2023. urtean Irristaka taldeak lehen aldiz Kluben Arteko Liga Nazionalean parte hartu zuenetik, bi igoera erreskadan gauzatzea lortu du. «Proiektu hau martxan jarri genuenean; gure helburu nagusia patinajeaz gozatzea zen, eta ahal izan ezkero emaitza onak lortzea ere bai. Hirugarren mailatik lehen mailarako saltoa hain azkar ematea berri pozgarria izan da guretzat, eta datorren urtean estatu mailan dauden patinatzaile honenekin lehiatzea ohore bat izango da», azaldu du Aitor Vacas taldeko patinatzaile eta entrenatzaile arabarrak.
Tolosako taldetik, Aitor Vacas gasteiztarraz gain, Ximon Villalobos lasartearra, eta Julen eta Jon Urkizar anaia tolosarrak aritu dira parte hartzen ligan. Lehen mailan lehiatzen duten taldeak aldiz, sei eta hamar patinatzailez osatutako taldeak dira. «Lehen mailako taldeek esprinterrak eta iraupen luzeko patinatzaileak izateaz gain, ezaugarri ezberdinak dituzten espezialistez eta munduko txapeldun izatea lortu duten korrikalariez osaturik daude. Gu talde txikia izanik, badakigu zaila izango dela mailari eustea, baina ahaleginduko gara datozen urteetan goran mantentzen». Zortzi egunetan banatutako lau jardunaldi jokatu beharko dituzte datorren denboraldian lehen mailan; pista, zirkuitu eta indoor artean banaturik.
Harrobiak garrantzia handia izango du
Irristaka taldeak etorkizunean lorpenak izaten jarraitu nahi badu, harrobiko gazteak ondo trebatzea eta lehen taldera iristea ezinbestekoa izango dela esan du Vacasek. «Gazte guztien artean 50 patinatzaile inguru ditugu taldean, eta 13 urtetik gora hasten dira abiadura esparrua lantzen. Gure asmoa, gure harrobiko patinatzaileak senior taldeko dinamikan sartu eta lehen mailan lehiatzeko maila izatera iristea da, horrela errazagoa izango zaigu finkatuta ditugun helburuak erdiestea». Irristaka taldeko gazteek, astean birritan entrenatzen dute Tolosako Uzturpe frontoian, eta ahal dutenean ere kanpora irteten dira errepidean entrenatu ahal izateko.
Aitor Vacas Gipuzkoa osoan zehar aritzen da patinaje ikastaroak ematen; Orion, Legazpin, Zarautzen eta Zumarragan besteak beste. Gipuzkoako patinajea egoera «osasuntsuan» ikusten duela aitortu du Vacasek, geroz eta ume gehiago animatzen bai dira kirol hau probatzen. «Patinajearekin gorputzeko atal gehienak lantzeaz gain, kirol inklusiboa ere badela ziurtatu dezaket, eta umeak ilusioarekin etortzen dira patinajeaz gozatzera».
Baliabide gutxi dituen taldea
Harrobiko gazteek bezala, abiadura taldeak ere Uzturpe frontoian egiten ditu bere entrenamenduak. Liga nazionalean eta Espainiar estatuko txapelketetan lehiatzen duten talde guztiek, entrenatzeko beraien instalazio espezifikoak dituztela esan du Vacasek, eta beraiek berriz, errepide edo bidegorri batean egite dituzte lan saioak. «Goi mailako taldeek 200 metrotako pista espezifikoak eta zirkuituak dituzte eskuragarri. Gure kasuan, ahal duguna egiten dugu dugu daukagunarekin, eta ala eta guztiz ere, zorte handia daukagu iritsi garen lekura helduta».
Irristaka taldekoen hurrengo erronka, igandean Behobiako lasterketa izango da. Vacasek Behobiako lasterketa irabazita badu ere, pasaden urteko «arantza» kendu nahi duela aitortu du, izan ere, azken metroetan ihes egin baitzion garaipenak.