ikuspegia aplikatuz. 

Ikerketa-proiektu honetan 1936-1978 bitartean emakumeek jasandakoa modu zehatz eta objektibo batean jasoko da, emakume tolosar haiei guztiei izen-abizenak jarrita: errepresio sexuatua (ile mozketak, bortxaketak…), kartzela, erbeste behartua, gerra kontseiluak… 

Horretarako herritarrek aukera izango dute halakoen berri eman edo kontsultaren bat egiteko: izuloaga@aranzadi.eus helbidera idatziz edo 943 46 61 42 deitu eta Ione Zuloaga historialariarengatik galdetuz.
Azaroaren 12ko saioan, ikerketaren nondik norakoak azalduko ditu ikerketa hori gauzatuko duen Ione Zuloaga Aranzadiko historialariak eta, segidan, Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean (1936-1945) hitzaldia eskainiko du.

Gesto mugimendua

Gesto 30 urtez Euskal Herrian bakearen alde eta indarkeriaren aurka lan egin zuen euskal bakezaletasunaren mugimenduaren ibilbidean oinarritutako ikus-entzunezkoa da. Bakearen Aldeko Koordinakundeko protagonistek iraganeko irudien bidez, erakundearen oinarriak, ekintzak eta printzipio etikoak errepasatzen ditu. Abenduaren 11n dokumentala izango da ikusgai Leidor aretoan, eta ondoren solasaldia izango da, Gesto por la paz-eko kide batekin eta Xuban Intxaustirekin.

'Indarkeriaren Oi(h)artzunak'

ETAk familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egia eta justizia bilatzeari ekin dio. Tamarak, aurrez aurre, familiaren tragedia kontatzen du: iraultza zerga, ETAko komando batek 17 egunez egindako bahiketa, familiaren ondorengo desegituraketa, estatuko makineriaren jazarpena, presio politikoa, epaiketa, aitaren eta amaren atxiloketa, torturak, hilketa... Baina baita egiarako bidea ere, elkarrizketa gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa aitortzea eta erabiltzea. Urtarrilaren 15ean izango da dokumentala ikusgai Leidor aretoan, eta ondoren solasaldia izango da, Ander Iriarte zuzendariarekin eta Amaia Merinorekin.

Begoña Urrozen kasua

Begoña Urroz 20 hilabeteko haurra ETAren lehen biktima izan zenaren hipotesia zabaldua zegoen. Donostian izan zen atentatua, 1960an. Ikerketek erakutsi zuten moduan, ordea, ez zegoen ETA izan zela baieztatzeko daturik. Ainhoa Oiartzabal kazetariak 2011ko otsailaren 20an Berria egunkarian argitaratutako Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportaje zabalean gaia sakon aztertu zuen. Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso zuen Oiartzabalek lan horrengatik. Bada, zikloko laugarren saioan, urtarrilaren 28an, Ainhoa Oiartzabalen eta Martxelo Otamendiren artean landuko dute gaia, udaletxeko batzar aretoan.

EGITARAUA

  • Azaroak 12: Frankismoak errepresaliatutako emakumeak Tolosan 1936-1978 hitzaldia. Udaletxeko batzar aretoan, 18:30ean. Hizlaria: 
Ione Zuloaga Muxika Aranzadi Zientzia Elkarteko Ikerlaria.
  • Abenduak 11: Gesto dokumentala. Leidor aretoan, 19:30ean. 
Ondoren, solasaldia: Gesto por la paz-eko kide bat eta Xuban Intxausti.
  • Urtarrilak 15: Indarkeriaren Oi(h)artzunak dokumentala. Leidor aretoan, 19:30ean. Ondoren, solasaldia: Ander Iriarte zuzendaria eta Amaia Merino.
  • Urtarrilak 28: Nork hil zuen Begoña Urroz? hitzaldia eta elkarrizketa, 18:30ean udaletxeko batzar aretoan
: 
Ainhoa Oiartzabal eta Martxelo Otamendi.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!