Uztailaren amaieran esleitu zituen Tolosako Udalak herriko bost haur parke berritu eta bi kalistenia gune sortzeko lanak. Lan horietako batzuk dagoeneko burutu dira, eta beste biren kasuan, ondorengo asteetan abiatuko dira.
Ostegunean zabaldu zuten Emeterio Arrese parkea, moketazko zorua kendu eta material sintetikokoa jarri eta gero. Aurreko zorua kentzean, parkeko elementu batzuen euskarriak eta soka batzuk egoera txarrean zeudela ikusi zuten, eta horiek aldatzeko ere baliatu dute obra. Horrek eragin du eraberritze lanen luzapena.
Samaniego ikastetxearen kasuan, Haur Hezkuntzako eraikinaren ekialdeko zelaigunean egin dute parkea, 6 urte arteko haurrentzat, elementu naturalak erabilita. Irailean amaitu zituzten lanak, eta dagoeneko ikasleek erabiltzen dute.
Aldaba auzoan, berriz, aurrez zegoen parkeak ez zituen segurtasun irizpideak betetzen, eta denbora batez parkerik gabe egon dira auzotarrak. Dagoeneko zabalik da eraberritutako jolastokia. 8 urte arteko haurrei zuzenduta dago eta diseinu inklusiboa du.
Haur parkeez gain, bi kalistenia gune sortu dituzte; Tolosan horrelako eremuak sortzen dituzten lehen aldia da. Bata, Norvegiarren Lorategietan jarri dute eta, bestea, Zumardiaundian, Gurpilgunearen ondoan. Indar ariketak egiteko hiruna ekipamendu ditu gune bakoitzak: paralelak, barra eta eskailera.
Aisialdirako guneak
Ondorengo asteetan bi auzotan abiatuko dituzte lanak. Larrramendi auzoan, aisialdirako bi gune berri sortuko dituzte: kirol anitzeko espazio bat eta mahai teniseko eta teqball-eko mahaiekin osatuko den beste eremu bat. Iurreamendi auzoan ere aisialdirako gune bat sortuko dute egun haur parkea dagoen plazaren beste aldean: mahai teniseko, teqball-eko eta kanpoko jokoetako mahaiak (partxisa, xakea) jarri eta zoruan jolasak margotuko dituzte. Parkearen zoladura ere berrituko dute.
Argazkiak: Tolosako Udala