Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Hitzarmena berrituko dute Usabalen

Ataria 2024ko aza. 6a, 11:59

ELA sindikatuko ordezkariak eta Kirolzer enpresako langileak, hitzarmenarekin. ELA sindikatua

ELA eta Kirolzer akordio batera heldu dira, erosahalmena bermatzeko eta kategorien arteko soldata desberdintasunak txikitzeko.

ELA sindikatuak eta Usabal kiroldegia kudeatzen duen Kirolzer enpresako langileek hitzarmen berri bat sinatu dute, 2020-2026 indarraldia izango duena. «Gatazka luze eta korapilatsu bati amaiera eman dio. Gatazka hiru puntutan zegoen korapilatuta: soldatak, kategoriak eta klaseen prestakuntza lanordu bezala aitortzea. Akordioak, hiru puntu horiei erantzuten die», azaldu du sindikatuak.

ELAk azpimarratu du hitzarmenak erosahalmena bermatzen duela, eta kategorien arteko soldata desberdintasunak murrizten dituela; kategoria baxuenean dauden garbitzaileen soldatak adostutako igoera orokorraren gainetik egongo dira, %2,6 gehiago. Bestalde, klase prestakuntza orduak arautzen ditu, baita postu batzuetako kategoriak berrantolatu ere.

ELAk esan duenez, «akordioa ez zen posible izango udalak 2022tik indarrean zegoen kontratua atzera bota eta kontratu berria atera ez balu». Kontratu aldaketak eta, ondorioz, emandako enpresa aldaketak –BPXportetik Kirolzerrera–, «egoera desblokeatu eta akordioa ahalbidetu» duela adierazi dute. «Argi dago administrazioak borondatea badu posible dela indarrean dauden kontratuak apurtu eta kontratu berriak ateratzea».

Halaber, langileek erakutsitako indarra eta elkartasuna nabarmendu ditu sindikatuak: «Argi geratu da borroka kolektiboaren ondorioz erabaki politikoak alda daitezkeela; bestela esanda, borondate politikoa egonez gero, langileen baldintzak hobetzeko beharrezkoa dena egin daitekeela. Langileak oso pozik daude lortutako hobekuntzekin eta egindako ibilbidearekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!